Harixa: orain artekoa bide emankorra izan dela diote

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko aza. 23a, 16:33

Euskara lan munduan hedatzea helburu duen Harixa egitasmoak urtebete egin du, eta asteon egindako batzar orokorrean modu positiboan baloratu dute egindako lana; oraingoz 37 enpresa eta eragile daude eta asmoa da 2024an bailara osora zabaltzea

Euskara enpresa munduan hedatzeko asmoz, Udalak Harixa egitasmoa jarri zuen martxan 2022. urte amaieran. Orain, egitasmoa sortu eta urtebetera, ekimenaren lehen batzar orokorra egin zuten eguaztenean Miguel Altuna Lanbide Heziketan 24 enpresak eta bestelako eragileek. Orain arte emandako urratsen balorazio positiboa egin zuten parte hartzaileek, enpresa ezberdinetan egindako diagnostikoa entzun eta ekintza planen aipamena egin ostean.

Orain arteko bidea, "positiboa"

Eguazteneko batzar orokorrean datu batzuk eman zituzten: 14.739 biztanle dituen herria izanik, %67,8 euskaldunak dira Bergaran, eta Harixa ekimenari dagokionez, Bergaran 1.472 langilerengan du eragina.

Ainhoa Lete alkateordeak az- pimarratu zuen orain arte egindako bidea "positiboa" izan dela: "Duela urtebete jarri genuen martxan Harixa zer emango zuen jakin barik. Talde eragile bat sortu dugu Miguel Altunarekin, Emunekin, Udalarekin eta enpresa batzuetako langile batzuekin. Egitasmoa martxan jartzeko gutxieneko batzuk adosten zituen hitzarmen bat sinatu genuen enpresekin, eta hortik diagnostiko bat egin dugu urtebete honetan. Gutxieneko konpromiso batzuk baditugu oinarri sendo bat ematen digutenak, eta uste dugu enpresa berrietara heltzeko bidea ere ireki beharko genukeela".

Bailarara zabaltzea, 2024an

Letek nabarmendu zuen beste helburuetako bat dela Harixa Debagoien osora zabaltzearena: "Eusko Jaurlaritzarekin egin ditugu zenbait bilera, eta proiektua oso interesgarri ikusi dute. Orain bertan Mankomunitatea- rekin eta bailarako beste herriekin ari gara lanean, eta uste dugu hedapen hori 2024an gauzatzeko moduan egongo garela".

Elkarlan barik, etekinik ez

Harixa ekimenaren bidez, Udalak eta herriko 37 enpresa, talde eta eragilek euskara sustatzeko konpromisoa hartu zuten. Aurrerantzean emango dituzten urratsek, Leteren arabera, elkarlana izango dute oinarri: "Udalarena izan zen Harixa abiatzeko ideia, baina ez dago egitasmoa ulertzerik elkarlan barik. Udala badago talde eragilean, baina ezinbestekoa izango da bereziki Miguel Altunaren eta gainerako enpresen parte-hartze zuzena bermatzea helburuak bete daitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak