Udalean euskararekin "eredu" izaten jarraitzeko plana aurrera, aho batez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mai. 24a, 15:18

Puntu gehienak onartu ziren aho batez atzo Bergaran, agintaldiko azken ohiko osoko bilkuran. Aho batez onartu zen, besteak beste, 2023tik 2027rako Bergarako Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plana. Amaierako galderen eta eskaeren tartea baliatu zuen Larramendiko Arnasa taldeak hurrengo agintaldira begirako galderak egiteko.

Agintaldiko azken ohiko bilkuran hainbat gai landu zituen udalbatzak eta bozkatu ziren puntu gehienak onartu ziren aho batez. Adibidez, Narbaiza jauregiaren erabilera Diputazioari ematea; Bergarako Udala Berener kooperatibako bazkide laguntzailea izatea, Erraldoi Taldearekin hitzarmena berritzea edo 2023tik 2027ra arteko Udaleko euskararen erabilera plana. Aurtengo Udaleko euskara planak, gainera, badu berezitasun bat, EH Bilduko eledun Nagore Iñurrategiren arabera: "Lau urtean egin beharreko plan estrategiko honek badu berezitasun bat. Metodologia berri bat ezarri nahi dute eta horretarako hautatuetako bat izan da Bergarako Udala. Esan dezakegu praktika onagatik aukeratu gaituztela eta eredu garela; horretan jarraituko dugu".

Ekaitz Aranberri zinegotziaren ustez, ez da kasualitatea metodologia horretarako Bergarako Udala aukeratu izana: "Ez da kasualitatea Bergarako Udalari proposamena egitea, eta horri balioa eman nahi diot. Urte askotako lanaren ondorioz, eredu da Bergarako Udala euskararen normalizazioan. Eta hala jarraitzen dugu, Harixa lan munduan euskara sustatzeko ekimenarekin, esaterako".

Frontoia birgaitzeko diru-laguntzarik ez

EAJk abstentziora jo zuen 780.000 euro inguruko kreditu aldaketa proposamenean. Udal pilotalekua birgaitzeko Europako Next Generation diru-laguntza jaso ez izanak eragin du kreditu aldaketa hori. Jeltzaleek azpimarratu nahi izan dute birritan ez dela diru-laguntza lerro hori lortu, taldeko bozeramaile Maite Agirreren bitartez: "Bergarako Udalak Next Generation-eko bi diru-laguntza eskatu ditu eta biak bota dituzte atzera. Ikusten ari gara nola Oñatin aurrera doan laguntza lerro hori, edo Arrasaten, edo Soraluzen... Baina Bergara ez. Uste dugu hori ere badela kudeaketa ezaren adierazgarri [...]. Diru-laguntzarik lortu ez arren, akaso frontoiko proiektuari buelta bat eman behar zaio eta prest utzi Aldundiak edo Jaurlaritzak lerro berri bat ateratzen badu; batzordean bizirik mantendu beharreko proiektua da".

EH Bilduk, frontoiko proiektua hobetzen jarraitzeko asmoa agertzeaz gain, aurreikusitako kopuru hori nora bideratu den azaldu zuen: "Ez denez diru-laguntza hori etorri, tokatzen da proiektu horri berriz heldu eta hobetzea; beharra ez da-eta desagertu. Aurreikusita zegoen hori behar berrietara bideratu da", esan zuen Iñurrategik.

'Geuretik Sortuak' beka ere aurrera

Jeltzaleen abstentzioarekin aurrera egin zuen beste puntu bat izan zen Bergarako Udalak Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekarekin aurrera egitearena. EH Bilduk eta EAJk ez dute ikuspegi bera 37.500 euroko beka horren bueltan.

EH Bilduko Nagore Iñurrategik honako irakurketa hau egin zuen: "Euskara, nazio eraikuntza eta herria egiten dugu halako ekimenekin eta ezin da ahaztu Bergarako sortzaileek ere eman ahal dutela izena. Gainera, beka horretan sortzen dena Bergarara etorriko da bueltan".

EAJko Maite Agirrek, berriz, ez du iritzi bera: "Uste dugu 37.500 euro diru asko dela eta Bergaran ere badugula euskaraz sortzen duten sortzaileak. Diru hori Bergarako sortzaileei bideratu beharko litzaieke".

Berener eta Goruetan ikerketa beka

Udala Berener kooperatibako bazkide laguntzailea izatea ere onartu zuen udalbatzak, eta baita Goruetan ikerketa bekaren oinarriak ere. Helburua da emakumeek herriari eta gizarteari egindako ekarpenak ikertzea eta zabaltzea; emakumeen lana argitara ematea. Bi urteetarako beka da.

Larramendiko Arnasakoak galdezka

Amaierako galdera eta eskaeren tartean, Larramendiko Arnasa taldeko Joseba Zuzaetak hartu zuen hitza. Batetik, EAJri galdetu zion zergatik dioten ez dela erraustegia egin nahi dena;  jeltzaleen bozeramaile Maite Agirrek erantzun zion esanez ez direla Larramendiko Arnasak egiten dituen hausnarketak baloratzen sartuko.

Bigarren galdera baten Larramendiko Arnasakoek nahi izan zuten jakitea hurrengo agintaldian Udal Gobernuan egongo den alderdiak nola bideratuko duen auzia; EAJk ez zuen eztabaidan sartu nahi izan eta adierazi zuen, tamalez, gaia ez dagoela Udalaren esku epaitegietan dagoelako. Gorka Artola alkateak argi utzi zuen aho batez onartutako Plan Orokorrak ez duela baimentzen halako proiektu bat eta hori defendatuko dutela egungo prozesu judizialean eta hala beharko balitz aurrerago beste instantzia batzuetan. Larramendiko Arnasakoek txosten bana ere eman zien talde bakoitzari, diotenez, erraustegien eta ondoan dauden herriguneetan minbizia kasuak areagotu egiten direla frogatzen duen ikerketa baten oinarrituta.

Larramendiko Arnasa taldeko kideak atzo, udaletxean.

Bestalde, bilkurarekin amaitzeko, datorren agintaldian egongo ez den EH Bilduko Nagore Iñurrategik hartu hitza eta esker on hitzak izan zituen, besteak beste, Udal Gobernuarentzat, udal langileentzat eta oposizioarentzat.

Agintaldiko azken ohiko bilkura

Atzokoa agintaldiko azken bilkura izan zen eta amaieran talde argazkia atera zuten –PSE-EEko Alberto Alonso ez zen egon–.

Udalbatzaren talde argazkia, bilkuraren amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak