2023a "oparoa" izan ostean, 2024ari begira dago Kukubaso

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 24a, 17:55

Bertako basoa berreskuratzeko 2021eko maiatzean sortu zen Bergarako Kukubaso elkarteak "proiektu garrantzitsuak" ditu 2024ari begira ere. Bestalde, Bergarako Udala lurrak erosten hasi izana oso positibo ikusten dute: "Herri-lurrak izatea da modu bakarra etorkizunean bertako basoa ziurtatzeko".

2021eko maiatzean sortu zen Kukubaso elkartea, bertako basoa berreskuratzeko epe luzerako helburuarekin. Bi ikasturtetan "ekintza garrantzitsu batzuk" garatu dituzte. Kukubasoko presidente Ainhoa Agirrebeñaren arabera, "oparoa" izan da 2023a: "Azpimarratzekoen artean dago Agirretxeberriko proiektua amaitu dugula; garrantzitsua izan da guretzat, lehena izan delako eta jendaurrean geure burua aurkezteko balio izan digulako. Oso pozik gaude emaitzarekin, eta harro gaude gure deialdiek erantzun ona izan dutelako".

Agirretxeberri eta Erreziñategi

Agirretxeberrin, zuhaitzak landatzeaz gain, ezkur bilketak ere egin dituzte: "Bertako haritzen eta arteen ezkurrak bildu izan ditugu, eta Agirretxeberrin bertan dugun mintegietan sartu; espero dugu urtebete edo bi urte barru bertako landareak landatu ahal izatea. Hori da gure asmoa eta itxaropena".

Agirrebeñak azaldu duenez, beste urrats esanguratsu bat izan zen Gorla gaineko Erreziñategi eremuan 2023ko otsailaren 25ean landatu zituzten 1.090 zuhaitzak; orain arteko landaketa handiena izan dena: "Lehen aldiz herri-lur baten egin genuen landaketa izan zen, oso garrantzitsua guretzat. Herritar boluntarioekin batera Udaleko brigadako langileen laguntza jaso genuen; esperientzia oso aberasgarria izan zen".

Duela hilabete eta erdi inguru jarri zuten panela Agirretxeberrin. Argazkia: Kukubaso.

Agirretxeberriko lursaila lagapenean jaso ostean, hiru landaketa nagusi egin dituzte, eta mintegi bat egokitu. Proiektuari amaiera emateko, panel bat jarri dute, proiektuaren helburuak eta egin diren lanak zehaztuz: "Eskerrak eman nahi dizkiegu lagundu gaituzten guztioi"

Udalarekin hitzarmena, mugarri

Horrez gain, Udalarekin sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena beste mugarri bat izan da Kukubasorentzat: "Baso Mahaia sortu dugu Udalarekin batera, basoen kudeaketara begira eragile bat izan nahi duena. Pixkanaka bada ere, bertako basoa garatu nahi dugu Bergarako inguruetan, Bergara bera herri bizigarriagoa izan dadin. Baso Mahaia lanean hasi berri da, eta espero dugu fruitu emankorrak ematea".

Aurrera begirako ekintzei dagokienez, urtarril amaierarako hitzaldi bat antolatuko dute, eta martxorako beste bat; horrez gain, beste pare bat landaketa ere badituzte aurreikusita: "Lehen landaketa ez da Baso Mahaiak sustatua izango, Kukubasok baizik. Herriko enpresa batekin lur lagapen bat sinatzekotan gaude, oraindik gauzatu ez dena. San Martzial inguruan izango litzateke landaketa berri hori".

Bestalde, 2023 urte amaieran Udalak lurrak erosteko abiatu zuen lehiaketa begi oso onez ikusten dute: "Herri-lurrak izatea da modu bakarra etorkizunean bertako basoa ziurtatzeko".

Gorlako Itsasmendi eremua

Hurrengoa Gorlara bidean dagoen Itsasmendi izango da, Udalak Aldundiarekin batera sei hektarea eta erdi erosteko asmoa du eta. "Errez kooperatibak egin du plangintza bat eta gu laguntzeko prest gaude. Asmoa da otsailaren 24an hastea Itsasmendin landaketak egiten; lursail oso handia da, eta lehena mugatutako eremu batean egingo litzateke", dio Agirrebeñak. Itsasmendiko eremuan, gainera, bertako basoa hasita dago bere bidea egiten: "Batzuetan, naturari lagundu egin behar zaio; eta beste batzuetan, haren bidea egin dezan utzi; Errez kooperatibak urte luzerako plangintza bat dauka esku artean, eta horretan laguntzea tokatuko zaigu".

Kukubaso txokoa liburutegian

Amaitzeko, Udal Liburutegian Kukubaso txokoa dagoela gogoratu dute: "Liburutegiko arduradun Milak hasieratik babestu gaitu, besteak beste, txokoa egokitzen eta liburuak katalogatzen. Oso eskertuta gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak