EH Bilduko zinegotzi Markel Azkargortaren jardun osoko liberazioa izan zen eztabaidagai nagusia atzoko osoko bilkuran. EH Bilduren Udal Gobernuak dio 2020ko uztailean martxan jarritako hiru batzorde nagusirekin funtzionatzeko Udalaren antolaketa berriarekin jarraitzeko urrats koherentea dela, herriko eragileekin batera egokiago lan egiteko dedikazio gehigarri hau ezinbesteko dela ulertuta. "Udaleko sailak hiru multzotan antolatzeko moduaren gaineko balorazio oso ona egin da maila teknikoan zein politikoan eta gure planteamendua da modu horrekin jarraitzea. Hobekuntza dator multzo bakoitzak bere koordinatzailea izendatzearekin; hiru multzo daudenez, hiru koordinatzaile. Aurreko bilkuran bi koordinatzaile izendatuta genituen eta gaur [atzo] hirugarrena izendatu dugu, Markel [Azkargorta], adierazi du EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak.
Eta honako hau gaineratu du Usabiagak: "Barne lanera begirako inbertsio bat da, baina guretzat koherentea da eta zentzu guztia dauka planteamenduak, benetan uste dugulako koordinatzaileokin multzo hauek eraginkorragoak izango direla eta zerbitzuak hobetuko ditugula".
Hain zuzen ere, aurreko agintaldiko ondorioetako bat da EH Bildurentzat dedikazio gehigarri horien beharra: "Koordinatzaile hauek denbora behar dute, dedikazioa lan horietarako. Ohiko jardunaz harago gero ardura hau hartuta, ikusten genuen ezingo zela benetan erantzun lan honek eskatzen duen dedikaziori", dio Usabiagak.
EAJren ustez, "gehiegizko gainkostua"
EAJk proposamenaren aurka bozkatu zuen, liberazio berriek Udalari guztira 78.000 euro pasatxoko "gainkostua" suposatuko diola adierazi eta "gehiegizkoa" dela iritzita. "Liberazio bat gehiagok Udalari guztira 78.000 euro pasatxoko gainkostua suposatzen dio; Udal Gobernuak dio beharrezkoa den euren funtzionamendurako eta guk zalantzak ditugu. Gainkostu hori diru asko da eta uste dugu diru hori ondo etorriko zela aurrekontutako beste partida batzuetarako", adierazi dion atzo GOIENAri EAJko eledun Mikel Letek.
Jeltzaleek gaur bidalitako ohar bidez ere "gogor" salatu dute EH Bilduren erabakia: "Gogor salatzen dugu EH Bilduren jarrera legealdi hasieratik, udalari kostua asko handitzeaz gain, komunikabideekin izan duten jarrera ere iluna eta manipulatzailea izan baita, ekaineko osoko bilkuran liberazio guztiak onartu ziren eta baita soldatak ere eta informazio hau ez dute kaleratu. EH Bilduk sekulako zalaparta ateratzen du besteen soldatak onartzen direnean baina beraien gain kostuak justifikatzea zilegi da nonbait, eta gainera informazioa ezkutatzea ere bai [...] Gardentasuna bermatzea ezinbestekoa da edozein udaletan, baina argi dago, EH Bilduren gobernuak ez duela gardentasuna lehenesten; ez lehen, eta ezta orain ere".
Gaiaren gaineko honako taula ere bidali dute jeltzaleek ohar bidez.
Konstituzionalaren euskararen aurkako epaiaren kontra, aho batez
Bestalde, alderdi sozialistako zinegotzi Alberto Alonsoren presentziarik gabe, udalbatzak aho batez onartu zen Euskalgintzaren Kontseiluak joan den astean publiko egin zuen manifestua, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako barruko funtzionamendua erabat euskaraz izateko duen eskubidearen aurka emandako azken epaia irmoki salatzen duena.