Lan arlorako Debagoieneko euskara plana landu nahi dute, "erreferentziatzat" hartuta Bergarako 'Harixa'

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urr. 9a, 15:21

'Harixa' programaren berri emateko bilera, Mankomunitatean. Argazkia: Bergarako Udala.

Bergarako Harixa programa "erreferentziatzat" hartuta, Debagoienean lan-arlorako euskara plana bideratzea nahi dute, eta horretarako, lan bilera egin zuten urriaren 5ean Debagoieneko Mankomunitatean, Jaurlaritzako, Aldundiko eta eskualdeko udal ordezkarien presentziarekin. Eskualde osorako plana bat egiteko proposamena lantzen ari dira, Bergarako udaletik jakinarazi dutenez.

Bilera horretan egon ziren, besteak beste, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendari Josune Zabala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia sustapenerako zuzendari Unai Andueza.

Bergarako alkate Gorka Artolaren arabera "pozgarria" da Bergaran duela urtebete martxan jarri zen proiektu hori "erreferentziatzat" hartu izana: "Bergaran egitasmo honen baitan 37 enpresa eta eragile biltzea lortu dugu, eta espero dugu eskualdean ere zabaltzen denean atxikimenduak areagotzea. Euskara enpresa sektorean sustatzea izango da aurrerantzean ere gure helburua. Lan handia daukagu oraindik, eta elkarlana beharrezkoa izango da konpromisoak betetzeko. Bailara mailako plan indartsu bat abian jartzea Bergararako ere oso lagungarri izango litzateke".

Bergarako Udalak eta enpresek iazko urrian sinatu zuten hitzarmena, eta horren bitartez hainbat konpromiso hartu zituzten euren gain. Besteak beste, enpresa bakoitzean euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa egitea, urteko egitasmo ezberdinak zehaztea edota hitzarmena sinatu duten enpresen artean euskara lehenestea dira konpromiso horietako batzuk.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak