Beste urte batez, erraldoiek Bergarako jaien zapatua girotuko dute. Goiz eta arratsalde, herriko kale nagusietan arituko da Bergarako Erraldoi Taldea, umeen gozamenerako. Aurten, herriko erraldoi taldeaz gain, herrian izango dira Burrianatik, Iruñetik, Sestaotik, Bermeotik eta Deustutik iritsitako beste erraldoi talde batzuk. Ibon Unamuno Bergarako Erraldoi Taldeko kidea da, eta Deustuko Ondalan taldea eta Bermeoko erraldoiak arratsaldean bakarrik egongo direla azaldu du.
Eguna 11:00etan hasiko da, dianarekin. Bergarako Txistulari Banda Bolutik abiatuko da; Bergarako trikitilariak, Labegaraietatik; eta Elgoibarko dultzaineroak, Oxirondotik. Ondoren, 11:30 inguruan, talde gonbidatuek kalejira abiatuko dute. Aurten, joan den urtean moduan, bi kalejira egingo dituzte. "Aurten, joan den urteko asmo bera mantentzen dugu, eta, iaz bezala, bi kalejiratan abiatuko dira talde gonbidatuak", azaldu du Ibon Unamunok. Espoloitik eta Matxiategitik abiatuko dira Burrianako Colla de Gegants i Cabuts erraldoi taldea (Castello), Sestao eta Buztintxuri taldeak. Ondoren, guztiak San Martin plazan elkartuko dira.
Erraldoien gunea
Erraldoien gunea 11:30ean hasita, San Martin plazan erraldoien gunea jarriko dute: erraldoien erakusketa, krispeta-makina, erraldoien liburuxka umeek margotzeko, umeentzako puzgarriak eta abar. Beti bezala, Bergarako Erraldoi Taldeak antolatuko du erraldoien gunea. Aipatzekoa da gomazko erraldoiak salgai egongo direla, bai Bergarakoak eta baita kanpoko taldeenak ere. 12:00etan, umeen taldea musikariekin batera Mizpirualde egoitzara joango da. "Egoitza barrura sartuko gara, eta han, beti bezala, dantza egingo dugu. Beste urte batzuetan, pandemiaren ondorioz, ezin izan gara barrura sartu, baina aurten barrura sartuko gara", jakinarazi du Unamunok.
Gero, talde gonbidatuak aurkeztuko dituzte plazan, eta bakoitzak dantza bat egingo du. Horren ostean, Bergarako Oilagorra Ehiza Elkartean bazkalduko dute. "110 pertsona inguru egongo gara erraldoiekin dantzan eta laguntzen, eta elkarrekin bazkalduko dugu, urtero egiten dugun moduan", dio Unamunok. Aurten Bergaran izango den erraldoi kopuruaz galdetuta, aurreko urteetakoaren antzekoa egongo dela argitu du Unamunok: "Buruz ari naiz, baina berrogei bat erraldoi izango dira Bergaran". Bergarako hemezortzi erraldoiez gain, Buztintxuriko lau, Bermeoko beste lau, Sestaoko lau, Deustuko Ondalaneko zortzi eta Burrianako bi edo hiru, hain zuzen ere. Bazkalostean, azkenik, 18:15ean hasita, erraldoien, buruhandien eta kilikien kalejira egingo dute, guztiek elkarrekin plazan hasi eta bukatuta. San Martin plazan hasi ondoren, Bidekurutzeta, Ibargarai, Irizar, Bideberri, D. Irala eta Barrenkalea kaleetan arituko dira.
Urtero gonbidatu ezberdinak
Unamunok adierazi duenez, saiatzen dira urtero talde ezberdinak gonbidatzen. "Pandemia baino lehen, otsailean Burrianan egon ginen, eta, hiru urte igaro eta gero, haiek etorriko dira. Bestalde, sekula ez gara egon Bermeon, eta Sestaon bueltatu egingo diegu mesedea handik deitzen digutenean. Deustuko Ondalan taldekoak 2020an etortzekoak ziren, eta, hitz eginda genuenez, joan den urtean etorri ziren, eta aurten ere etorriko dira, baina arratsaldez bakarrik", azaldu du. Azkenik, joan den urtean lehenengoz Oñatiko erraldoiak izan ziren Bergaran, baina aurten ez dira izango. "Hurrengo urtean berriro ere gonbidatuko ditugu", azaldu du Unamunok. Gauzak horrela, jaietako bigarren egunean, goiz eta arratsalde, umeek eta helduek erraldoiekin gozatzeko aukera izango dute Bergarako Pentekosteen barruan.