Musika eskolako zuzendari Marije Ugaldek zehaztu duenez, 1983-1984 ikasturtean ireki zituzten ateak. "Bergararrei heziketa musikala eskaintzeko helburuz jaio zen baina 40 urte hauetan harago joan gara. 40 urte hauetan kultur eragile eta ekintzaile moduan, herrigintzan ere, errotu da eskola gure herrian. Herriko jai, ospakizun, edo ekitaldi kulturaletan eskolako presentzia ezinbestekoa da. Ikasleak batzuetan, irakasleak besteetan. Prestakuntza eta berrikuntza izan dira ardatz gure jardueran eta urteetan zehar espezialitate berriak eskaintzen joan gara, trikitia, panderoa, txalaparta, dultzaina, gitarra eta baxu elektrikoak, konboak... eta azkena, Bergarako Udalak 2014ean egindako proposamenari erantzunez, euskal dantza. Hurrengo proiektua, Fanfarrea sortzea izango da".
Belaunaldien arteko "topagune"
Ugaldek azpimarratu du, besteak beste, eskolako belaunaldi arteko topagune ere badela: "Musika eskolak eskaintzen duen heziketa era guztietako jendeari bideratuta dago. Sexuaren, adinaren, gizarte-egoeraren, ezgaitasunaren eta abarren diskriminaziorik gabe. Musikak dakarren onurak guztiei helarazi nahi dizkiegu. Bergarako Musika Eskola belaunaldi arteko topagune baita".