Martxanteren mozioa bere egin zuen EH Bilduk, Palestinako herria bizitzen ari den genozidioa lehenbailehen geratu eta Israelen inpunitatearekin amaitzeko: "Uste dugu Martxanteren mozioan argi eta garbi hitz egiten dela, gauzei bere izenarekin deitzen zaiela. Hori da gizartea eskatzen ari dena; horren adierazle da atzoko [domekako] Donostiako protesta", dio EH Bilduko eledun Maite Usabiagak.
Europar Batasunak Israelekin duen harreman oro etetea ere ezinbestekoa dela uste du EH Bilduk: "Giza-eskubideak etengabe ari dira urratzen eta hori oinarrizko arrazoi bat da Europar Batasunak Israelekin harremanak eten ditzan; harreman mota guztiak, komertzialak eta bereziki armekin zerikusia dutenak".
EAJren eta PSE-EEren irakurketa
EAJ, bestalde, abstenitu egin zen Martxanteren mozioaren aurrean eta nahiago izan zuten jeltzaleek beste testu bat aurkeztea, sozialistekin batera adostutakoa. Honako hau adierazi zuen EAJko Mikel Letek udalbatzaren aurrean: "Erabateko gaitzespena agertu nahi dugu talde bezala Israelek Gazaren aurka erakutsitako indarkeria krudel eta masiboaren aurrean. Baita ere erabat gaitzesten dugu Hamasek urriaren 7an Israelen aurka burututako atentatua. Nazioarteko komunitateari exijitzen diogu Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan esku hartu dezala, Gazako biztanleria jasaten ari den indarkeria geldiaraziko duen su-etena bultzatuz".
Alderdi sozialistako Alberto Alonsok adierazi zuen PSOE "argi eta garbi2 ari dela berba egiten gertakari larri horien inguruan: "Guk ez duguna egin behar da oztopatu edo kontra bozkatu elkartasuna aldarrikatzen duen edozein testu edo mozioren kontra. Egia da herriko elkarte batek aurkeztu izanagatik ez dugula izan denborarik edo aukerarik denok eroso egongo ginatekeen testu bat adosteko. Hala ere, ez genuen uste bidezkoa zenik kontra bozkatzea eta horregatik abstenitu egin gara [...]. Espainiako Gobernuak eskatu du Israelekin indarrean dauden akordioak berrikusi edo Israelekin harremanak apurtu beharra dagoela, nahiz eta hori Europar Batasunaren esku dagoen. Bestalde, gaur bertan nazioarteko politikarako maila goreneko ordezkari sozialista espainiarrak, Josep Borrellek, Israeli leporatu dio gosea ere gerrarako arma moduan erabiltzea. Eta, gainera, Pedro Sanchezek aurreratu du ekimena jarriko duela martxan diputatuen kongresuan Palestian estatu moduan errekonozitu dadin.
EH Bilduk EAJren eta alderdi sozialistaren mozioaren kontra bozkatu zuen, gizarteak agintariei testu horretan jasotzen diren konpromisoak baino harago joatea eskatzen dietela argudiatuta.
Agorrosin kiroldegiko hobekuntzak aho batez
Gainera, atzoko bilkuran aho batez onartu zen Agorronsigo kiroldegiko fitness gunean eta pisu libreen gelan "hainbat hobekuntza" egiteko tramitea. Guztira, 230.000 euroko lanak izango dira, eta aipatutako guneetarako ekipamenduaren erosketara zein mantenura bideratuko dira. Honako lan hauek egingo dituzte: fitness gela ekipatzeko kirol materiala erostea, eta lehen bost 5 urterako mantenua kontratatzea; pisu librerako gela ekipatzeko kirol materiala hornitzea indar lan eraginkorra eta entrenamendu funtzionala egin ahal izateko eta lehenengo bost bost urterako mantenua kontratatzea; eta pisu libreko gelan egun dagoen lurraren gainean, planteatutako erabilera egin ahal izateko zoru aproposa jartzea.
Udal Gobernuko ordezkariek honela baloratu dute erabakia: "2007. urtean ireki zen Agorrosingo ekintza gune berritua, eta ordutik hona kirol praktikak izan duen bilakaerak eraman gaitu fitnesserako gela bakar izatetik bi gela izatera: bat fitness gela deitzen duguna eta bestea pisu libreen gela. Gaur da eguna aipatu gela horiek erabilera handia dutela eta Bergarako Udalak erabaki du, zerbitzua hobetu nahian, fitnessa praktikatzeko gelen horien ekipamendua berritzea. Apustu ekonomiko garrantzitsua da, baina kirol jarduera sustatu nahi dugu herrian, eta, horretarako, instalazioak baldintza duinetan egotea bermatu behar dugu"