Georges Lacombe euskaltzainaren funtsa herritarrendako ikusgai dago Olaso Dorrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko aza. 9a, 17:20

Georges Lacombe euskaltzainaren funtsa erakusgai ipini dute Bergarako Olaso Dorrean, abenduaren 1era arte. Erakusketaren osagarri, bi hitzaldi ere antolatu dituzte. Lacomberen funtsa, Olaso Dorrea Fundazioaren jabetzakoa da.

Kilo bat urreren truke erosi omen zioten Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak, Georges Lacombe (1879-1947) hizkuntzalari eta euskaltzain osoaren alargunari, haren agiritegia. Eta truke horri erreferentzia eginez, Euskaltzaindiak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatuta, Ontzako urrearen truk erakusketa ipini dute ikusgai, Bergarako Olaso dorrean. Georges Lacomberen artxiboari eta bibliotekari buruzkoa da berau.

Andres Urrutia, euskaltzainburua: "Lacombek jasotakoa euskal gizartearen esku utzi nahi izan dugu"

Erakusketak 12 panel eta bi bitrina hartzen ditu, eta abenduaren 1era arte egongo da ikusgai. "Euskararen eta Euskal Herriaren historia ezagutzeko ezinbesteko dokumentuak gordetzen ditu Lacomberen artxiboak, eta tartean harribitxiak daude", azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Xahoren Kantutegi ospetsua edo Luis Luziano Bonaparteren gutunak dira erakusgai jarritako dokumentu deigarrienetariko bi.

Olaso Dorrearen jabetzakoak

Lacomberen agiritegia Olaso Dorrearen jabetzakoa da une honetan. Hain zuzen ere, "Maria Josefa Ganuzak eta Telesforo Monzonek ondare hau Euskal Herrian gera zedin eginiko ahaleginari esker", Lacomberen agiritegia euskal herritarren esku dago. Liburuak Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian daude eta artxiboa Olaso Dorrean eta Euskaltzaindiaren webgunean ere bai. "Pentsa dezakegu hau egin izan ez balute gaur ondare hau guztia munduan zehar barreiatua egongo litzatekeela, auskalo noren eskutan. Ziur gaude, erakusketa honek ondare honen ezagutza zabaltzen lagunduko duela", azaldu zuen Maite Aristegik, Olaso Dorrea Fundazioko kideak, erakusketaren berri emateko atzo, eguena, Olaso Dorrean egin zuten agerraldian.

Gorka Artola (Bergarako alkatea): "Erakunde eta eragileon elkarlanaren emaitza da hau"

Elkarlanaren emaitza

Olaso Dorrea Fundazioko Maite Aristegirekin batera, aurkezpenean izan ziren Bergarako alkate Gorka Artola eta euskaltzainburu Andres Urrutia ere. Guztiak ere, pozik azaldu ziren erakundeen arteko lanketak emandako emaitzarekin: "Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak erositako bilduma aberats hau ezin izan da urte luzeetan jendartera zabaldu", adierazi zuen Artolak. "Orain, hemen gauden eragileon elkarlanari esker, ehunka artxibo hauek bergarar zein euskaldun guztion eskura izango dira", gaineratu zuen.

Transmisioa jomugan

Bide beretik, Andre Urrutia euskaltzainburuak ere erakundeen arteko elkarlana azpimarratu zuen eta Lacomberen bilduma gizartearen esku jarri izanaren garrantzia nabarmendu zuen: "Lacombe euskal kulturaren bilatzaile nekaezina izan zen eta Euskaltzaindiak hark jasotakoa euskal gizartearen esku jarri nahi izan du, Euskararen Akademiaren helburuetako bat horixe baita: euskal kulturaren transmisioa".

Bi hitzaldi

Erakusketarekin batera bi hitzaldi antolatu dituzte, Lacomberen funtsaren garrantzia azaltzeko baliagarri izango direnak. Lehena azaroaren 23an izango da, 19:00etan. Bertan, Jabier Kaltzakorta ikerlari eta euskaltzain osoak Georges Lacomberen artxiboaren eta bibliotekaren nondik norakoak agertuko ditu. Bestalde, bigarren berbaldia azaroaren 29an izango da, 19:00etan hori ere, eta Pako Sudupe hizkuntzalari eta idazleak Telesforo Monzonen kulturgintza izango du berbagai. Hitzaldi biak Olaso dorrean izango dira".

Maite Aristegi (Olaso Dorrea): "Ondare hau ezagutzera ematen lagunduko du erakusketak"

Artxibo digitalizatua

Georges Lacomberen ondarea bitan banatu ohi da: biblioteka eta artxiboa. Biak digitalizatuta daude, eta Euskaltzaindiak zaintzen ditu kopia digitalak. Paperezko originalak, ostera, bi lekutan daude: artxiboarenak Bergarako Olaso Dorrean eta bibliotekarenak Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan eta Artxiboan, Akademiaren Bilboko egoitzan, hain zuzen. Artxibo digitalizatua Euskaltzaindiaren webgunean ere kontsulta daiteke; guztira 18 funts daude eskuragarri, 2.000 dokumentu inguru, euskararen eta Euskal Herriaren historia ezagutzeko ezinbestekoak.

Bilduma itzela osatu zuen

Georges Lacombe (1879-1947) hizkuntzalaria izan zen, eta euskaltzain osoa ia Euskaltzaindiaren sorreratik. Umetan ez zuen euskaraz ikasi, Orthezer herrian jaio baitzen, Bearnon, Euskal Herritik kanpo. Halere, ama euskalduna zuen, Donapaleukoa (Nafarroa Behera), eta amaren laguntzaz, guztiz menperatzera iritsiko zen euskara ikasteari ekin zion gaztea zelarik. Filosofia ikasi zuen Sorbonan, eta bertako giro intelektualean mugitu zen urte askoan. Euskarari lotutako lan asko egin zituen. Aldudeko eta Zuberoako hizkerei buruzko lanak egin zituen, euskal gramatikaren gaineko saiakera bat idatzi zuen, eta euskal idazle klasikoei buruzko lanak ere argitaratu zituen. Euskarari egindako ekarpen handiena izan zen bilduma dokumental itzela osatu izana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak