ALBISTEAK

Bete-bete datoz sanmartinak

Miren Arregi Amasorrain 2023ko ira. 7a, 18:26

Lau eguneko jaiak izango dira aurtengoak, ohi baino luzeagoak, irailaren 14tik 17ra ospatuko baitira. Zapatuan, sanmartinetako feria izango da bi kokagunetan, plazan eta Seminarixoan. Danborrada nagusian, berriz, 700 danbor jotzailetik gora arituko dira.

San Martin Agirreren omenezko ospakizunek zapatuan dute lehenengo hitzordu handia Bergaran, San Martin plazan eta Seminarixoko patioan egingo den San Martin feriarekin. Bigarrena datorren asteburuan izango da eta Udalak eta Xaxau Konpartsak lau eguneko egitarau betea prestatu dute, txiki, gazte zein helduk izan dezan zertaz gozatu. Gaur, eguena, eman dituzte egitarauaren gaineko xehetasunak Bergarako osoko bilkuren aretoan egindako agerraldian eta udal ordezkariez gain, aurkezpenean izan dira danborradako hainbat parte-hartzaile ere.

Zapatuan, feria

Zapatuko San Martin feriari dagokionez, ohi bezala bi kokaleku hartuko ditu. San Martin plazan barazki, fruta eta gazta lehiaketako postuak egongo dira. Bost ekoizle aurkeztu dira barazki eta fruta lehiaketarako eta gazta lehiaketan 20 ekoizlek emana dute izena dagoeneko. Halere, zapatura arte dago gaztak aurkezteko aukera. Barazki, fruta eta gazta lehiaketako sari banaketa ere plazan egingo da, 13:30ean. Kokaleku horretan egongo da baita ere, Urzelai, Imaz eta Leturia harakinek ekarritako odolosteak dastatzeko aukera.

Bestalde, Seminarioko patioan egongo dira talo postua eta bestelako produktuen azoka. Guztira 27 salmenta mahai jarriko dira bertan, jakiak, baserriko produktuak, kosmetika eta bestelakoak. Nabarmentzekoa, baita ere, kokagune horretan erleek hartuko duten protagonismoa: Erlantz Olabarriak Erleak Arriskuan deritzon aurkezpena egingo du, eztiaren eraldaketa aurrez-aurre ezagutzeko aukera eskainiz. Gainera, Jardun Elkartearen eskutik, haurrentzako erleen inguruko tailerrak ere egingo dira. Gaurko agerraldian, "San Martin feriak bergararrentzat duen garrantzia" nabarmendu du hirigintza zinegotzi Markel Azkargortak eta azaldu du "aukera polita dela ekoizleen eta herritarren arteko harremanak lantzeaz gain, lehen sektorean ari diren pertsonei aitortza egiteko".

San Martin feriaz gain, zapatu arratsaldean Bikote Nagusien 38. Dantza Txapelketa ospatuko da. Aurten bada berritasunik, txapelketa kalera atera gura izan baitute. Hala, Seminarixo barruan egin beharrean, plazan egingo da. 19:30ean hasiko da txapelketa. Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga bergararrek hartuko dute parte.

Danborrada gora eta gora

Datorren asteburura eginda, aipatzekoa, aurten lau eguneko egitaraua izango dutela jaiek. Urtero bezala, jaietako protagonista nagusia danborradak izango dira. Nagusienean, esaterako, gora egingo du parte hartzeak aurten. 720 lagun danborrak jotzen, bandera eroaleak, 60 lagun Musika Bandan, 45 errepresentazioan... 800 lagunetik gora elkartuko dira San Martin plazan danborradaren bukaeran. "Danborradaren momentu arrakastatsu bat bizitzen ari gara eta horretaz gozatu behar dugu guztiok, adin eta genero aniztasun handia egongo da, gainera", azaldu du Maite Usabiaga zinegotziak.

Suzko erroberarik ez

Iazkoari jarraituz, aurten ere ez da suzko erroberarik egongo. Kultur zinegotzi Maite Usabiagak azaldu duenez, gaur egungo segurtasun araudiak ez du Agorrosinetik bota ahal izatea baimentzen. "Saiatu gara beste toki bat bilatzen baina ez dugu leku egokirik aurkitu, penaz, ohitura honi agur esan beharko diogu", azaldu du. Hori horrela, irailaren 16an, zapatua, suzko zezena aterako da 22:30ean, San Martin plazatik.

Sokamuturra balkoitik

Zapatu goizean eta domeka goizean, sokamuturra egongo da 09:00ean, Barrenkaletik San Martin plazara. Sokamuturra udaletxeko balkoitik ikusteko aukera egongo da eta horretarako www.bergara.eus webgunean eman beharko da izena irailaren 11 baino lehen. Izena ematen duten pertsonen kopurua baimendutakoa baino handiagoa bada zozketa egingo da.

Sokamuturraz gain, errekortadore eskolako ikuskizunak ere egingo dira: bi egunetan izango dira Seminarioko patioan –zapatuan 16:00ean eta domekan, 17:00etan–.

Pintura lehiaketa berrikuntzekin

Irailaren 17an, domekan, aire libreko 48. Simon Arrieta Pintura Lehiaketa ere egingo da, Beart elkarteak antolatuta. "Beart elkarteak eginiko eskaera baten ondoren, beste lehiaketa batzuetako irizpideak aztertu dira eta hirugarren saria gehitzea erabaki da", azaldu du zinegotzi Maite Usabiagak. Sari banaketa 15:00etan egingo da udaletxean.

Xaxau Konpartsarekin elkarlanean

Xaxau konpartsak Udalarekin elkarlanean, egitarauaren diseinuan parte hartu du eta ekintza desberdinak antolatu ditu Munibe plazan kokatuko duen txosnagunean. Txorotxarangak, kontzertuak, DJ saioak, bazkari herrikoia... antolatu dituzte. Txomingeroen bazkaria zapatuan egingo da, 14:30ean, eta horrekin batera Bingo Musikatua ere egingo dute.

Eraso matxisten kontra

Bestalde, eraso matxistei aurre egiteko neurriak ere hartu ditu Udalak. Adierazpen libreko guneetan euskarriak jarriko dira mezu batzuekin eta eraso matxista bat gertatzen bada jarraitu beharreko pausuekin. Tabernetan eta txosnagunean ere jarriko dira. Horretaz gain, irailaren 15ean eta 16an Arreta Gunea ere jarriko da Irizar jauregian, 00:00etik 06:00era. "Jai seguruak nahi ditugu eta denok modu aske eta libre baten gozatu ahal izatea bermatu behar dugu", azaldu du Usabiagak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak