Epele zabortegia ixteko proposamena egingo du Debagoieneko Mankomunitateak

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mar. 12a, 14:45

Debagoieneko Mankomunitatean agerraldia egin zuten, atzo, astelehena, Dorleta Elkorobarrutiak Mankomunitateko Lehendakariak,  Xabier Igartuak, Mankomunitateko Lehendakariordeak eta Gorka Artolak, Mankomuniateko Ogasun Batzordeburuak. Bertan azaldu zuten Epele zabortegia berriz ez irekitzeko proposamena egingo duela Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak, ingurumen zerbitzu teknikoak egindako txostenak jasotako arrazoiak aintzat hartuta.

Elkorobarrutiak azaldu zuenez Debagoieneko Mankomunitateak bi ikerketa geotekniko egin zituen 2002an eta 2023 urteetan, zabortegiaren egonkortasun egoera zein zen jakiteko. Bi ikerketa horiek gaur egungo egoera geoteknikoa; eta zabortegia berriz ireki eta hondakinen gelaxka guztiak betez gero izango litzatekeen balizko egoera geoteknikoa, aztertu dituztela azaldu zuen. Hau da Epeleko zabortegiak ez lituzke baldintza geoteknikoak beteko berriz zabaldu eta hondakin gehiago jaso ahal izateko.

Itxieraren arrazoiak

"Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen Zerbitzuari txosten teknikoa egiteko eskaera egin zitzaion Epele zabortegiak berriro irekitzeko baldintzak betetzen ote zituen jakiteko. Txostenaren arabera, zabortegiak ez ditu berriz irekitzeko baldintza teknikoak betetzen, ondorengo arrazoiak medio:

2022 eta 2023. urteetan, Debagoieneko Mankomunitateak bi ikerketa geotekniko egin zituen zabortegiaren egonkortasun egoera zein zen jakiteko. Bi ikerketa horiek honako azterketak egin dituzte: gaur egungo egoera geoteknikoa, batetik; eta zabortegia berriz ireki eta hondakinen gelaxka guztiak betez gero izango litzatekeen balizko egoera geoteknikoa, bestetik.

Lan horiek bi fasetan burutu ziren: lehenengo fasean egindako lanen ondorioz, zabortegiaren azpiko materialen karakterizazio geoteknikoan sakondu beharra zegoela ondorioztatu zen. Horrela, bigarren fasean egindako zundaketa geologikoen bidez lortutako datu enpirikoak erabiliaz, kalkulatu beharreko segurtasun faktoreak errealitatera doitu ziren. Azterketa geotekniko hauen azken emaitzek agerian uzten dute, zabortegiak ez dituela Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritako gutxieneko segurtasun faktore geoteknikoak betetzen. Hau da Epeleko zabortegiak ez lituzke baldintza geoteknikoak beteko berriz zabaldu eta hondakin gehiago jaso ahal izateko.

Zabortegia berriro irekitzeko saiakera egingo balitz, mugimendu geotekniko esanguratsuak egonez gero, soluziobide konplexuak eta garestiak izango liratekeela ebatzi du txosten teknikoak: egonkortasun geoteknikoa bermatzeko aukera bakarra zabortegitik hondakinak ateratzea izango litzateke.

Horretaz gain, lurrazpiko galeriaren egoera dela eta, iazko martxoaren bukaeran mankomunitateko zerbitzu teknikoak Epele zabortegiaren azpitik doan ur garbien galeriaren inguruko txosten tekniko bat aurkeztu zieten orduko arduradun politikoei. Txosten honetan galeria honen egoera kaxkarra deskribatzen zen eta zabortegiaren balizko berrirekierako sor zitzakeen ondorio kaltegarriak (tekniko zein ekonomikoak) azaltzen ziren.

Hirugarren arrazoia zelda zaharraren azpiko inpermeabilizazio eza da. 1993. urtean zabortegia martxan jarri zenetik berau arautzen duten araubideak asko aldatu eta gogortu dira. Ondorioz, testuinguru honetan, zabortegia eraiki zenean ez zen hondakinak jasotzeko zeldaren azpi aldea hainbat geruza sintetikorekin inpermeabilizatu beharrik izan. Horren ordez, urgarbien galeriaren gainean 1,5 m inguruko lodiera duten betetze lurrak kokatu ziren.

Lur hauek obrako soberakinak zirenez, ikuspuntu geologiko batetik, iragazkortasun maila altua zuten material buztintsua (nagusiki lutitak) ziren; eta, ondorioz, zabortegiaren inpermeabilizazio lanetarako nahiko egokiak lirateke. Horrela, betetze lur hauek, neurri handi batean, EPELE zabortegia berriz irekiz gero, zabortegiko lixibatuak ur garbien galeriara eta terreno naturalera filtratzea ekidingo lukete; baina ez lukete gaur egungo inpermeabilizazio sistemen eraginkortasun bera izango ezta IBB-k dioena beteko ere.

Azkenik, lurrazpiko urak drainatzeko sistemaren efizientzia gradualki murriztuz doa. Honek ondorio kaltegarriak sortzen ditu zabortegian, lurrazpiko urak zabortegiaren kanal perimetraletik atera beharrean zabortegian sartzen baitira, bere egonkortasuna kaltetuz eta lixibiatu bolumena handituz".

Itxiera ondorengo lanak

Debagoieneko Mankomunitateak Epele zabortegia berriro ez irekitzearen erabakiak hainbat prozedura ondorio izango ditu eskualdean. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak zabortegia berrirekitzeko 2021ean emandako dirulaguntza bueltatu beharko du. Bestalde, zigilatze lanak egiteko prozedura lanak martxan jarriko ditu Debagoieneko Mankomunitateak.

Erabakia hilaren 21ean

Aste honetan bilduko da Mankomunitateko Ingurumen Batzordea, eta Epele ixteko erabaki proposamena egingo dio Debagoieneko Mankomunitateko Juntari. Ordezkarien bilkura martxoaren 21ean egingo da eta orduan hartuko da behin betiko erabakia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak