Nerea Agirrezabal: "Inork ere ez zuen espero gu hain aurrean ikustea"

Xabier Urtzelai 2023ko uzt. 21a, 13:00

Iaz erretiroa hartu zuen Nerea Agirrezabal (Bergara, 1994) arraunlari bergararrak, baina Tolosaldeak fitxatu eta Euskotren ligan hirugarren postuan daude. Kontxako Banderarekin egiten du amets.

Bost urtez Ondarroako Arraun Taldean jardun eta gero, Nerea Agirrezabalek (Bergara, 1994) trainerutik jaisteko erabakia hartu zuen iaz. Baina... bizitzaren paradoxak: ez zuen itsasotik urruntzeko tarte handirik izan, Euskotren ligan diharduen Tolosaldeako arduradunen deia jaso zuen-eta segituan. Eta maila gorenera salto egiteko aukerari ezin izan zion ezetzik esan. Ez hori bakarrik: inork espero ez zuen liga hasiera egiten dabil Tolosaldea, bost estropada egin eta gero –Coruñako estropada bat bertan behera geratu zen– hirugarren daude-eta sailkapenean, Donostia Arraun Lagunaken eta Orioren atzetik.

Arrauna alde batera uzteko erabakia hartzetik maila gorenera salto egitera pasa zara. Zer moduz?

Ondo, oso ondo. Urte askoan Ondarroan egon naiz, beheragoko mailan, eta, han ere gogor eta serio entrenatzen baginen ere, akaso, orain konpromiso eta zorroztasun gehiago eskatzen duen kategoriara pasa naiz. Eta exijentzia maila ere handiagoa da. 

Uztailean hasi zenuten Euskotren liga, Galizian. Eta, irailera arte ez duzue atsedenik hartuko.

Hala da; Kontxako Banderara arte ia astebururo izango ditugu estropadak. Uda sasoi betea izaten dugu guk, eta ohituta gaude horretara.

Eta zer sentitzen da ligako oilarren artean zaudetela ikusita? Izan ere, oraindik ez duzue estropadarik irabazi, baina hirugarren zaudete.

Egia da ez genuela halakorik espero, ez guk eta ez inork. Oso gogor ibili gara entrenatzen, eta entrenatzaileak ere horixe aitortu digu. Eta oso garbi dugu hor egon nahi dugula, baina Coruñan jokatutako lehenengo estropadan bigarren geratu ginenean... ezustea hartu genuen denok. Egia da sekulako parekotasuna dagoela Euskotren ligan, talde asko gaude segundo gutxiko tartean eta estropada bakoitzean detaile bakoitza erabakigarria da. Akats txikiena garesti ordaintzen da hemen, eta konturatu orduko zortzigarren postura joaten zara.

Domekan Oriok etxean irabazi zuen, eta hirugarren izan zineten zuek, hamar segundora.

Hamar segundo asko dira, baina ez dira horrenbeste. Hau da, Oriok etxean jokatzen zuen, eta guk lehenengo txandan hartu genuen esku. Gure txandan bigarrenari 30 segundo atera genizkion; alegia, erlojuaren kontrako proba bat egin genuen, baina erreferentziarik gabe. Orio ondoan izan bagenu non egongo ginatekeen... ez dago jakiterik.

"Ez dugu presiorik ez garelako faboritoak. Guk ere ezustea hartu dugu egin dugun liga hasiera onarekin"

Posible ikusten duzue bandera bat irabaztea?

Ez dugu denboraldi hasieran bezain urrun ikusten. Tolosaldeak bi urte daramatza Euskotren ligan, eta oraindik ez dugu inoiz banderarik irabazi; historikoa izango litzateke klubarendako. Garaipena oso garesti dago, baina egia da, baita ere, orain arte bandera irabazi duten horiei estropadaren batean irabazi egin diegula guk ere. Zorte apur bat ere behar da, kale egokia izatea, luze onak egitea...

Ze bandera irabazi nahiko zenuke?

Kontxakoa, zalantza barik. Baina Euskotren liga barruan edozein esango nizuke, hor ez daukat preferentziarik.

Debagoiendar bat Kontxako Banderaren lehian ikusi ahal izango dugu aurten?

[Barreak] Egia da badudala arantza hori sartuta; alegia, Ondarroarekin behin baino gehiagotan egon ginen Kontxako Banderarako sailkatzeko puntuan, baina segundo gutxigatik ez dugu lortu izan –2021ean bi segundoko aldeagatik geratu zen Ondarroa Cikautxo kanpoan–. Kontxako Bandera zortzi traineruk jokatzen dute, baina bat Donostiarra da, etxekoak zuzen sartzen direlako finalera. Horrenbestez, zazpi onenen artean egon behar duzu, eta, esan moduan, atarian egon ginen behin baino gehiagotan. Eta orain bai, Tolosaldearekin berez tokatzen da Kontxako Banderan egotea, baina berriro esango dut: akats txikiena oso garesti ordaintzen da hemen; horrenbestez, ligan aurrean egoteko moduan Kontxan egoteko ere oso ondo egin beharko ditugu gauzak. Hemen inork ez du ezer oparitzen.

Beste baliabide batzuekin lan egiten denean presioak ere gora egiten du? Beste exijentzia maila bat duzue?

Berez, hala beharko luke, baina guk ez dugu halakorik sentitzen, berez ez garelako faboritoak; ez zuten espero gu hor egotea. Aurten helburua playoff-etan egotea da, horretarako gabiltza lanean, eta, oraingoz, bide onetik goaz. Baina bai, azken estropada hauetako emaitzak ikusita, gure lehenengo garaipenarekin amesten ere hasita gaude.

Play-off horiekin amaituko da liga...

Bai; Kontxako Bandera ostean jokatzen dira play-off horiek. Berez, hara sailkatzen ez direnek Kontxako Banderarekin amaitzen dute denboraldia, eta ligako lau talde onenak play-off-etarako sailkatzen dira [Play-off-etako lehenengo jardunaldia Bermeon jokatuko dute irailaren 16an, eta irailaren 17an Portugaleten].

Bitxia da Tolosa moduko herri batek, kostaldekoa izan gabe, arraun taldea izatea... Zelan eta non entrenatzen zarete?

[Barreak] Askok galdetzen diguten gauza bat da hori. Esango nuke Tolosan [Oria errekan] batelak soilik entrenatzen direla. Guk trainerillak eta trainerua egin ditugu aurten, eta trainerua San Pedroko klubaren lokalean gordetzen dugu, Pasaian. Hala, entrenamendu bakoitza egiteko, lehenengo, Tolosan elkartzen gara; hara autoz joaten gara kanpokoak garenok eta han pare bat furgonetatan sartzen gara Pasaiara joateko. Hala, entrenamenduak Pasaiako portutik kostaldera bitarteko tartean egiten ditugu. Lan kontuengatik denboraz justu banabil zuzen joaten naiz Pasaiara; bestela, Tolosan elkartzen naiz taldekideekin.

Joan-etorri asko dira horiek; apustu pertsonala ere hor dago.

Bai, eta hori da gogorrena. Bergaran halakorik izango bagenu, pentsa ze erraza izango litzatekeen... Lanetik irten, motxila hartu eta zuzen entrenatzera. Baina bai, joan-etorri asko egin behar izaten ditut eta nekagarria egiten da. Neguan, esaterako, aste barruko lana sikuan egiten dugu, gimnasioan, eta lan hori bai egiten dut Bergaran. Eta asteburuan joaten gara uretara, egubakoitz eta zapatuetan. Urtarrilean domeketan ere hasten gara uretan entrenatzen, eta hilabeteak aurrera joan ahala handitzen joaten dira uretan egiten ditugun saio kopuruak. Sasoi honetan, esaterako, egunero joaten gara uretara. Lehenengo, bestelako ariketak egiten ditugu, sikuan: korrika, pisuak... Entrenatzaileak agintzen duena. Eta ondoren joaten gara uretara. Eta entrenamenduetan ikusten duenaren arabera aukeratzen du talde titularra.

"Gogorrena errepidean egiten ditugun joan-etorriak dira, uda sasoian Pasaiara joaten gara egunero entrenatzera"

Hamalau lagun izaten zarete traineru barruan. Eta taldean zenbat zarete, guztira?

Hemeretzi gara.

Horrek esan nahi du estropada bakoitzean bost lagun kanpoan geratzen direla.

Halaxe da. Orain, asteburu bakoitzean bi estropada izaten ditugu, eta entrenatzaileak aldaketak egiteko baliatuko du hori, jendeari atsedena emateko. Egia da orain arte ez duela aldaketa handirik egin, eta, zorionez, talde titularrean izan naiz, baina etorriko dira aldaketa horiek, bai. Gero, kontuan izan behar da arraunlari batzuk ababorrekoak direla eta beste batzuk istriborrekoak. Traineruaren alde bakoitzean egoten ikasi egin behar da; palada ezberdina da. Hala, estropadaren egunera arte ez dugu jakiten estropada horretan ze taldekidek hartuko duten esku; momentuan esaten digute.

Zuendako zein izaten da etxean jokatzen duzuen estropada?

Pasaiakoa. Egia da Euskotren ligan ez dugula han estropadarik, baina, esaterako, martxoan jaitsierak jokatzen ditugunean Pasaian bai izaten dugu estropada bat. Hala, gizonezkoetan San Pedro izaten da etxeko trainerua eta emakumezkoetan Tolosaldea da etxekoa, San Pedroren barruan gaudelako.

Euskotren ligan bi faborito aukeratu beharko bazenitu... noren alde egingo zenuke apustu?

Gure alde! [Barreak]. Bada, ez daukat batere garbi. Arraun, Orio, Donostia... Horiek dira orain aurrealdean dabiltzan taldeak, baina ez dakit bat aukeratzen.

Asteburuan atsedena duzue. Bestelako planik bai?

Entrenatzea [Barreak]. Hemen ez dago atsedenik; zapatu eta domeka goizean entrenamenduak izango ditugu Pasaian.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak