Joan den urteko lan-eredu bera mantendu dute aurten ere: 50 tranpa jarri dira herrian zehar banatuta, eta astero egin dute tranpen jarraipena. Azken kanpainako kopuru bikoitza harrapatu dute aurten eta hori oso pozgarria dela dio Olabarriak; izan ere, estatu espainiarreko daturik onenetakoak dira Bergarakoak. "Irakurri dudanez estatu mailako kanpaina indartsuenetarikoa izan da. Martxoa eta maiatza artean 5700 liztor asiar harrapatu ditugu, eta horietatik %40 inguru erreginak dira".
Erabili diren tranpak komertzialak dira, pertsonentzat kalterik eragiten ez dutenak. Zuhaitzetan jartzen dira normalean. Sustantzia bat botatzen dute ontzira liztor beltza erakartzen duena, baina ez erlea; horrela ekiditen da erleak ere hiltzea. Likidoak erakarri egiten ditu eta ondoren bertan itotzen dira liztor beltzak. Bestelako intsektuak kaltetzea saihesteko tranpei moldaketa txikiak egiten dizkie arduradunak.
Olabarriak azaldu duenez asko lagundu du aurten ere aurretik leku asko identifikatuta zituela dagoeneko Bergarako Udalak, udaltzaingoak egindako lanaren bitartez, eta horrek lana eraginkorragoa izatea ahalbidetu du. Puntu bero horietan egin dute lan, izan ere, urtez urte kokaleku berberak erabiltzen dituzte liztor beltzek habiak kokatzeko.
Kanpaina arrakastatsua izan arren, baina, arazoak larria izaten jarraitzen du eta halako kanpainek hedapen handiagoa behar dutela deritzo Olabarriak.
Udazkenerako kanpainara begira lan handia egongo dela ere gaineratu du Olabarriak.
Gogora ekarri behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako kanpaina izan dela honako hau, Bergarako Udalak sustatu eta Gipuzkoako erlezainen elkartearekin elkarlanean egin dena.