Pozik jaso dute saria Robotak taldeko lau kideek. "Ez genuen espero, eta oso pozik gaude", azaldu du taldeko kide Maren Azkaratek. Mariaren Lagundia ikastolako ikasleak bertaratu dira gaur eguerdian Laboratorium museoan egin den sari banaketa ekitaldira. Ainhoa Lete zinegotziak egin die harrera. Egindako lana eskertu die eta proiektuaren helburuak azaldu dizkie: emakume zientzialarien erreferente historikoei balioa ematea, bokazioak sustatzea eta genero-arrakala ixten laguntzea. Bost lan jaso dituzte aurtengo lehiaketan. "Bideo oso onak aurkeztu dituzue, eta horregatik zaila izan da irabazle bat aukeratzea. Zorionak guztiei", esan du Letek.
Elizabeth Blackburn-i buruzko lana
Elizabeth Helen Blackburn zientzialariaren inguruan Robotak taldeak egindako lanak jaso du saria aurten. Estatubatuar hiritartasuna duen biokimikari australiarra da Blackburn, eta 2009an Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen Carol Greider eta Jack W. Szostak-ekin batera telomeroak sortzen dituzten telomerasa entzima aurkitzeagatik.
Minbizia zelulak modu ez kontrolatuan bikoizten direnean eta hauek beste ehun eta zelulak beraien onurarako kaltetzen dituztenean sortzen da. Zelula hauek etengabe bikoiztu ahal izateko, telomeroen luzera egonkor mantendu behar dute bikoizketa-seneszentzian ez sartzeko. Hain zuzen ere, giza minbizi gehienak telomerasa entzima aktibatzen duten geneen mutazioekin dute lotura handia.
"Asko ikasi dugu eta oso harro gaude jaso dugun sari honekin", adierazi dute ikasle sarituek. "Ez genuen Elizabeth Blackburn ezagutzen, eta orain bai".
Saritutako bideoa ikusgai dago Laboratorium museoaren Youtube kanalean.