"Eskertuta eta hunkituta" jaso du Jose Mari Esparzak Monzon-Ganuza saria

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mar. 8a, 11:36

Jose Mari Esparza idazle eta editore tafallarrak "eskertuta eta hunkituta" jaso zuen atzo Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak banatzen duten Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria.

Ekitaldiaren aurretik hainbat izan ziren Esparza agurtu nahi izan zuten herritarrak eta ordezkari politikoak eta Seminarixoa goraino bete zen ordubete inguru iraun zuen ekitaldi hunkigarrirako.

Hiru arrazoi saria onartzeko

Atzoko protagonistak aitortu zuen saria jasoko zuela esan ziotenean sustoa hartu zuela eta, behin ezustekoa gaindituta, hiru arrazoi eman zituen saria onartzeko: "Lehenengoa, oroitu nintzelako nire herriko tipo xelebre batek, tabernako filosofo horietakoa zen Juanjo Jauregik, esaten zuenaz: 'No te hagas el humilde, que no eres tan importante'. Bigarrena, oroitu nintzelako baita ere Woody Allenek sari famatu bat eman ziotenean esandakoaz: 'Ez dut, inolaz ere, sari hau merezi izan, baina daukadan minbizia ere ez dut merezi. Beraz, bata bestearen truke'. Baina hirugarren arrazoia da garrantzitsuena. Zorionez, Euskal Herrian bada jende asko Utopia saria merezi dutenak, Euskal Herriaren alde guztia eman dutelako eta gure herria bizirik mantendu dutelako. Zenbat gizon eta emazte ez dira izan herri honetan utopiaren alde amesten, borrokatzen, dena ematen? Zenbat preso eta hildako? Zenbat Itziarren seme? Zenbat langile, sortzaile, mila mugimendutako militante oraindik ere kartzelan edo atzerrian beti Euskal Herria helburu bizitza osoa emanik? Ni haiendako bitartekari bezala hartu eta saria haientzat izatea nahi nuen".

Esnaola eta Artolaren esker on hitzak

Olaso Dorreko patronatuko kide Irati Jimenezek gidatutako ekitaldian, Esparza igo aurretik Bergarako alkate Gorka Artolak eta Olaso Dorrea Fundazioko Iratxe Esnaolak hartu zuten hitza. Artolak, Bergarako zientzia eta akademia tradizioa gogora ekarriz, ezagutzaren herrian Euskal Herriari buruz hainbeste jakintza metatu eta kondentsatu duen Esparza hartzea ohore handia dela aipatu eta Euskal Herriko memoria bildu, landu eta zabaldu duenari dion miresmena adierazi zuen.

Esnaolak Esparzaren ibilbidea goratu zuen, euskararen eta batasunaren alde egin duen lanaren balioa nabarmendu eta katedratikoek eta juristek kontatzen ez dutena 20 urtez siderurgian aritu zen langile batek kontatu zuela gogora ekarri zuen, agenda eta bizitza militante baten jabe, belaunaldi militante baten sinbolo izan dena. Txalaparta argitaletxeko zuzendari, editore eta 30 liburu baino gehiago idatzi dituen Esparzaren ekarpena gogoratu eta aitortu zuen.

Esparza kantuan, senitartekoekin batera. Argazkia: Bergarako Udala.

Kantuan, senitartekoen laguntzaz

Ekitaldiko unerik hunkigarrienetako bat bizi izan zen Esparzaren interbentzio amaieran bere bi semeak eta biloba igo zirenean Monzon Pastoraleko pieza bat abestera.

Esparzak Gala Knörr artista gasteiztarraren He was the adventurer artelana jaso zuen eta Fermin Balentzia abeslari nafarrak ere hartu zuen parte ekitaldian, Si canta Tafalla, canta Euskal Herria abestia areto guztira zabalduz.

Ekitaldiarekin amaitzeko, Alaiberri taldearen eta txistularien laguntzaz, ikusle guztiak zutitu eta Gernikako arbola ereserkia kantatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak