Bergarako Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmena, Itsasmendiko basoa berreskuratzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko abe. 21a, 13:01

Bertako basoaren aldeko Kukubaso elkartekoak Agirretxeberrin, urriaren 28an. Argazkia: Kukubaso.

Gorlara bidean dagoen Itsasmendi basoan sei hektarea eta erdiko lur eremu bat erosi zuen zuen Bergarako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, bertako basoa pixkanaka berreskuratzen joateko helburuaren barruan; 82.600 euro inguruko inbertsioa ekarriko du baso eremu hori berreskuratzeko prozesuak.

Bertako basoa berreskuratzeko epe luzerako helburuaren barruan, beste urrats bat egingo du Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Gorlara bidean dagoen Itsasmendi basoan sei hektarea eta erdiko eremua erosi zuten, bertako baso ekosistemak berreskuratzeko, ekosistema zerbitzuak indartu daitezen eta ingurumenaren erresilientzia hobetu dadin.

"Basogintza eredu eraldatzailea"

Horretarako, Udalak Aldundiarekin hitzarmena sinatzea aho batez onartu zuen udalbatzak asteleheneko bilkuran. EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagaren arabera, iaz abiatutako lanaren emaitza da erosketa: "Iaz hasi zen Udala pixkanaka lursailak bereganatzen. Itsasmendi bera erostea iaz planteatu zen, baina ez zen posible izan, iaz gauzatzeko eremu oso handia delako, sei hektarea eta erdi. Horregatik, aurten Foru Aldundiarekin batera egin dugu lanketa; Aldundia arduratuko da eremua garbitzeko lanez eta Udala, mantentzeaz. Bertako basoaren eta biodibertsitatearen aldeko gure konpromisoa berresten dugu erabaki honekin, basogintza eredu eraldatzailean sinisten dugulako".

"Kontu handiz" egin beharrekoa

Esandako moduan, 6,5 hektarea inguru dituen lursailean bertako espezieak landatuko dira eta Udalak mantentze-lanak egingo ditu. 82.600 euro inguruko inbertsio ekarriko du proiektuak; gauzatze fasea sasiak garbitzeko lanekin hasiko da. Garbiketa lur eremu osoan egingo da, "kontu handiz", birsortze naturala kaltetu ez dadin. Fase honetan espezie inbaditzaileak ere moztuko dira. Jarraian, itxitura jarriko da landaketaren perimetro osoan, eta, ondoren, landaketa egingo da, zuhaitzak geldialdi begetatiboan daudenean. Hektareako 600 zuhaitz landatuko dira. Azkenengo lana babesleak jartzea izango da.

Pinuditik hariztira

Itsasmendiko lur eremua Gorlara bidean dago, Aingelu tontorraren hego-ekialdean. Hego-mendebaldean Itsasmendi izeneko baserria du, eta hego-ekialdean Irutxaboleta izenez ezagutzen den eremua. Saila insignis espezieko pinu ekoizpenerako erabili izan da ia 100 urtez, 1930eko hamarkadan egin zen-eta lehendabiziko landaketa. Ordutik, hiru pinu belaunaldi hazi dira bertan. Horrek esan nahi du Bergarako eta inguruko pinudi goiztiarrenetariko bat izan dela Itsasmendikoa, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan landatu zirelako lehenengoz inguru haietako pinudi gehienak.

Gaur-gaurkoz, sailaren egoera ekologikoa kaxkarra da, lur egiturek eta berezko landarediak kalte handiak jaso dituztelako. Horri pixkanaka buelta ematen joatea "garrantzitsua" dela adierazi zuen udalbatzaren aurrean EH Bilduko zinegotzi Markel Azkargortak: "Hitzarmen honekin, iaz baso-lurrak bertako espeziekin landatzeko hasi genuen bideari jarraipena eman nahi diogu. Gure iritziz, garrantzitsua da gure eskumeneko udal jabetzako basoetan espezie autoktonoak landatzea, eta Udalak eredu izan nahiko luke horretan. Interes ekonomikotik haratago doan eta biodibertsitatearen alde dugun konpromisoan oinarri sendoak jartzen laguntzen duen estrategia baten barruan kokatzen da proiektua".

Itsasmendiko basoko berezko basoa, Udaleko teknikarien arabera, harizti azidofilo misto atlantikoa behar luke, Hyperico pulchri-Quercetum roboris asoziazioari dagokiona; hau da, haritz kanduduna nagusi den basoa, zeinetan lur azidoetan hazten diren beste hainbat espezie biziko liratekeen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak