Bergarako sinbolo kolonialez gogoeta eragin nahi duen hitzaldia otsailaren 27an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ots. 23a, 14:15

Jardunek 'Bergarako sinboloez jabetzen' hitzaldia antolatu du otsailaren 27rako, Olaso Dorrean (19:00); Dekolonizatu Bergara taldeko Luciana Alfarok eta Izar Odriozolak, Patxi Olabarriak eta Ibai Sanzek egingo dute berba.

Jardun euskara elkarteak, beste eragile batzuekin elkarlanean,  hitzaldi berezia antolatu du otsailaren 27rako, Olaso Dorrean (19:00). Bergarako sinboloez jabetzen izenburua jarri diote saioari, eta lau hizlarik hartuko dute parte: Bergara Dekolonizatu taldeko Luciana Alfarok eta Izar Odriozolak, Patxi Olabarriak eta Ibai Sanzek. Nabarraldek 2023ko azaroan Hernanin antolatutako hitzaldi sorta batetik sortu zen saioa Bergaran antolatzeko ideia, Izar Odriozolaren arabera: "Gipuzkoako armarriaren gaineko saioa izan zen Hernanikoa, batik bat. Solasaldi bat ere izan zen, hainbat herritako prozesuak kontatzeko, sinboloen aldaketekin lotutakoak. Formatua aldatuta Bergarara ekartzea interesgarria iruditu zitzaigun".

Bergarako banderatik hasita

Hala, hilaren 27ko hitzaldiaren helburua da Bergarako sinboloez jabetzea, Antzuolako armarriaren alardea liburua idatzi zuen Patxi Olabarria antzuolarrak zehaztu duenez: "Jabe egiteak bi esanahi ditu, sinboloen esanahiaz konturatzea eta sinbolo horiek geure egitea; bada garaia sinboloen eta haien jatorriari merezi duen garrantzia eman diezaiogun, eta, hala erabakitzen bada, eraldatu ditzagun". Olabarriak, besteak beste, Bergarako bandera izango du hizpide: "Antzuolako eta Bergarako historia oso lotuta daude, eta iaz idatzi nuen libururako lanketan hainbat gauza deskubritu nituen Bergarako sinboloei buruz. Adibidez, Bergararen berri ematen den lehen dokumentuan herriaren izena B hizkiarekin agertzen da, V hizkiarekin izan beharrean. Bestalde, Bergarako banderan Borgoinako gurutzea dago, Vox alderdi ultraeskuindarrak sustatutako Sanchezen kontrako azken protestetan askotan agertu izan den sinboloa".

"Gogoeta" eragin nahi

Odriozolak gaineratu du "gogoeta" eragin nahi dutela: "Bergarako sinbolo kolonialak seinalatu eta horien inguruan hausnarketa kritikoa sustatu nahi dugu. Sinboloak eta tradizioak hor daude, eta zalantzan jarri ezean bere horretan jarraituko dute urte luzez. Sinboloak kalearen parte naturaltzat jotzen dira; askotan, galdetu ere ez dugu egiten harri zati batean zizelkatutakoa zer den. Iralaren monolitoa da horren adibide. Epikotasuna gehitzen zaio sinboloen kontakizunari, eta interesatzen den kontakizun bakarra agertzen da. Nahi edo ez, gure historiaren parte da iragan kolonoa, eta garrantzitsua da sinbolo horiekin zer egin galdetzea: identifikatzen gaituzte? Eraitsi egin behar dira ezer gertatu ez balitz bezala, edo zapalduaren kontakizuna erantsi behar diegu?". 

Bergarako bandera, San Martin eta Irala izango dituzte berbagai, besteak beste

San Martin eta Martinez de Irala

Odriozolak aurreratu duenez, batez ere San Martin Agirreren eta Domingo Martinez de Iralaren inguruan dagoen sinbologiaz eta tradizioaz jardungo dute: "Tradizioaren pisua zalantzan jarri nahi dugu; sinbologiak indartzean botere-harreman batzuk sortzen dira, eta kosta egiten zaigu horiez kontziente izatea". Otsailaren 27ko hitzaldia ez da Dekolonizatu Bergara taldearen lehen ekintza bi pertsonaia historiko horien gaineko hausnarketa eragiteko; 2023ko San Martin jaietako helduen danborradaren testuinguruan pankarta bat jarri zuten San Martin plazan, Tanborrada bai. Estanpa zertarako? mezuarekin, eta 2023ko urriaren 12an Fraiskozuri plazako Iralaren monolitoa estali eta "ekitaldi antikoloniala" egin zuten.

Odriozolak dio halako aldaketek "prozesu luzea" eskatu ohi dutela: "Gai horren inguruko interesa duen jendea aurkitu ahala pentsatuko dugu zer egin, baina gure helburua da sinbolo kolonial horien gaineko hausnarketa zabaltzen joatea, prozesu luzea baita aldaketak gertatzearena. Agian, ez dugu aldaketa guk ikusiko, jakin badakigulako sinbologiak eta tradizioak denbora behar dutela aldatzeko, baina aldaketen lurra ereiten joan behar da noizbait errealak izan daitezen". Hitzaldira joateko dei egin du Odriozolak: "Ea ideia interesgarriak irteten diren!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak