Iaz baino %9 handiagoa, eta inbertsioetarako "urte oparoa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 23a, 15:01

2024rako 33.411.085 euroko aurrekontua onartu zuen atzo Bergarako udalbatzak, 2023koa baino %9 handiagoa eta sei milioi euro inguruko inbertsio gaitasunarekin. Ezohiko bilkura deitu zuten gai bakarra lantzeko eta EH Bilduren proposamenaren aurka bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk.

EH Bilduren Udal Gobernuak azpimarratu zuen 2024a "urte oparoa" izango dela urte luzeetako eskaera batzuei erantzun ahalko zaielako eta beste hainbat proiektu berritzaile martxan jarriko direlako: "Pandemiak eragindako krisi batetik gatoz eta inbertsioetarako izan dugun margena oso txikia izan da. Aurtengo margen honekin aurreko urteetan planteatu ezin izan diren inbertsio garrantzitsu batzuk gauzatzeko aukera izango dugu. Gainera, 2024ko aurrekontuak dira gaur [atzo] onartu ditugunak baina badira inbertsio batzuk epe luzeago bat eskatzen dutenak; agintaldi hasiera da eta esan dezakegu hein handi baten lau urterako begiradan oinarritutako aurrekontuak dira", esan zion GOIENAri EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak.

Bi proiektu mugarri: Barrenkalea eta plaza, eta Martokoa

Hain zuzen ere agintaldi berriko mugarri izango diren bi proiektu azpimarratu zituen Maite Usabiagak, Barrenkalea eta San Martin plaza berritzea eta Martokoa kalea berriro urbanizatzea; bi proiektu horietarako 500.000 euro bideratuko dira 2024an. Horrez gain, beste inbertsio aipagarri batzuk dira, besteak beste, Arrizuriaga jauregiko lanak bukatu eta herritarrei kultura ekipamendu bezala irekitzeko eta bertan Emakume Etxea egokitzeko 750.000 euro; udal eraikinetan energia berriztagarriak ezartzeko eta udal ur-sarea hedatzeko 700.000 euro; autobus geltokitik Eskusarte kalera arteko bidegorriaren hurrengo fasea egiteko 400.000 euro; eta udal frontoiko teilatua eta pareta konpontzeko 350.0000 euro. Eta aurten inbertsio txikiagoak eskatuko dituzten beste proiektu garrantzitsu batzuk ere badaude, adibidez, Oxirondo azokan orain arte berritu ez den ezkerreko aldea txukuntzeko 80.000 euro; azoka berritua udaberrian martxan egotea espero dute.

EAJren eta PSE-EEren kontrako botoa

EAJk aurka bozkatu zuen, uste dutelako eurek egindako ekarpenek ez dutela espero zuten erantzuna jaso: "Uste dugu gure 12 proposamenek nabarmen hobetuko zutela Udal Gobernuaren aurrekontua. 12 ekarpen horietatik bi onartu dizkigute eta esan digute beste bi edo hiru lizitatuta edo konpromisoa hartuta zegoela gauzatzeko; baina ez digute ezer garbirik esan. Horregatik eskatu genien informazioa zehatzagoa eta gaur da eguna ez dugula informazio hori jaso", esan zuen EAJko eledun Mikel Letek.

Alderdi sozialistak ere kontra bozkatu zuen, kontinuistak, anbizio gabekoak eta bergararrei ekarpenik egiten ez dieten aurrekontuak direla argudiatuta. Udalbatzaren aurrean hitza hartu ez bazuen ere, honako hau erantzun zion GOIENAri PSE-EEko bozeramaile Alberto Alonsok: "Logikoa da, ez bagaude ados udal zergen eta tasen igoerarekin, ez garela ados egongo horiek xahutzeko moduarekin. Batetik, uste dugu aurreko agintaldian zehar alderdi sozialistak aurrekontuetan sartzea lortu zituen partidak oraindik ere lozorroan daudela, ez dagoela benetako borondate bat partida horiek sustatzeko. Eta, bestetik, ikusten jarraitzen dugu beste partida batzuk daudela ez dutela ezertan aberasten bergararren bizitza; UEMArendako diru-laguntzen partida, kasu. Halako laguntzak kenduta zergak eta tasak arindu ahalko ziren herritarrentzat, baina gobernuak mantendu egin ditu. Guretzat partida horiek soberan daude".

EH Bilduk "harrituta" hartu zuen EAJren kontrako botoaren azalpena: "Informazio ezkutatze bat leporatu digute eta pentsatzen dugu ez dela zilegi hori leporatzea. Informazioa ez daukagu giltzapean, euren eskura dago, eta badaude batzordeak eta bestelako lan-bilerak horien berri izateko. EAJk baditu baliabideak informazio hori eskuratzeko, badute pertsona bat liberatuta lan hori egin dezakeena; horregatik harritu gaitu informazioaren eskari horrek", esan zuen Maite Usabiagak.

Berdintasun Sailera %30 gehiago

Amaitzeko, hirigintza arloarekin loturarik izan ez arren, EH Bilduk nabarmendu zuen 2024an Berdintasun Sailera %30 gehiago bideratuko dela, besteak beste, Arrizuriagan egokitzekoa den Emakume Etxeko parte-hartze prozesurako eta lehen aldiz martxan jarriko diren indarkeria matxistaren biktima direnei diru-laguntzak bideratzeko.

2024rako udal aurrekontua, sailen arabera banatuta. Iturria: Bergarako Udala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak