Ezagutza "demokratizatzeko" aldarria ZTB jardunaldien irekiera ekitaldian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko aza. 8a, 15:31

Aurreko urteetako ohiturari eutsiz, egitarauko ekitaldi azpimarragarrienetako bat aukeratu dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldien bederatzigarren edizioari hasiera ofiziala emateko. Adimen artifiziala izan da protagonista eta entzuleen artean izan dira Goienagusik elkarteko bazkideak eta Miguel Altunako eta Ipintza institutuko ikasleak.

Bergarako alkate Gorka Artolak  hartu du hitza eta beste behin gogoratu du Bergarak ezagutzarekin duen harreman estua: "Historian zehar Bergarak harreman oso estua izan du zientziarekin eta, oro har, ezagutzarekin, eta hor daude, besteak beste, Elhuyar anaien Wolframioaren aurkikuntza, Telesforo Monzon, Olaso Dorrea, Seminarixoa, UNEDa, eta abar luze bat. Dena den, bergararron jakituria hortik haratago doa".

Ezagutza, komunitate osoa indartzeko giltza gisa

Bere diskurtsoan, ezagutza eta jakintza guzti hori "demokratizatzeko" ahalegina egin behar dela nabarmendu du alkateak: "Jakintza plazara jaitsi behar da. Urte luzeetan, arlo ezberdinetan, jakintza asko bereganatu dugu Bergaran, eta ezin dugu ahaztu herri modura hazteko eta hezteko balioko digula, betiere guztion artean elkarlanean aritzeko kapazak baldin bagara. Izan ere, norbanakooi mesede egiteaz gain, gure komunitate osoa indartzen du".

Azaroaren 17ra bitartean, bergararrei zein kanpotik datozenei diziplina ezberdinetan oinarritutako 20 jarduera baino gehiago eskainiko dizkie ZTBren bederatzigarren edizioak. Jardunaldi hauek komunitate zientifikoaren, enpresa sektorearen eta hezkuntza erakundeen elkarlanaren fruitua dira, eta, besteak beste, arlo ezberdinetako profesionalak zein herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleak izango dira protagonistak.

Bestalde, Artolak gaurko protagonista izan den adimen artifiziala ere aipatu du: "Guztiok izan behar dugu hezkuntza eta informazio iturrietara heltzeko aukera, gaur egun ditugun oztopo ekonomiko eta sozialen gainetik. Gizarte modura ditugun erronkei erantzuten saiatu behar gara, eta horretarako hainbat bide berri ditugu. Adimen artifiziala, esaterako".

Izan ere, hitz hauek Nola nabigatu eguneroko bizitzan Adimen Artifizialean, Errealitate Areagotuan, Errealitate Birtualean eta Metabertsoetan murgilduta hitzaldiaren aurretik esan ditu, Goienagusi-ko kideek, Lanbide Heziketako eta Ipintzako ikasleen aurrean.

Saioa teorikoa eta praktikoa

Hitzaldia Jorge R. Lopez Benito eta Enara Artetxe CreativiTIC enpresako zuzendari gerenteak eta teknikoak eskaini dute, eta bertan azken hilabeteetan Adimen Artifizial Sortzaileak herritarren bizitzak eraldatu dituela nabarmendu dute. ChatGPT, Midjourney edo RunwayML bezalako tresnak egunero agertzen ari dira eta bizitzak erabat aldatzen ari dira. Hitzaldi honetan kontzeptu hauek guztiak aztertuko dira bai eta nola eragiten duten eguneroko bizitzetan ere, industriatik abiatuta, osasun-arlotik edo hezkuntzatik; bai eta nola zeuden ere elkarren esperoan internet berriari bultzada handia emateko, era masibo, azkar eta eraginkorrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak