Bigarren agintaldiari ekin dio Bergara alkate bezala Gorka Artolak (Bergara, 1989), eta, asteon Goiena telebistako Harira saioan aitortu duenez, "bizia" ari da izaten agintaldi berriaren hasiera: "Taldeko kide berriak sekulako indarrarekin sartu dira; hamarretik sei berriak dira, eta tarte bat behar izan dute egokitzeko, baina lanerako oso dinamika ona sortu dugu".
Egiteko modu berrien "beharra"
Agintaldiko planari dagokionez, "etorkizuna imajinaziotik eta herri izaeratik" eraiki behar dela sinetsita dago Artola: "Erronka oso handiak ditugu aurretik eta kontziente gara Udaletik gure kabuz bakarrik eta orain arte egiteko moduekin ez garela gai izango erronka horiei aurre egiteko. Badaroagu denbora bat esaten modu berritzaileak eta imajinaziozkoak beharko ditugula arazo askori irtenbidea emateko. Horren adibide da agintaldiko planean jasotzen ditugun bost helburuetako bat diren arnasguneak, oso modu zabalean ulertuta; espazioez harago ere sortu ditzakegu toki, erakunde edo taldeak izan daitezkeenak hainbat arlotarako. Agintaldiko planean zehazten ditugun bost helburuetara heltzeko bidea nahitaez egin beharko dugu beste eragile batzuekin. Orain arteko eskemak apurtu egin beharko ditugu".
Arnasguneak, euskara, zaintza eta bakardadea, etxebizitza eta komertzioa eta alde zaharra dira bost helburu horiek: "Gobernuko hamar zinegotziok kalera irten ginen hainbat herritarrekin elkarrizketak izateko, eta hortik abiatu genuen agintaldiko plana".
Barrenkalea eta plaza, 2026rako
Inbertsioetara etorrita, San Martin plaza eta Barrenkalea berritzeko proiektua azpimarratu du alkateak: "Proiektu hau lotuta dago erabat komertzioa eta alde zaharra biziberritzeko helburuarekin. Ez da kasualitatea plazaren eta Barrenkalearen berritzea planteatzea orain, alde zaharra suspertzea estrategiko ikusten badugu baditugulako aurrez egin beharreko etxerako lanak; horregatik, agintaldi hasieran ekingo diogu obra horri, agintaldiko bigarren partean ekimenak antolatu ditzagun; Bidekurutzetako esku-hartzea aurrerago etorri beharko litzateke". Artolak aurreratu du urte bukaeran hasiko direla plazako eta Barrenkaleko lanak: "2024ko bukaeran hasi eta 2026ko udarako bukatu nahiko genuke obra".
"Martokoa berriro urbanizatzeko lanak 2024ko amaieran hasteko itxaropena dugu"
Martokoan ere aurten hastea
Martokoa berriro urbanizatzeari dagokionez, alkateak txalotu egin du bizilagunek ekimen pribatuaren bidez "sekulako aurrerapausoak" eman izana azken urteetan: "Asko berritu dute ingurua, eta orain, eremu publikoan esku hartzea falta da. Duela bi agintaldi, EAJk eman zituen lehen pausoak, eta guk aurreko agintaldian ere aztertu genituen aukera ezberdinak bizilagunekin batera. Aurreproiektuen artean bat onetsi zen eta, proiektu horren idazketa fasean gaude orain; oinezkoendako espazioak irabaziko ditugu eta aparkalekuak ordenatu egingo ditugu". Aparkalekuak galdu egingo direla aurreikusten denez, San Antonio aldera doan errepidean aparkalekuak irabaziko dituzte: "Proiektuaren idazketa espero baino gehiago luzatzen ari da, baina espero dugu datozen asteetan amaitzea eta bizilagunekin azken aldiz kontrastatzea. Obrak 2024ko bukaeran hasteko itxaropena dugu".
Arrizuriagari "erabilera zabala"
Arrizuriaga kultura ekipamendu bihurtzeko asmoa "prozesu luzea" izaten ari dela aitortu du Artolak: "Eraikina oso egoera kaskarrean zegoen, eta lehen fasean egonkortzea izan zen helburua. Bigarren fasean, lehen solairua eta sotoa konpontzeko lanetan ari dira, eta hirugarren esleipen batean, bigarren eta hirugarren solairua berrituko dira. Kultura ekipamenduaz gain, Emakume Etxea joango da bertan eta espero dugu 2025ean zehar martxan egotea. Aurretik egin genuen parte hartze prozesu bat eta orain beste lanketa bat egingo dugu erabilerari eta kudeaketari dagokionez, eraikina prest dagoenerako amaitu nahi duguna. Argi dugu eraikin hori irekia izango dela; ez dela inorena izango eta denona izango dela, aldi berean. Ez da gure asmoa espazio fisiko zehatz bat talde zehatz bati bideratzea, baizik eta askoz ere erabilera zabalago eta askeagoa ematea".
Elementala, "oso aurreratuta"
Miguel Altuna zaharraren zati bat Udalaren jabetzara pasatzeko prozesua "oso aurreratuta" dagoela dio Artolak: "2002tik datorren hitzarmenean jasota dago bi eraikinetako bat, frontoiaren aldera doana, etxebizitzak egitera bideratzea; etxebizitza libreak jasotzen dira hitzarmenean. Beste eraikina jasoko luke Udalak, eta horren erabilera definitu gabe dago, baina zerbitzuetara bideratu ahalko litzateke. Mahai gainean dagoen ideietako bat da liburutegia egongo lekutik atera eta hara bideratzea, baina ez dago ezer zehaztuta".
"Elementaleko zati batean liburutegia egokitzea da mahai gainean dagoen ideietako bat"
Mugikortasuna, plan orokorrean
Mugikortasun planik ez dago, Artolaren arabera, "diagnostiko oker batetik" abiatu zelako. "Lur azpiko parkinga justifikatzeko egin zen diagnostiko hori, eta zaharkituta zegoen. Mugikortasuna plan orokorrean txertatuko dugu; teknikariak hasita daude lan horretan ere".
Agorrosin, Ipintza eta tasak
Artolak dio Agorrosin kiroldegiari igartzen zaiola 17 urte dituela: "Mantentzearekin eta inbertsio txikiekin jarraituko dugu; gimnasioko ekipamendua eta zorua berritzea eta Ipintzako belar artifiziala aldatzea, kasu. Belarra udan aldatzen saiatuko gara". Agorrosin futbol zelaiko bigarren eta hirugarren faseek "kostu ekonomiko oso handia" dutenez, ez dituzte aurtengo lehentasunetan sartu.
Agorrosinekin jarraituz, kostuen gorakadagatik tasak igo izana "ezinbestean" hartu beharreko neurria izan zela dio alkateak, eta "injustua" deritzo kanpoko erabiltzaileei tasa gehigarri bat ezartzearen aurkako epaiari: "Epaile batek erabaki zuen prezio bera zehaztu behar zaiela bergararrei eta kanpokoei, eta ordenantza fiskalak aldatu egin behar izan genituen, baina ez zait justua iruditzen. Bergararrek hartzen dute euren kargu kanpotik datozenen kostuaren zati bat, eta hori ez da guztiz bidezkoa".