Miguel Okina pintoreari gorazarre egiteko gogoz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko abe. 25a, 10:05

Beart margo taldeko Bingen de Pedrok, Antton Arrillagak, Xabier Agirrek eta Josu Okinak osatzen duten batzordea Miguel Okinaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunetarako lanean ari da; 2024ko irailean abiatuko du egitarau mardula.

1924ko irailean jaio zen Miguel Okina, Bergaran, eta 2021ean hil zen, 96 urte zituela. Pintore "eredugarria eta herrian maitatua" izan zen, eta horren erakusle da datorren urteko irailean abiatu eta 2025eko irailera bitartean haren omenez egin gura dituzten askotariko ekitaldiak. "Profesional handia izan zen pintura arloan, oso ordenatua eta diziplinatua lanean. Marrazkilari aparta, oso trebea ikatzarekin marrazten eta abila eta langilea pintzelarekin ere. Pinturatik bizi izan zen bizitza osoan, eta ondo bizi, gainera; horregatik ere eredugarri izan zen haren ikasle izan ginenendako. Oso herrikoia, alaia eta maitagarria zen Miguel", kontatu du Beart margo taldeko eta mendeurreneko antolatzaile batzordeko kide Xabier Agirrek.

Erretratuak eta gehiago

Enkargu asko jasotzen zituen Okinak; erretratuak egiteko eskatzen zioten gehienetan, baina hamaika natura hil –bodegoiak– eta paisaia ere margotu zituen, bezeroek hala eskatuta. "Trazu soltea zuen pintzelarekin eta oso oparoa zen materiarekin, pintzelkada erabakigarria zuen eta argiaren eta itzalen tratamenduan ere maisua zen. Errealismotik gertu zegoen haren pintura, errealismoak eskaintzen duen bide zabalarekin".

Liburua eta katalogazio digitala

Emankorra izan zen oso, eta haren askotariko lanak daude gaur egun Bergarako zein Debagoieneko etxe askotan, eta baita elkarte gastronomikoetan eta bestelako txokoetan ere. Mendeurreneko batzordeko kideen ilusioa da Okinaren ahalik eta obra gehien aurkitzea eta horiekin guztiekin katalogazio digital bat egitea. "Denbora dezente beharko dugu obra guztiak biltzeko; ari gara dagoeneko bilketa lanetan eta herritarrei ere laguntza eskatu gura diegu bilketan kolaboratzeko, eta, ondoren, Bergarako Udaleko artxiboan katalogoa kontsultatzeko aukera izatea da gure asmoa".

Miguel Okinaren bizipenak batzen dituen liburua argitaratzeko asmoa ere badutela azaldu du Agirrek. "Migel Anjel Elkoroberezibarrek idatziko du, eta dagoeneko ari da lanean. Ondo ezagutzen zuen Miguel eta hari egindako elkarrizketa asko ditu grabatuta, baita argazkiak eta bestelako datu gehiago batuta. Eskarmentua du Elkoroberezibarrek herriko artistei buruz idazten; hark idatzi zuen-eta Simon Arrietari buruzkoa, eta, geroago, Lorenzo Askasibar eskultorearena".

Bestelako jarduera gehiago

Udalaren babesa izango dute pintorearen lagunek mendeurrena prestatzeko eta 2024ko irailean abiatuko dute ospakizunen egitaraua. "Datorren urteko irailean hasi eta 2025eko iraila bitartean, Miguel Okinaren urtea izango da Bergaran".

Margolari baten omenaldian, ezin erakusketarik falta. "Erakusketa bi egiteko asmoa dugu: batetik, ikatzarekin egindako marrazkiak erakutsi gura ditugu; zuri-beltzeko erakusketa bat egitea aproposa iruditu zaigu. Ikatzezko marrazki asko egin zituen eta horietako gehienetan bergararrak dira protagonista. Eta beste erakusketa margolanekin osatutakoa izango da, bere hiru arloei tokia eginda; hau da, erretratuak, natura hilak eta paisaiak".

Ez dira, baina, hor bukatzen Okinaren lagun margolarien asmoak: "Margolanetan adituak diren lagun batzuk gonbidatuta, koadro-forum bat egin nahiko genuke, haren obra aztertzeko asmoz; eta Erromesaldiak deitu diogun ekimenarekin herriko elkarte gastronomikoetaraino hurbiltzea nahiko genuke, Okinaren margolan asko aurkituko ditugu-eta bista horietan".

Okinaren margolanen bila

Bergarako pintorearen ekoizpen artistiko zabalaren katalogazioa osatzeko asmoz, kanpaina bat abiatu du mendeurrenekoospakizunak prestatzen ari den batzordeak. "Okinaren 600 lan baino gehiagoren dokumentazio fotografikoa dugu, baina, kasu
askotan, ez dakigu margolanen protagonistak zeintzuk diren, eta ezta margolan batzuk non dauden ere", diote batzordeko kideek, eta zera gaineratu dute: "Hortaz, Okinaren margolanak dituztenei obraren argazkia atera eta gurekin harremanetan jartzeko eskatu gura diegu".

Batzordeko kideekin harremanetan jartzeko bideak honako horiek dira:

  • Josu Okina: 676 67 82 43 eta josuokina@gmail.com
  • Bingen De Pedro: 670 60 70 26 eta bingendepedro@gmail.com
  • Antton Arrillaga: 646 90 68 85 eta a.arrillaga@telefonica.net 
  • Xabier Agirre: 615 79 72 62 eta agirreunamuno@gmail.com

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak