Ihes-gela birtuala Bergarako Udal Artxiboaren eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ira. 1a, 14:05

Udal Artxiboak abuztuan eman zuen ezagutzera Artxiboaren Misterioa izeneko ihes-gela edo escape-room-a, bereziki jende gaztea erakartzeko asmoa duena. Leku fisikorik ez dutenez, online jolasteko egin dute, bergarakoartxiboa.eus webgunean.

Goizeko ordutegian izan bada ere, zabalik egon da abuztuan Bergarako Udal Artxiboa. Eta Bergarako artxiboaren ezaugarri berezietako bat aipatu beharko balitz, esan daiteke etengabe berrasmatzen ari direla; horren adibide da abuztuan zehar ezagutzera eman duten Udal Artxiboko ihes-gela edo escape room-a. "Egunerokotasunetik apur bat irten eta jende gaztea ere artxibora gerturatzeko dugun asmoaren barruan ulertu behar da escape room-a. Artxiboan bertan ez dugu leku fisikoa halako joko baterako, baina online egitea bururatu zitzaigun. Ekintza ezberdin bat da, lehen aldiz antolatu duguna; Tarragonako artxiboan, adibidez, halako bat egin zuten eta guk gurea ere egitea erabaki genuen", dio artxiboko arduradun Arantzazu Oregik.

Artxibozainen laguntza, beti

Artxiboaren Misterioa izena jarri diote ihes-gelari, eta bergarakoartxiboa.eus webgunean aurki daiteke. Ihes-gelatik irtetea lortzea "zaila" dela aurreratu du Oregik: "Guk lortu dugu ihes-jokotik irtetea, baina badakigu ez dela batere erraza. Artxibotik kanpoko herritarren batek ere lortu du, baina badakigu zaila dela. Hori bai, misterioa argitzen saiatzen denari laguntzeko prest gaude". Horrez gain, artxiboko arduradunak aipatu du buruan dutela ekimen honetatik lehiaketa bat ere abiatzea, baina horretarako herritarrak animatu beharko lirateke eta beste aplikazio bat sortu beharko lukete: "Saiatzen gara gauza berriak egiten, baina baliabideak mugatuak ditugu gero buruan dugun hori martxan jartzeko".

Digitalizatutako argazkien datuak

Ihes-gela sortzearen ekimen berritzaileaz harago, Oregik azpimarratu du garai bateko argazkiak digitalizatu eta herritarren eskura uzteak izan duen arrakasta: "Argazki horiek webgunean jarri genituenean jende asko sartu zen, herritarrek gustura hartu zuten ekimena. Eta argazkien aitzakian artxiboko beste edozein kontsulta egiteko grina sortzen bazaie, gu pozik". 2022ko memorian jasota utzi dutenez, iaz "500.000 sarrera inguru" izan zituzten digitalizatutako argazki horien bueltan: "Datua itzela da, sarrera asko dira. Eta deskargen datua ere izugarria da". Datuak zehazki honako hauek dira: 567.844 bisita izan ziren eta 34.218 deskarga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak