Ikusmin handia piztu zuen martitzenean Jardun euskara elkarteak Udalaren eta Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzaz antolatu zuen Bergarako sinboloez jabetzen izeneko hitzaldiak; txiki geratu zen Olaso Dorreko areto nagusia. Iaz Antzuolako armarriaren alardea liburua idatzi zuen Patxi Olabarria antzuolarrak, Dekolonizatu Bergara taldeko Luciana Alfarok eta Izar Odriozolak eta Ibai Sanzek hartu zuten hitza.
"Meloi inportantea ireki dugu"
Gaiaren inguruko debatea zabaltzea izanik hitzaldiaren helburu nagusia, Dekolonizatu Bergara taldekoak pozik daude "jende asko" gerturatu zelako Olaso Dorrera: "Ez genuen pentsatzen horrenbeste jende etorriko zenik, inondik inora. Meloi inportantea zabaldu dugu, hori zen batez ere nahi genuena".
Dekolonizatu Bergara taldekoek ez zuten espero halako harrerarik, "inondik inora"
Horrez gain, Dekolonizatu Bergara taldeko Luciana Alfarok uste du halako espazio gehiago sortu beharko liratekeela: "Egiten ari garena erakutsi nahi izan dugu. Militantziatik, batetik, Bergarako Ernai eta Dekolonizatu Bergara taldekook bezala; baina baita ikerketatik ere, Patxi Olabarriak egin duen bezala. Beharrezkoak dira martitzenean sortu genuena moduko espazioak; are gehiago, halako espazio gehiago beharko ditugu etorkizunean. Kontua ez da kale baten izena aldatzea, baizik eta haien sinbologiaz jabetzea eta sinbologia hori zalantzan jartzea. Kontua ez da monolitoa kentzea, baizik eta guretzat, kolektibo moduan, indarkeriaren, espoliazioaren eta sarraskiaren historiaren zati hori aitortzea. Aitortzea, eta ikusaraztea".
Ernai: "Iraingarria da"
Ernairen ustez, "iraingarria" da herriko kale nagusietako batek Iralaren izena eramatea: "Gure herriko kale nagusiaren izena Espainiako inperioaren parte izan den kolonizatzaile eta genozida batena izatea iraingarria da, iraganeko eta egungo kolonizazioaren biktimentzat".
Hizkuntza ere sinbolo bezala
Patxi Olabarriaren arabera, Antzuolako eta Bergarako historiak lotura estua dute eta Alardearen gaineko libururako ikertzen ari zela Bergararekin zerikusia duten hainbat kontu deskubritu zituen: "Bergara hitza agertzen den lehen dokumentua, 1.000 urtetik gora atzera eginda, B-rekin ageri zen eta ez V-rekin. Besteak beste, hori ere bada sinbolo bat, gure hizkuntzak historian zehar bizi izan duen inposizioaren seinale".
.