2024ko udal aurrekonturako hamabi proposamen aurkeztu zituen EAJk eguazten iluntzean batzokian egindako prentsaurrekoan. EH Bilduren Udal Gobernuaren proposamena jasota, Mikel Lete bozeramaileak azpimarratu zuen ekarpenak egin nahi izan dituztela, bergararraren bizi-kalitatea hobetzea helburu. "Ez dira EAJren aurrekontuak; guk beste partida batzuk bideratuko genituzke. Baina, proposamen hauekin, EH Bilduk aurkeztu diguna hobetuko genuke".
"Akordioetara heldu nahi dugu"
Aurreko urteetan akordioetara heldu direla ere gogoratu du Letek: "2024ra begira ere gure helburua da ahalik eta adostasun gehien lortzea bergararren bizi-kalitatea hobetzeko. Egia da 2022ko eta 2023ko aurrekontuetarako adostu genituen hainbat puntu EH Bilduren Udal Gobernuak ez dituela bete; espero dugu 2024ra begira akordioetara heltzen bagara EH Bilduk hitza beteko duela". Negoziazioak nola doazen galdetuta, honako hau erantzun zuen Letek: "Gaur [eguaztena] bidali dizkiogu gure ekarpenak EH Bilduri, eta ikusteko dago ze iritzi izango duten. Bestalde, esan digutenez, aurreikuspena da urtarrilaren 22an ezohiko bilkura deitzea aurrekontuak onartzeko, baina ez dago guztiz erabakita".
EAJren helburua da "ahalik eta adostasun gehien" lortzea EH Bilduren Udal Gobernuarekin
Elementala, "kultura espazio"
Jeltzaleek hamabi proposamen aurkeztu dituzte, eta, horietatik, bereziki hiru nabarmendu dituzte. Lehena da Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa den Elementaleko eraikin zaharra kultura ekipamendu bihurtzea, "kultura talde guztien elkarlanerako topaleku eta sorkuntzarako espazio" moduan. Proiektua idazteko 60.000 euroko partida eskatu dute. Bigarren proposamena da San Joxepe elkarteak bizi duen "espazio faltari" aurre egiteko proiektua idaztea; horretarako, 50.000 euroko partida eskatzen dute: "Nabaria da San Joxepe elkarteak espazio falta handia duela; horixe helarazi izan digute bertakoak behin baino gehiagotan. Uste dugu unea dela, erretiratu elkartearekin elkarlanean, betiere, 2024an proiektua idazteko eta, ahalko balitz, 2025ean exekutatzeko".
Jeltzaleen hirugarren proposamen garrantzitsuena da Agorrosin futbol zelaiko bigarren fasearen proiektua: "2023an idatziko zela esan zuen Udal Gobernuak, baina ez du hitza bete; horregatik, proiektua elkarlanean aurten idaztea eskatzen dugu. Zelaia aldatu zen, baina instalazioek hobetzeko beharra dute". 50.000 euroko partida bideratu nahiko lukete bigarren fase hori idazteko.
Beste bederatzi proposamen
Gainerako bederatzi proposamenak honako hauek dira; diotenez, batzuk aurreko urteetako akordioetatik datozenak: Arin eguneko zentroan gaueko zerbitzua ezartzeko beharra aztertzeko "iazko konpromisoa" betetzea; Martokoa eta Zubiaurre kaleak berriro urbanizatzeko prozesua martxan jartzeko 50.000 euro bideratzea; Simon Arrieta plaza berriro urbanizatzeko "iaz hartutako konpromisoa" bete eta proiektua idazteko 40.000 euro bideratzea; Mugikortasun Plana martxan jartzeko 50.000 euroko partida; ibilgailu elektrikoei begira bi karga-puntu egokitzeko 30.000 euro; landa eremuko lursailen geolokalizaziorako 60.000 euro; alokairuetarako dirulaguntzen kopurua igo eta 50.000 euro bideratzea; adikzioen partida 10.000 euro jaitsi dela-eta diru hori "beste adikzio batzuetara" bideratzea; eta udal langile asko erretiratuko direla-eta egoera berrira moldatzeko azterketa bat egitea, 20.000 euro bideratuta.