Etorkizunari "irudimen komunitariotik" erantzun nahi dion agintaldiko plana aurkeztu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 31a, 15:29

Bergarako Udal Gobernuak agintaldi berrirako planaren aurkezpena egin zuen atzo, urtarrilak 30, Seminarixoan egindako ekitaldi publikoan. Misio bat, bost helburu nagusi eta 36 ekintza edo lan ildo zehaztu dituzte 2027rako eta, planaren garapenerako, "irudimen komunitarioa" ikusten dute "ezinbesteko oinarri" erronka berriei planteamendu berriekin erantzuteko.

Urtarrilaren 22ko ezohiko osoko bilkuran agintaldiko lehen aurrekontuak onartu zituen Bergarako udalbatzak, Udal Gobernuaren proposamenari oposizioak kontra bozkatu ostean, eta lehen aurrekontuak onartu berritan aurkeztu du Gobernuak agintaldi osorako plana izango dena. 2023ko ekainean agintaldi berria martxan jarri eta, diotenez, gutxira irten ziren kalera herritarrekin egotera.

Bergararren kezka, lehentasunak eta zalantzak saiatu ziren biltzen entzute ariketa horretan, herritarrei Bergara nola irudikatzen duten galdetzearekin batera. Informazio bilketa hori uztartu dute Udal barruan dauden askotariko planekin eta aurretik ere gauzatzeke zituzten konpromiso batzuekin.

"Egitura zehatz bat" duen "plan bizia"

Atzo Seminarixoa aretoan egin zuten ekitaldi publikoa plana aurkezteko eta bertan azaldu zuten 2023ko ekainetik abiatutako prozesuan jasotakoa gero Udal Gobernuko kideek teknikariarekin batera landu dutela. Planak, Gorka Artola alkatearen arabera, egitura zehatz bat dauka: "Misio bat, bost helburu nagusi eta 36 ekintza edo lan ildo zehaztu ditugu eta 36 lan ildo horietarako arduradun politikoa, arduradun teknikoa, kronograma bat eta aurrekontu bat aurreikusi dugu. Hori da, hasiera baten, datozen lau urteetarako aurrekontuetarako garatzen saiatuko garena; betiere, kontuan hartuta agintaldi plan bizia dela eta behar berrietara edo berrietara egokitzen eta moldatzen joan beharko garela. Gainera, misioak berak definitzen duen moduan, era komunitarioan eta imajinazioa erabilita etorkizuneko Bergara definitu nahi badugu herritarren ekarpenekin batera joango gara perfilatzen eta berrikusten plana bera".

Plazaren eta Barrenkalearen adibidea

Misiotzat hartu dute etorkizunari imajinazio edo irudimen komunitariotik erantzungo dion Bergara aktibo bat lortzea eta bost helburu nagusiak dira arnasguneak; euskara; zaintza eta bakardadea; etxebizitza; eta komertzioa eta alde zaharra. Hain zuzen ere, komertzioarekin batera alde zaharra berreskuratzea da helburu nagusietako bat eta agintaldi amaierarako asmo horiek errealitate bihurtzeko bidean egoteko lehentasuna eman diote, adibidez, San Martin plaza eta Barrenkalea berritzeari. "Bost helburu nagusietako bat alde zaharra eta herriko komertzioa biziberritzea izanda, ikusten genuen horretarako gure herriko plazak eta Barrenkaleak izan ahal duten eragina nabarmena dela eta pentsatu dugu proiektua hau gauzatzea lehentasun bat dela ondoren eragin ahal izateko plazan eta kale honetan gauzatu ahal diren hainbat egitasmori begira".

Inbertsioei dagokienez, gainera, agintaldiko inbertsio nagusietako bat izango da, obra osoak gutxi gorabehera hiru milioi euro eta erdiko aurrekontua izatea dago-eta aurreikusita. "Aurrekontu onartu berrietan 500.000 euroko partida dago aurreikusita 2024an eta esan genuen osoko bilkuran 2024an, 2025ean eta 2026ean zehar gauzatuko dela. Asmoa da 2024 bukaeran obrak hasteko moduan egotea, betiere planteamendu teknikoaren arabera".

Erronka berriei, "planteamendu berriak"

Misio bat, bost helburu neurgarri eta 36 ekintza zehatz, diotenez, 2027ra arteko lanaren bizkarrezurra izango direnak. Erronka potoloak datozela diote Udal Gobernuak eta horretarako planteamendu berriak ezinbesteko izango direla uste dute. "Esanguratsua da Bergaran sasoi batzuetan garapenaren ikuspegitik izan den erritmo bizia eta horiek denak planteamendu berriak egitetik etorri dira, eta uste dugu badugula gaitasuna herrian eragileek eta norbanakoek, imajinazioa erabilita, gaur egungo erronkei planteamendu berriak egiteko".

"Anbizio handikoa baina egingarria" den plana

Artolaren arabera, "anbizio handikoa baina egingarria" da plan berria eta gogora ekarri zuen pandemiak baldintzatutako aurreko agintaldiko planaren betetze maila %85etik gorakoa izan zela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak