Apezetxea eta Zubizarreta nagusi Soraluce lau eta erdiko txapelketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mar. 13a, 14:49

Atzo jokatu zituzten, Bergarako udal pilotalekuan, Soraluce lau eta erdiko pilota txapelketako finalak. Promes mailan, Beñat Apezetxeak 22-11 hartu zuen mendean Oihan Etxeberria eta nagusien mailan, ordea, Beñat Zubizarreta 22-13 gailendu zitzaion Oier Hormaetxeri. Martitzen iluntzea izateko, zale askotxo hurbildu ziren munizipalera.

Soraluce lau eta erdiko pilota txapelketa finalak jokatu ziren atzo iluntzean udal pilotalekuan, promes eta nagusien mailan. Lehen finala promes mailakoa izan zen Oiartzungo Oiarpe taldeko Oihan Etxeberriaren eta Goizuetako Umore ona taldeko Beñat Apezetxearen artean.

Apezetxea 22-11 Etxeberria

Apezetxeak hobeto hasi zuen finala eta abantaila esanguratsua hartu zuen sakeari esker baina Oihan Etxeberria saiatu zen Apezetxearen garaipena ahalik eta gehien konplikatzen; lan erdiak egin ahal izan zituen bakarrik, Apezetxeak 11 tantotan utzi zuen-eta. "Partiduan sartzea kostatu egin zaio Oihani [Etxeberria] eta horregatik abantaila polita lortu dut. Gero, partiduan sartu eta asko sakatzen hasi denean, tanto mordoxka bat egin dit, 10-14 jartzeraino. Gero berriz hartu dut nik sakea eta azken txanpan min handia egin diot; hortxe joan da partidua nire aldera. Txapela eskaini nahi diet egunerokoan laguntzen didaten senitartekoei eta lagunei".

Zubizarreta 22-13 Hormaetxe

Nagusien mailan, Lezamako pilota taldeko Oier Hormaetxe eta Lazkaoko Lapke taldeko Beñat Zubizarreta aritu ziren nor baino nor gehiago. Zubizarreta aritu zen hobeto partidua orokorrean hartuta eta merezimenduz gailendu zitzaion Hormaetxeri, 22-13. Hormaetxek egin zituen jaialdiko tantorik ederrenak baina Zubizarreta izan zen erregularragoa. Hala ere, aitortu zuen ez zela final erosoa izan: "Nahiko deseroso egon naiz partiduan zehar. Hasieran abantaila polita lortu dut, uste dut sakearekin asmatu dudala, baina Oierrek [Hormaetxe] sakea hartu duenean min handia egin dit. Partiduaren erdialdean berriro lortu dut tanto batzuk nahiko jarraian egitea eta hor erabaki da finala. Jokoan zehar beti aurrera egiten zidan Oierrek eta horrek deseroso egotera eraman nau. Hala ere, defentsako lan nahiko ona egin dut eta hori izan da beste gakoetako bat. Gaurko [atzoko] partiduarekin ez naiz oso gustura geratu baina txapelketarekin oro har pozik nago. Txapela beti nire atzean daudenei eskaini nahi diet, bereziki familiari eta lagunei".

Maila altua eta harrera ona

Txapelketari zor, pilotariek maila altua erakutsi zuten eta kaiolan ohikoa denez tanto gehienak motzak bezain biziak izan ziren. Horren erakusle da promes mailako finalak 35 minutu iraun zuela eta nagusien mailakoak, berriz, 33 minutu. Emozio handirik ez zen izan txapela nork irabaziko baina martitzen baterako frontoiak zuen itxurarekin harro egon daiteke Bergara Kirol Elkarteko Pilota Saila. "Finalak aintzat hartuta zazpi jaialdi izan ditugu eta pare baten beharbada ikusle gutxi egon badira ere Realak jokatzen zuelako baina bereziki finalean harmailak oso itxuroso egon dira. Oso pozik gaude". Aranburuk gaineratu duenez txapelketan parte hartu duten pilotari guztiek erakutsi dute maila ona eta antolakuntzatik bereziki ekarri nahi izan dituzten pilotariek konpromisoa erakutsi dute Soraluce lau eta erdikoan parte hartzeko. Dioenez, maila hori mantentzeak eta ikusleen aldetik izan duen harrerak indarra ematen die txapelketa berezi hau antolatzen jarraitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak