Bizitza osoan margotu zuen Jose Migel Zumalabek (Donostia, 1906-1992) eta familiak berrehun bat obra ditu katalogatuta. Horietako 30 bat daude ikusgai urriaren 15era arte Bergarako Aroztegi aretoan.
Artista donostiarraren ibilbide artistikoaren erakusgarri izan nahi du erakusketak. "Aitona pasa zen pintura koloretsu eta organikotik natura hilak pintatzera eta gero hasi zen formak eta koloreak sintetizatzen eta gama kromatiko oso zehatz bat erabiltzen", azaldu du Maddi Zumalabe bilobak.
Ondo ikusten da bilakaera hori erakusketan. "Eraikuntzan lanean aritu zenean asteburuetan bakarrik pintatzen zuen eta sasoi horretan paisaia asko egin zituen, baina gero berriz ekin zion sarriago margotzeari eta figuratibotik abstrakzio geometrikora egin zuen bidea. Serge Poliakoff margolari errusiarraren erakusketa bat ikusi izana erabakigarria izan zen. Mugarri handia izan zen aitonarentzat eta beste pauso bat eman zuen. Kasu honetan, pintura oso oso sintetizatu batera".
Elementalean irakasle
Donostian jaio zen 1906. urtean Joxe Migel Zumalabe. Gerra aurretik matematika eta marrazketa irakaslea izan zen Elementala izenez ezagutzen zen eskolan. Simon Arrieta lagun izan zuen eta Zumalaberen emazte izango zenaren margolana egin zuen Arrietak. Familiak etxean du margolan hori.
Gerrako urteak Donibane Lohizunen eman zituen eta ostean Donostiara itzuli zen. Irakasle lanetara bueltatu zen 1950eko hamarkadara arte. Hortik aurrera, eraikuntza lanetan aritu zen. Besteak beste, Arantzazuko elizan aparejadore izan zen.