Bergarako musika eszena balioan jarri eta ezagutzera emateko asmoz Bergarako 23 taldek Loratzen diskoa grabatu dute azken hilabeteetan Udalaren laguntzarekin. Asteon egindako aurkezpenean adierazi du Bergarako Udaleko Herritarrak arloko arduradun-zinegotzi Maite Usabiagak adierazi zuen herriak musikalki duen aberastasuna islatu nahi izan dutela: "Daturik esanguratsuena da 23 taldek parte hartu dutela diskoan, bakoitzak abesti batekin. Gainera, diskoa anitza da estilo ezberdinak jasotzen ditu. Gero, belaunaldi ezberdinetako taldeak daude eta, zentzu horretan, disko oso aberatsa da".
Emaitzaren balorazio positiboa egin zuen eta azpimarratu zuen Bergarak duen musika maila izatea "oso harro" egoteko modukoa dela.
Musikarien esker ona
Diskoan 23 talderen kantu bana dago jasota eta musikariak oso eskertuta agertu ziren lanarekin. Azkaiter Peloxeko Unai Azkarateren hitzetan, proiektu "zabala eta handia" da Loratzen berarentzat: "Ez da disko baten aurkezpena soilik. Herriko musikariendako elkargune bat da eta musikariendako da sentitzea babes bat guk, talde bakoitzak, gure proiektu eta helburuekin aurrera jarraitzeko".
Ez da lehen aldiz halako bilduma bat egiten dela Bergaran, Azkaratek gogoan duenez: "Akordatzen naiz Astindu Bergarako fanzine moduan atera genuela disko bikoitz bat. Gogoratzen naiz Txaparrada musikalarekin ere zelan egin genuen zuzeneko grabaketa bat kartzela zaharrean Bergarako 20 talde baino gehiagok. Eta, orain, Loratzen proiektuarekin ikustea berriro argazki musikal honen haziak bere fruitua emango duela... Disko honetan disfrutatzea tokatzen zaigu".
Etxean egindako proiektua
Taldeak bergararrak bai, baina diskoa Bergaran egina da bere osotasunean; Labegaraietan dagoen Auryn estudioko soinu ingeniari Tristan Iñiguezek grabatu baitu eta Amaia Santamaria artista arduratu baita diseinuaz.
Iñiguezek nabarmendu zuen Bergaran maila oso altua duten musikariak daudela eta "sorpresa itzela" izan dela berarentzat. Ia 100 musikari pasatu dira haren estudiotik bakoitza bere apeta, gustu eta ordutegiekin. "Hori guztia kudeatzea ez da lan erraza izan. Musika estilo asko daude disko berean, eta talde batekin egindakoak ez dit balio izan beste talde batendako. Lan luzea bezain mardula izan da, baina izugarri ikasi dut prozesuan zehar, askotariko estiloekin eta instrumentuekin lan egiteko aukera izan dudalako", dio soinu ingeniariak.
Diskoaren diseinuari erreparatuta, Santamariak adierazi zuen argi zuela hasieratik abstraktua izan behar zuela diseinuak eta orduan erabaki zuela patroi ezberdinekin eta testurekin jolastea. Analogikotik digitalera egin duen sormen prozesua azaldu zuen: "Transparentzia proiektorea erabili dut. Orduan bertan erabiltzen ditudan kristalezko ontzietara ura eta xaboia bota ditut, burbuilak egin, olioa... Horrelako gauza transluzidoekin jolasten nuen eta bertan sortzen nituen proiekzioei argazkia ateratzen nien. Kolore beroak –naranjak eta gorriak– sortzen nituen eta kolore horien osagarriekin –urdina– jolasten nuen. Horixe izan da".
Aurkezpen kontzertua
Azken hilabeteetako emaitza erakusteko asmoarekin diskoaren aurkezpen ofiziala abenduaren 29an egingo dute, Seminarixoan, 20:30ean hasita. Hegazkin, Diablues eta Bluezifer, Azkaiter Pelox, Low Cost Deluxe eta Fango taldeak igoko dira oholtzara. Diskoa aurkeztu ostean, diskoa salgai egongo da liburutegian eta Laboratorium museoan, bederatzi eurotan.
Honako talde hauen abesti bana jasotzen du diskoak:
- Amustei - Norvegiako erregina
- Arragoa - Aukerak
- Asanblada autoritarioa - Noble villa de Bergara
- Azkaiter Pelox - Batera hegan
- Aztarna uzten - Aztarna uzten
- Baykat - Beldurraren soka
- Bertso eskola
- Blind09, Steezy - Oreo
- DBQ - Oroitzapen galduak
- Diablues eta Bluezifer - Burugogorra
- Egino J. - Itoak
- Fango - Nortasuna galdu
- Fly shit - Esnatu lozorrotik
- Golden Blend - Zulostrich
- Harria - Bihozgabeak
- Hegazkin - Ekialde hurbila
- Josu eta Maita - Bizi(min)
- K-Po - Qué dura es la espera
- Ktarsia - Gorlako trena
- Lemak - Autokondena
- Low Cost Deluxe - Apokalipsi plastikoa
- Orhi - Barneko otsoa
- Ttipika - Okd