Euskal Herriko pentsioen mugimenduak, San Joxepek, Nagusilanek eta Duintasuna elkarteak aurkeztutako Gutxieneko pentsioa 1080 euro izeneko mozioa izan zen eztabaidai nagusietako bat atzoko bilkuran. Bergarako pentsiodunen ordezkaritza bat izan zen bilkuran udalbatzari eskaera nagusi bat egiteko: Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari eskatzea gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu dezaten, urtean 14 ordainsaritan eta 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin. EH Bildu izan zen mozioa defendatu zuen talde politiko bakarra, pentsiodunen borrokari aitortza moduan ere ulertuta.
EAJk eta alderdi sozialistak kontra bozkatu zuten. Jeltzaleek gogoratu zuten pentsioena ez dela ez Udalaren ez Jaurlaritzaren eskumena eta Pedro Sanchez Espainiako presidente izateko negoziazioetan akordioa baduela EAJk pentsioen eskumena Jaurlaritzari pasatzeko.
Alderdi sozialistak, berriz, uste du garrantzitsuena ez dela nork aurkezten duen mozioa baizik-eta zer datorren aldarrikatzera. Sozialistek diote pentsioen egoera asko hobetu dela eurak Espainiako Gobernuan daudenetik.
Zaintza eredua hizpide, grebaren atarian
Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren atarian, zaintza eredua ere izan zen eztabaidagaietako bat. EAJk eta alderdi sozialistak mozio bat adostu zuten baina ez zen onartu EH Bilduk mozio alternatibo bat aurkeztu zuelako. EH Bilduren mozioak egin zuen aurrera, zaintza eredu "publiko, eraldatzaile, feminista, komunitario eta sendo bat" aldarrikatzera datorrena.
Euskaren Eguna dela-eta, bi adierazpen
Gai zerrendaz kanpo sartzea erabaki bazen ere, abenduaren 3ko Euskararen Egunaren bueltan ere bi adierazpen onartu ziren. Batetik UEMAk aurkeztutakoa, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren kontrakoarekin onartu zena; eta, bestetik, EAJk eta PSEk aurkeztutako "Euskal hiztunen ahotsa euskararen zabalbide. Euskal hiztuna euskararen zabalkunde digitalaren eragile nagusia’ izenekoa; azken adierazpen hori aho batez onartu bazen ere, EH Bilduren Udal Gobernuak UEMAkoa azpimarratu zuen. Maite Usabiaga eledunak, besteak beste, adimen artifizialari euskaraz irakasteko Gaitu ekimenak abenduaren 3rako deitu duen ahots grabaketa saioan parte hartzeko dei egin zien zinegotziei.