Diskoa kaleratu berri duen Amustei taldea gertutik ezagutzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko eka. 16a, 10:35

Txapa Irratiko Kolax saiorako sintonia sortzeko beharretik jaio zen Amustei taldeak kartzela zaharrean joko du bihar (22:30). Mikel Garatek "gordeta" zituen abestiei tiraka aspaldiko lagunak elkartu eta hamar abestiko diskoa kaleratu dute, kolaborazio bereziekin. Bihar, ekainak 17, Kartzela zaharrean joko dute (22:30), 23. urteurreneko ospakizunen barruan.

Mikel Garate, Kepa Leturia, Iñigo Irizar, Joseba Aldanondo eta Iñigo Ibarzabal dira Amustei, rock amerikarraren itsaso zabalean mugitzen den Bergarako taldea. Urtebete eskas dihardute jotzen, baina eskarmentu handiko musikariak dira gehienak. Dotore eta mimoz jarrita duten lokalean hartu dute GOIENA entseguaren aurretik; zuzenean ikusi nahi dutenek bihar, hilak 17, izango dute aukera, kartzela zaharreko 23. urteurreneko festan joko dute-eta, 22:30ean.

'Kolax' saiorako sintonia

Txapa Irratiko saio baterako sintonia bat izan zen lehen hazia, Leturiaren ustez "taldeko liderra" den Garateren arabera: "Duela urte eta erdi, lana utzi nuenean, hainbat abesti nituen gordeta. Kepak [Leturia] eta biok Txapa Irratian hartzen dugu parte eta Kolax saiorako sintonia bat sortzen hasi ginen gure baliabideekin kartzela zaharreko ziegetako baten. Eta ziega hori gure kontura grabatzeko moduan genuela aprobetxatuta, beste abesti batzuk hasi ginen grabatzen". Honelaxe berretsi du Leturiak: "Ederto pasatu genuen Kolax-erako sintonia grabatzen, eta erabaki genuen aurrera egitea".

Harria taldea bidelagun

Garatek zehaztu duenez, abestiak grabatzen joan ahala hasi ziren "akaso" aurkezteko modukoak zirela pentsatzen: "Gure inguruko musikariei bidali genien eta ulertzen zutenek esan ziguten estudio baten sartzeko. Horrela hasi zen Amustei hazten". Lauzpabost kontzertu eman dituzte, gehienak herrikide duten Harria taldearekin. "Oso pozik" dago Leturia: "Niretzat lehen kontzertuak izan dira publiko aurrean. Behean egon naizenean beti amestu izan dudana da, eta horrek ez du preziorik. Gainera, Harriakoak lagunak dira...". Harriakoak ondoan izatea "sekulako zortea" izan dela dio Garatek: "Harriaren diskorako Aitorri [Aldanondo] letra bat egin nion eta kantu bat abestu, eta hor ezagutu nuen Pottoko estudioa eta Fredi Pelaez. Harriak diskoa aurkezteko bira egin behar zuenean eta ez zuenean lotuta ze talderekin jo agertu ginen gu".

Pozik emaitzarekin

Diskoa 2023ko urtarrilean eta otsailean grabatu zen Beasaingo Pottoko estudioan, eta Aldoka Maldoka (Popis) tabernan eta euren zuzenekoetan egongo da salgai. Hamar abestiz osatua, kolaborazio aipagarri batzuk dituzte: diskoa grabatu dien Fredi Pelaez bera eta gitarra-jole profesionala den Victor Eraiga eta Mostolesko Bittor. Garateren arabera, igartzen da bakarlari baten abestiak direla oinarria: "Lokalera etorri eta denon artean hasi ginenean gauzatxoak sartzen, esango nuke rock amerikarretik dagoela gertuen". Diskoarekin oso gustura daude, prozesuarekin zein emaitzarekin. "Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta gehiago gustatzen zait; hori ez da ohikoena izaten norberak egindako kantuekin", dio Leturiak. Esandakoa, hurrengoa "etxean" joko dute, bihar (22:30).

Kartzela zaharraren 23. urteurrenean

Amustei taldeak bihar, ekainak 17, joko du hurrengo kontzertua Kartzela zaharrean, 22:30ean. Kartzela zaharraren 23. urteurreneko ekintzak geratzen dira oraindik hilabetea amaitu aurretik. Domekan, hilak 18, xake txapelketa irekia izango dute; 16:00etan eman beharko da izena eta 16:30ean hasiko dira bost minutuko partiduak. Ekainaren 20an Txapa Irratia zuzenean entzun eta ikusi ahalko dute bertaratzen direnek, 18:00etatik aurrera. Hilaren 22an, kartzela zaharreko Irakurketa Taldean (KIT) berba egingo dute Alberto Barandiaranen Gurea falangista zen liburuaz (18:30). Hilaren 23an, Angiolillo liburutegiak antolatutako faxismoaren aurkako jardunaldietan Jon Arrizabalagaren Alemaniaren mamua liburuaren aurkezpena izango dute (18:30); eta, ekainaren 24an, Abiadura Handiko Trenaren aurkako erakusketa jarriko dute Irala kalean, egunean zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak