Paulo Azpiazu: "Gustukoen ditudan harriak erakutsiko ditut"

Miren Arregi Amasorrain 2023ko mai. 24a, 18:00

Online bidezko entrenatzaile pertsonala da Paulo Azpiazu (Bergara, 1996). 7 urterekin utzi zuen sorterria Lizarrara bizitzera joateko, eta 18 bete zituenean Getariara egin zuen; gaur egun ere hantxe bizi da. Iaz bezala, aurten ere Pentekoste jaietan Bergarara itzuliko da Azpiazu, herri kirolen erakustaldira, gustuko duen horretara, harriak jasotzera, alegia. Maiatzaren 30ean izango da, 12:00etan, San Martin plazan.

Sorterrira itzuliko zara. Zer sortzen dizu Bergarako plazan aritzeak?

Bergara oso herri berezia da niretzat. Nire lehenengo zazpi urteak eman nituen bertan eta familia ere Bergaran dut. Horregatik, oroitzapen handiak ekartzen dizkidan plaza da Bergarakoa. Oso gogoan dut Bitorianatxo plaza gainetik igarotzen zen une hura. Gustatzen zaidan plaza bat da eta gustura joango naiz bertara.

Eta erakustaldi bat egiteko plaza beroa da?

Bai. Iaz egon nintzen lehenengoz Bergarako plazan harriak jasotzen, eta oso toki aproposa da, plaza handia, jende asko batzen da... Plaza asko ezagutu ditut egiteko horrekin, eta denetarikoak daude. Esan dezaket egon naizen toki guztietatik Bergarako plaza eleganteenetakoa dela.

Zein erakustaldi egingo duzu?

Oraindik ez dakit ziur ze harri eramango dugun, baina erakustaldia denean helburua ez da izaten gorputzari sekulako astindua ematea. Hori txapelketetan bai, baina erakustaldietan gura izaten dugu harri desberdinak erakutsi: koadroa, kubikoa, bola... Bergaran gustuko ditudan harriak erakutsiko ditut, eta ze harri mota desberdin dauden herritarrei erakusten saiatuko naiz.

Zer-nolako harriak dira zure gustukoak?

Harri asko daude. Niri asko gustatzen zaizkit bai mendiko eta baita errekako harriak. Harri oso baldarrak dira, forma bakoak. Esate baterako, Igeldoko harria asko gustatzen zait, eta esango nuke, bereziki, bolarekin dudala oso harreman ona. Harri guztietatik ondoen ibiltzen naiz bolarekin.

"Asko gustatzen zaizkit mendiko eta errekako harriak, baldarrak, forma bakoak"

Ez dirudi heltzeko errazena...

Harri-jasotzailearen araberakoa da hori. Niri bereziki erraza egiten zait harri mota hori. Indar handikoa naiz, gimnasiotik nator, eta oso harri esplosiboa da. Beste harriak teknikoagoak dira; hau ez, hau esplosiboagoa da.

Eta pisua?

Iaz 150 kiloko koadro bat, 113ko kubikoa eta 100 kiloko bola eraman nituen, eta uste dut aurten ere antzerakoak erabiliko ditugula, baina, egia esateko, oraindik ez dugu guztiz erabaki.

Lagun izango dituzu izen ezagunak. Hodei eta Ernesto Ezpeleta Bihurri aita-semeak, Alex Txikon, Xabier Zaldua, Karlos Aretxabaleta eta Ainitze Zumeta. Ikuskizuna ziurtatuta dago?

Zalantza barik, polita izango da.

Ainitze Zumeta eta biok bikotekide zarete; elkarrekin entrenatzen zarete?

Ez, entrenamendu desberdinak egiten ditugu; emakumezkoen eta gizonezkoen entrenamenduak desberdinak dira.

Plazan biok elkarrekin egotea gustuko duzu?

Oso harreman ona daukagu. Hura crossfit mundutik dator eta ni, batez ere, gimnasiotik. Harriekin ni hasi nintzen lehenengo, eta gero animatu nuen hura ere horretan hastera. Hasieran, ez zuen konprometitu gura, baina, azkenean, animatu zen. Geroz eta neska gehiago dabil harriak jasotzen, eta indar handia hartu du. Batzuetan, elkarrekin aritzeko deitzen gaituzte, Bergaran gertatu den moduan. Gero, nik nire txapelketak ditut eta hark beste batzuk.

Herri kirolekiko afizio handia dago gaur egun?

Duela urte batzuk indar handia zuten herri kirolek. Plazak bete egiten ziren; esango nuke orain berriz ari dela indarra hartzen, azken urteetan oso jaitsita egon ondoren. Ni sartu naiz, neskak sartu dira, sare sozialetan ere aritzen gara gaiarekin, eta indarra hartzen hasi da. Ikuspegi modernoago batekin dihardugu, eta uste dut gorantz doala.

"Nire bizitzako parte dira, eta, beraz, harriak nire sare sozialetan ageri dira"

Zu asko aritzen zara sare sozialetan. Egiten duzun lanak bultzada eman die herri kirolei?

Nire helburu zuzena ez da sare sozialetan harriaren marketina egitea, ni online bidezko entrenatzaile pertsonala naiz, hori da nire lana. Baina egia da harria nire bizitzaren parte den heinean nire sare sozialetan presentzia baduela. Eta, noski, atentzioa ematen duen zerbait da.

Herri kiroletan beste modalitateren batera salto egiteko gogorik bai? Edo harrietan buru-belarri?

Harrietan buru-belarri. Harriarekiko jakin-mina izan dut beti. Gustatzen zait aizkolariak-eta ikustea eta eurekin harreman oso ona daukat, baina nik harria dut gustuko eta hori daukat buruan.

Maiatzaren 30eko Bergarako erakustaldiaren ondoren, bertan geldituko zara?

Familiarekin bazkaltzeko elkartuko naiz, eta gero, ikusiko dugu...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak