Herritarren laguntza eskatu du Beartek, Miguel Okinaren lanen katalogazioa egiteko

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko abe. 14a, 08:02

Miguel Okinaren margoren bat izanez gero, neurriak hartu, argazkia atera eta non dagoen esanaz mezu bat bidaltzea eskatu gura dute pintorearen margolanak katalogatzeko ekimena abiarazi duten Bearteko kideek. 100 urte beteko dira hurrengo urtean Okina jaio zela, eta bi erakusketa eta liburu bat ere egingo dituzte urteurrenaren harira.

Datorren urtean, 2024an, beteko lituzke 100 urte Miguel Okina pintore bergararrak (1924-2021) eta urteurren hori aprobetxatu gura dute haren pinturen bilduma digital bat egiteko. Okinak berak argazkiak ateratzen zizkien berak egindako pinturei eta ikatzez egindako marrazkiei behin bukatuta eta gero. "Erretratuak, adibidez, 500dik gora egin zituen. Guk 300 bat ditugu lokalizatuta, baina nahiko genuke ahalik eta gehien izatea eta bestetik, baita horietan agertzen direnak identifikatzea ere. Guk jasota ditugun horietan agertzen diren pertsona asko ez ditugu ezagutzen, adibidez, eurak umeak zirela egindakoak direlako. Horregatik, eskatu gura diegu herritarrei eurak Miguel Okinaren margorik izanez gero, izan erretratua edo ez, koadroari neurriak hartzeko eta argazkiarekin batera guri bidaltzeko, pinturan agertzen dena zein den edo nongo paisaia den esatearekin batera", dio Josu Okinak, Miguel Okinaren ilobak. Berak, Bingen de Pedrok, Antton Arrillagak eta Xabier Agirrek osatzen dute Okinaren katalogazio lan egiteko Beartetik sortu duten batzordea.

Erretratuez gain, paisaiak eta bodegoiak ere pintatu zituen Okinak; 2.000tik gora margolan guztira. Horietako asko Bergarako elkarte gastronomikoetan daude, eta horiek ere jaso nahi dituzte. 

Herriko margolaria

Xabier Agirre margolariarendako, erreferente bat izan zen Miguel Okina eurendako "gure lanen zuzenketak egiten, adibidez", Fernando Azkargorta eta Moises Egurenekin batera. "Okina produkzio handikoa izan zen eta sarri ikusten genuen kalean margotzen, adibidez. Pinturara sartu ginendako ez dago eredu hoberik". Agirrek, halaber, azpimarratu nahi izan du herriko gizona zela Okina: "Bergaran jaiotakoa zen, baina lana ere hemen egiten zuen, bera herriko kaletan margotzen ikustea ohikoa zen eta herrian antolatzen edo egiten ziren ekimenetan parte hartzen zuen".

Maite Usabiaga kultura zinegotziarendako ere erreferente kulturala da Okina Bergaran, "herrian oso presente" dagoena. "Herriaren memoria kultural eta historikoaren parte" da Okina Usabiagarendako eta eskerrak eman die Bearteko kideei ekimen hau burutzeagatik.

Ospakizunak

Okinaren lanen katalogazioa digitala dela azaldu dute ekimeneko kideek eta hori udal artxiboan egongo dela gero ikusgai. Horietako batzuk, baina, Miguel Angel Elkoroberezibar prestatzen ari den liburuan ere agertuko dira eta baita egingo dituzten bi erakusketetan ere; bat pinturena izango da eta bestea ikatzarekin egindako marrazkiena. Horiek baina datorren urteko irailetik aurrera egingo dituzte.

Orain, Okinaren lana identifikatu eta katalogatu gura duten eta horretarako eskatu dute herritarren laguntza. Inork haren lanik balu, taldeko edonorekin jar daiteke harremanetan:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak