32. Amodiozko Gutunen Lehiaketako sariak banatu dituzte

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ots. 14a, 20:25

Sara Aranbururentzat izan da lehen saria eta Iosune de Goñik eskuratu du bigarrena. Gazte sariari dagokionez, Aroa Elortza bergararrak eskuratu du eta Eneka Mondragonentzat izan da bergarar onenarena. Parte hartzaile berriaren saria Saioa Etxegiagak irabazi du eta esaldirik onenarena, berriz, Ibon Segura eskoriatzarrak.

32. Amodiozko Gutunen lehiaketako sari banaketa egin dute gaur arratsaldean Bergarako Irizar jauregian, Jardun Euskara Elkarteak antolatuta. 78 gutun eta 49 esaldi jaso dituzte guztira, eta sei lan hautatu dituzte sariak banatzeko.

Sara Aranburu: "Aitzakia ona da hitzekin jolasteko"

Sara Aranburu Lasa 26 urteko ordiziarrarentzat izan da lehenengo saria, 500 eurokoa; euskara irakasle dihardu lanean. Adierazi duenez, "gustura" jasotzen dira horrelako sariak: "Hitzekin jolasteko aitzakia ona izaten da; asko gozatzen dut prozesuan".

Zer izan duzu oinarri kontakizunean?

Igorleak, zure gorputza izenaz sinatzen duenak, auto-irudiarekin, sare sozialen presioarekin, anorexiarekin eta norbera den bezalako izatearekin lotutako sentimenduei buruz hausnartzen du. Debekatuta dagoena egiteko tentaldiaz; sareen sarrez; gorputzarekin dugun harremanaz, imanaz; harekin erlazionatzeko marraz, mugaz; norberaz eta besteren bat Uxue izan daiteken horretaz.

Nork nori idatzitakoa da?

Zure gorputza sinadurak iradokitzen du gutuna gorputzaren beraren ikuspegitik idatzita dagoela, Uxuek bere buruari. Barne hausnarketa bat da, gorputza mezuaren igorletzat pertsonifikatuz. Gutunaren amaieran zure gorputza erabiltzeak lotura emozional eta sakona sinbolizatzen du idazten duen pertsonaren eta bere gorputzaren artean, bere buruarekiko harremanaren garrantzia islatuz.

Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Elikadura, nork bere buruaren zaintza eta korrika egitearen gaiak asko gustatzen zaizkit, norbera maitatzeko modua izan daiteke eta, zure burua mimatzeko era. Ertzek, ordea, ez dute ezer onik ematen eta horri buruz gogoeta egiteko buruketa moduko batean murgildu nintzen. Izan ere, anorexiaren gertuko egoerak pairatu dituztenen lagunei haien kezkak entzuteak, nahiz lagunartean gai hauei buruz hitz egiteak zer kontatua eman dit. Gaia une oro ukitzen ari nintzen eta halako batean heldu egin nion. Idaztea norbera ezagutzeko modu bat izan daiteke, nahiz besteen lekuan jartzeko parada.

Zenbat gutun bidali dituzu?

Sei bidali nituen; a ze husteko gogoa!

Zer ahalbideratzen dute horrelako sari-banaketek?

Horrelako ekitaldiak politak eta interesgarriak izaten dira: zaletasun bera dutenekin elkartu, haiek ezagutu, besteenak entzun... Sare moduko bat sortzen da horrelakoetan, eta gustatzen zaizkit. Bergarako lehiaketan parte hartu izan dut: gustukoa dut gaiagatik, gozozalea naiz, "amodiozko gutunak" badu postrerik, azukre koskorretik; tentagarria niretzat. Are gehiago, eskertzekoak eta txalotzekoak dira honelako ekimenak.

Hartzen al duzu parte beste lehiaketetan?

Tarteka, zerbait kontatzeko barruko harrak hazkura egiten didanean edo amorrazioz nagoenean, klinexen ordez ere orri zuriak erabili izan ditut malkoak lehortzeko. Pipermin apur bat dastatu nahi dudanean ere umorezko malko goriren bat, saltsaren beroan. Institutu garaian irakasleek bultzatuta hasi nintzen eta gustua hartu nion hitzekin jolasteari, dibertigarria da.

Sariarekin zer egingo duzu?

Egia esan, ez dut pentsatu, hori oharkabean joango zait hemendik pixka bat eta hortik beste pixka bat.

Hemen gutuna irakurgai.

Iosune de Goñi: "Etorkizunetik iraganera doan besarkada baten erakoa da eskutitza"

Iosune de Goñi Garcia 30 urteko idazle, argazkilari eta itzultzaile uhartearrarentzat izan da bigarren saria, 250 eurokoa. "Oso pozik" dagoela adierazi du: "Lehiaketara bidali nuen gutuna berezia da eta ilusio handia egin dit sari bat eskuratu dudala jakiteak".

Zeri buruz idatzi duzu saritutako gutun hori?

Eskutitzaren gai nagusia gaixotasuna da. Orain dela bost urte, birus bat hartu, eta oso gaixorik egon nintzen. Nire bizitzaren ardatza osatzen zuten. gauza guztiei uko egin behar izan nien (doktoregoa, harreman sozialak, argazkilaritza, naturarekiko erlazioa...). Asko kostatu zitzaidan erantzunak lortzea, eta momentu horretan sufrimendu fisikoaz gain, oso beldurtuta eta galduta nengoen. Eskutitza gaixotu berri zen Iosune horri idatzi nion eta etorkizunetik iraganera doan besarkada baten modukoa dela pentsatzea gustatzen zaitu.

Bergarako lehiaketan parte hartu eta sariak irabazitakoa sara. Oraindik ere gustuko duzu sariketa hori, ezta? Zergatik?

Egia esan, ez nuen lehiaketara berriz aurkezteko asmorik, baina gutuna idatzi ondoren bidaltzea erabaki nuen; bakarra bidali dut soilik. Hala ere, sariketak oso oroitzapen onak ekartzen dizkit.

Ba al dakizu zer egingo duzun sariarekin?

Nahiko justu ibiltzen naiz diruarekin nire osasun egoera dela eta, eta ezin dudalako pertsona gaitu batek lez lan egin. Beraz, uste dut eguneroko gastuei aurre egiteko erabiliko dudala. Edo, bestela, libururen bat edo argazkiak egiteko karreteak erosiko ditut.

Hemen gutuna irakurgai.

Aroa Elortza: "Zirrara sortu dit gazteek saritzeak"

Gaur egun Herbehereetan bizi den Aroa Elortza Payos 24 urteko bergararraren gutuna saritu du gazte epaimahaiak. 150 euroko saria eskuratuko du. "Beti ematen du poza norbere lanek saria jasotzeak, baina zirrara berezia sortu dit gazteek aukeratutako gutuna nirea izateak, gazteekin konektatzea lortu dudala erakusten baitu horrek".

Zeri buruz idatzi duzu saritutako gutun hori? Nork nori idatzitakoa da?

Duela urte batzuk hil zen aitxitxari, Luis Mariri, idatzi diot gutun hau, baina beste aitxitzaren, Luisen, heriotza oinarri hartuta. Aitxitxa Luis Mari hil zen urtean hartu nuen parte lehenengo aldiz gutun lehiaketan, gutuna berari zuzendu nion; orain, ordea, aitxitxa Luis hil den honetan, gutuna hura gogoratzen idatzi diot berriz ere, heriotza batek bestea berpiztu izan balu bezala. Modu batera edo bestera, bi heriotzak elkartuaz idatzi dut gutuna.

Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Egia esan, gutunean aipatzen dudan moduan, sentimenduak altuan esan ordez, orri zurietan idaztekoa naiz. Horregatik, aitxitxa Luisen heriotzarekin kudeatzeko modu bat egin zitzaidan aitxitxa Luis Mariri idaztea –ironikoa dirudien arren, lagundu zidan heriotza bat bestearekin kateatzeak–. Dena dela, pausaldi bat edo beste egin behar izan nituen esan nahi ez nituen guzti horiek modu txukun eta ordenatuan azaleratzeko. Gai gogorra iruditzen zait idazteko, baina ikasteko balio izan dit.

Gutun bakarra bidali duzu?

Ez, bi bidali nituen aurten. Aurrez idatzitako gutunak karpeta batean pilatzen ditut, pixka bat moldatu eta pare bat edo bidali ohi ditut. Batez ere, hori egiteak nik iraganean idatzitakoak errepasatzea suposatzen duelako, eta gustuko dut ariketa hori; osterantzean, betiko ahaztuta gelditzen baitira nire idazlanen karpeta horretan.

Bergarako lehiaketan parte hartzeko ohiturarik baduzu?

Bai, 2018an hartu nuen parte lehen aldiz. Sariketa berezia iruditzen zait, askotan amodioaren inguruan pentsatzean maitasun erromantikoa etortzen zaigulako burura, baina niretzat, beste esanahi bat hartzen duelako amodioak sariketa honetan. Orokorrean, amodioak irakasten dituen prozesuen inguruan idatzi ohi dut, amodioak berarekin ekar ditzakeen haserrearen eta tristuraren inguruan, edota oroitzapenen inguruan. Ez zait bikote harreman bat edo antzeko zerbait gaitzat hartzea gustatzen helburu honetarako, nahiago baitut amodioa beste ikuspegi batetik landu gutun batean.

Baduzu beste literatura lehiaketatara aurkezteko ohiturarik?

Koldo Eleizalde literatur lehiaketan, adibidez, parte hartu izan dut, eta beste batzuk markatuta ditudan arren, epea gertuegi dagoenean hasten naiz pentsatzen, eta kale egiten dut. Halere, nire helburua sariketetan parte hartzea baino, ozenki esaten ez ditudanak adieraztea da, bereziki gutun eta poesietan. Gaur egun, idazle gazteok lehiaketetan parte hartu ohi dugula iruditzen zait gehienetan, hori baita, neurri batean, gure idazlanak erakusteko modu bakarrenetarikoa, oso zaila baita zerbait argitaratzea. Beraz, lehiaketetan parte hartu gabe, eskertuko nuke nire idazlanak beste batzuekin elkarbanatzeko aukeraren bat izatea, Liberoamerikak Izotzetan Islatuak proiektuarekin egin zuen eran. Proiektu horretan parte hartu nuen.

Sariarekin zer egingo duzun badakizu?

Ez dut ezer berezirik pentsatu, agian faltan botatzen ditudan horiek bisitan joateko hegaldi baterako txartela erosteko erabiliko dut -nire poltsikotik zertxobait gehiago ordaindu ostean, noski, Herbeheretatik Euskal Herrira hegaldiak garesti xamarrak dira eta, kar-kar-kar-.

Hemen gutuna irakurgai.

Eneka Mondragon: "Ezohiko gutun bat da, neure buruari idatzia"

Bergarar onenaren saria eskuratu du Eneka Mondragon Alberdi 16 urteko herritarrak, 150 eurokoa. "Oso pozik nago, baina, egia esanda, ez nuen espero eta sorpresaz harrapatu ninduen sariak".

Zeri idatzi nahi izan diozu gutunean?

Ezohiko gutun bat dela pentsatzen dut. Gutunean neure buruari idazten diot, orain dela hamar urteko nire buruari, hain zuzen ere.

Hasieratik izan al duzu argi gaia?

Bai, hasiera-hasieratik. Niretzako izatea nahi nuen, zerbait pertsonala. Nola idatzi pentsatzen egon naiz denbora gehien: zer hitz, paragrafo, esaldi... Egia esanda, hamar minutuan idatzitako gutuna izan da; inongo esperantzarik gabe. Eskerrak eman nahi dizkiot nire irakasle bati bereziki, bera izan baitzen bultzatu ninduena gutun hau idaztera.

Gutun bakarra bidali al duzu?

Bai.

Ba al daukazu ohiturarik herriko literatura lehiaketetan parte hartzeko?

Txikiagoa nintzenean Bergarako Koldo Eleizalde lehiaketan hartu izan dute parte, baina denbora luzez inon parte hartu gabe egon naiz. Bada, urte batzuen ondoren erabaki nuen amodiozko gutun bat idaztea. Egia esan, lehiaketa hau polita iruditzen zait.

Sariarekin zer egingo duzun badakizu? 

Oraindik ez dut ezer pentsatu, momentuz gorde egingo dut eta aurrerago ikusiko dut zer egin.

Hemen gutuna irakurgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak