Gorka Artola jarduneko alkateak honako hau adierazi du: "Aisiarako eta gozamenerako tartea eskaintzearekin batera, kulturaren aldeko apustua egin dugu. Aurretik esan izan dut Bergara herri bizia izan dadin nahi dugula, parte-hartzailea eta aberatsa. Eta kulturak herri bat aberats egiten du. Pentekosteak ere horretarako bide izan dira, eta jendea gogotsu ikusi dugu gozatzen. Eta hori oso polita izan da”.
Bestalde, zaintza lanetan aritzen diren emakumeak omendu ditu Jai Batzordeak aurten. "Oso ekimen polita izan zen jaien hasierakoa. Zaintzaren gaia jaien erdigunera ekarri nahi izan genuen, eta zaintza planean jasota dagoen helburuetako bat betetzen hasi: ikusgaitasuna eta aitortza". Giro ona nabaritu da herrian Artolaren iritziz. "Gogotsu zeuden bergararrak. Gozatu dute, baina jarrera ona izan dute oro har, baita kanpotik etorritakoek ere". Pertsona askoren lanari esker egin ahal izan dira jaiak, gazteek lan handia egin dute, eta lanean jardun duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie jarduneko Udal Gobernuak.
Xaxau: "Jende pila bat ibili da"
Xaxau jai herrikoien konpartsako Andrea Gonzalezek balorazio oso positiboa egin zuen aurtengo jaiez: "Oso-oso ondo joan dira jaiak. Jende pila bat ibili da, oro har, Bergaran eta bereziki Bideberriko txosnagunean. Iaz Oxirondo azoka kanpoan jarri genuen txosnagunea eta orduan jende asko ibili zen baina ez zen azokan izan zelako, aurten ere Bideberrin jendetza elkartu delako. Askotan hornitu behar izan ditugu txosnak, bereziki edariei eta izotzei dagokienez. Gau baten izotz barik atera behar izan genituen trago batzuk... Bideberrira itzultzearekin oso pozik gaude". Azpimarratzeko ekitaldien artean, korto lehiaketa nabarmendu du Gonzalezek egitarau osotik: "Urtez urte gero eta jende gehiago hurbiltzen da txosnagunera laburmetrai lehiaketaz gozatzera; hori bai, aurten aurreko urteetan baino lan gutxiago aurkeztu dira".
Protokolorik ez da aktibatu
Amaitzeko, Martxanterek ez dute eraso matxisten aurkako protokoloa aktibatzeko beharrik izan.