ZTB jardunaldietan, Bergarako Amaia Iturrospe, Gorka Kortabarria, Jokin Labaien, Maider San Torcuato eta Itxaso Calbano ikerlariek hitzaldia eman dute asteon Seminarixoan, eta euren ikerketa arloak azaldu dituzte Goienagusiko kideen nahiz Aranzadi ikastolako ikasleen aurrean.
Polimeroak aztertzen
Materialen Fisika Zentroko X izpietako laborategiko teknikaria da Amaia Iturrospe, eta polimeroekin egiten du lan, monomeroz osatutako kateekin: "Monomeroa molekula txiki bat da, normalean karbono hidrogeno eta beste konposatu batzuek osatutakoak. Bata bestearekin elkartuz polimeroa osatzen dute". Egunerokotasunean, plastikoetan daude, esaterako.
Bere lana honela definitu zuen: "Egiturak nanoeskala batekoak dira, eta X izpiak modu berezian erabili behar dira. X izpien iturri bat daukagu, laser bat bezala laginera gerturatzen da, eta lagin horrek sakabanatu eta bi dimentsioko irudi bat sortzen du. Bi dimentsiotako lagina pasatzen dugu dimentsio bateko kurbara. Horrekin ikusten dugu polimeroak ze egitura duen".
Informazioa garraiatzen
Gorka Kortabarria Achucarro Basque Center of Neuroscience-n dabil. Garuneko zelulen funtzionamendua ikusita, horien geneak manipulatzen dituzte gaixotasunak ikertzeko. Bere tesiak epilepsian du fokua, eta sipnasia aztertzen du: "Neuronen seinalearen intentsitatea altuegia da. Seinale asko dator, eta hurrengo neuronak seinale asko garraiatuko du. Gure helburua da terapia genetikoa erabilita seinaleen intentsitatea jaistea".
DNA diseinatuta, birus ez patogenikoekin infektatzen dituzte zelulak: "Besikula presinaptikoak mozten dira eta neurotransmisoreak ezin dira askatu. Hortaz, hurrengo neuronak informazio gutxiago jasoko du. Horrela, lehen neuronak seinale asko izan arren, hurrengoa normaltasunera itzultzea espero da". Animalia epileptikoetan aplikatuko du, eta azaldu zuenez, lankide batek tresna bera erabili du parkinson modeloetan.
Adimen artifiziala makinetan
Jokin Labaien matematikaria ikerlaria da Ikerlanen. Tesia aurkeztu berri du, eta makinen anomalia detekzioa, adimen artifizial esplikagarria (AAE) eta anomalia diagnosia jorratu ditu: "Makinak digitalizatuta daude; datuak denbora errealean jasotzen dituzten sentsore ezberdinak dituzte, eta datu horiekin entrenatzen dira modelo matematikoak. Ondo eta gaizki funtzionatzea zer den esaten zaie; denbora errealean datuak jasotzean, makina kapaza izateko akatsik egon den ala ez ikusteko. AAE saiatzen da kutxa beltza zabaldu eta makinak hartutako erabakien azalpena ematen. Makinari sentsoretatik jasotako datuak sartzen dizkiogu. Esaten du akatsa eman duela, baina zergatik egon da akatsa? Erantzuna ematen du".
Bitartekari lanetan
Maider San Torcuato eta Itxaso Calbanok Biomedikuntza gradua ikasi zuten eta Biogipuzkoan dabiltza lanean. San Torcuato Osasun Berrikuntzako teknikaria da, eta bere lana da berrikuntzako osasun proiektuetan inguruko enpresen eta Osakidetzako langileen arteko harremana bultzatzea: "Batzuetan enpresek dituzte beharrak Osakidetzan proiektuak egin eta garapenak probatzeko; edo alderantziz. Adibide bat da Radar proiektu europarra".
Calbanoren kasuan, metodologia eta estatistika zerbitzua ematen die Osakidetzako klinikoei eta eurengana hurbiltzen diren enpresa bioteknologikoei. Profil klinikoko profilekin ikerketa planak definitzen dituzte: "Enpresen kasuan, gehien bat, negozio eredua nahiz osasun proiektuak ezagutzen ditugu". Horren arabera, jarraipen eta aholkularitza zerbitzua ematen diete haien produktuak osasungintzak probatzeko entsegu kliniko baten testuinguruan.