Uruguaiko eta Argentinako esperientzia bana zaintzaz eta hirigintzaz

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 2a, 16:21

Topaketa emankorra egin zuten pasa den egubakoitzean Bergaran, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, Bergarako Udalak eta herriko eragile feministek elkarlanean, solasaldia antolatu baitzuten Irizar jauregian. Carolina Medina eta Vanesa Fontanellaz argentinarrak eta Silvana Pissano uruguaitarra izan ziren gonbidatuak.

Zortzi herrik osatzen dute Montevideo, eta Municipio B izena dueneko alkatea da Pissano. Arkitektoa eta aktibista feminista da, eta urbanismo feministan jarria du arreta. "Instituzioetatik egin behar dugun lehenengo gauza da entzutea eta aitortzea; izan ere, emakumeok, talde pluraltzat, bizi egin gara, eta gure hiriak ere modu berezi batean desio ditugu. Hori litzateke lehen errekonozimendua".

Haren arabera, aitortza hori ez da egin orain arte, "ikusezina" izan da, baina hori iraultzeko garaia dela uste du, instituzioetatik ere horren alde lan eginda. "Gobernuetatik, gobernuetan gaudenok, aitortu behar dugu emakumeak subjektu politiko bat direla ahots propioarekin, benetan nahi duguna esateko eta zinez desio duguna adierazteko gai garela. Hori da kontua. Hirigintza feminista ez da manual bat, testuinguruekin identifikatzea baizik".

Esate baterako, testuingurutzat aipatu du Municipio B herrian hiritarren %30 hirugarren adinekoa dela, baina airera bota du ea herri, hiri, kale, plaza eta ekipamenduek errealitate hori aitortzen duten, ea behar beste hartzen den kontuan dagoen aniztasuna, uste baitu posible dela zaintza erdigunean jarriko duen hirigintza eredu bat bultzatzea. "Zainketa plan bat ari gara lotzen, eta plan horrek bizitzei eman nahi die balioa. Eta pluralean diot, aitorpen horren parte delako, garrantzitsua den interdependentzia sozialaren parte. Guztiok behar ditugu zainketak gure bizitzako une batean (...) Are gehiago, era berean, erronka berri bat dago hiriak Lur planetaren zaintzarako ere pentsatu behar ditugula pentsatzean".

'Casa Comunidad' proiektua

Eskuartean dituzten proiektuen eta parte hartze prozesuak izan zituen hizpide Pissanok solasaldian, egiteko bidea luzea dela azpimarratuta, eta, hain justu, bidea egiten dabiltza Argentinako Cordoba herriko Casa Comunidad egitasmoko kideak ere. Ekimen pribatu bat da, eta feminismorako erremintatzat aurkezten dute proiektua Medina eta Fontanellazek. Haien arabera, emakumeak antolatzeko tresna eraginkorra da euren eskualdean; antolatuz gero, dinamika propioak jartzen dituzte martxan, eta baita proiektuak eraiki ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak