Errekorte ikuskizun bi, parrandazaleentzako eta gaupasan dabiltzanendako bigantxak, kuadrillen arteko olinpiadak eta errekortarien edo izkingileen eskola ibiltaria hartuko ditu zezen-plazak. "Zezenik ezin daiteke falta Bergarako jaietan. Ordainpekoak diren jaietako ikuskizun bakarrak dira, eta jende gehien batzen dutenak. Bete egiten da plaza; egitarau osatuena prestatzen saiatzen gara", esan du Iñigo Almorzak.
Sarrerak erosterakoan ilarak saihesteko eta haiek gabe ez gelditzeko aurrez eskuratzeko aukera emango dute aurten ere: "Jaiak hasi baino pare bat egun lehenago ikuskizun guztietarako sarrerak salgai jarriko ditugu zezen-plazako leihatilan. Iaz oso ondo funtzionatu zuen, eta aurten berdin egingo dugu".
Errekortarien txapelketa
Zazpi ikuskizun izango dira Pentekoste jaiotan zezen-plazan; lehenengoa, zapatuan. "Maila handiko errekortari txapelketa izango da. Hamabi errekortari arituko dira; lau Euskal Herrikoak, lau Valentziakoak eta lau Gaztela eta Leongoak. Truke moduko bat antolatu dugu. Orain, haiek datoz gurera, eta gero, gu joango gara Valentzian eta Gaztela eta Leonen jokatuko diren txapelketetara. Maila handiko errekortariak etorriko dira kanpotik, baina ez dugu hemen inoren inbidiarik. Anartz Almorza (Bergara), Ander Gallastegi (Durango), Jon Maiztegi (Bergara) eta Gorka Santamaria (Soraluze) arituko dira. Anartz Almorza, esaterako, orain bi aste bukaera izan zen Niza ondoko herri batean, Picassoren heriotzaren 50. urteurreneko ekitaldien barruan antolatutako errekorte txapelketa batean, eta finalera heldu zen", azaldu du Bergarako Zezenak ganadutegiko arduradunak.
Haren esanetan, polita izango da ikustea zer-nolako estiloak eta egiteko moduak dauden alde batetik bestera. "Lekuan lekuko berezitasunak daude. Gaztela eta Leonen errekorte klasikoa egiten dute gehiago; Valentzian ere badituzte beraien ezaugarriak. Hemen bestelako saltoak, izkin egiteak eta figurak egiten dira".
Txapelketarako zezenak Nafarroatik ekarriko dituzte, Mendabiako Estenaga ganadutegitik. "Maila horretako txapelketa baterako tamaina bateko zezenak behar dira, eta sekula plazara irten ez direnak. Lau behar dira, gainera. Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, gaur-gaurkoz, guk ez dauzkagu", esan du Almorzak.
Errekortarien ikuskizuna
Domeka arratsaldean, Euskal Herriko errekortariekin egindako ikuskizuna izango da zezen-plazan. "Etxeko mutilak izango dira denak: Unai Arana Xurra, Blas Cruz, Anartz Almorza, Jon Maiztegi, Sergio Zapatero... Hamar bat lagun, eta publikotik ere aterako dugu bateren bat. Ikuskizun horrek bi zati izaten ditu: bata, formala; eta bestea, komikoagoa –kulunkarekin eta abar–. Iaz berreskuratu genuen, eta harrera oso ona izan zuen. Berriz egingo dugu aurten".
Kuadrillen arteko olinpiadak
Eta herriko gazteen artean arrakastatsuenetakoak asteleheneko kuadrillen arteko olinpiadak dira. "Sortzen den giroak ez du parekorik, eta gero eta jende gehiago etortzen da. Itzela da", dio Almorzak. "Egiten hasi ginenean jendea bildu ezinik ibiltzen ginen, eta orain, gainezka gabiltza urtero. Baina guk ez dugu inor kanpoan uzten. Bigantxak egiten du aukeraketa. Kuadrilla bakoitzeko ordezkari bana jartzen da plazan uztai baten barruan, eta guk bigantxa askatzen dugu. Uztaitik irteten dena kanporatuta gelditzen da, eta sei taldek egiten dute aurrera. Selekzio naturala esaten diogu guk".
Hortik aurrera hainbat joko egiten dituzte eta kuadrilla irabazleak 300 euroko saria eskuratzen du erosketa-bonutan. "Ez dakigu oraindik ze joko izango diren aurten, baina sorpresak egongo direla seguru".
Parrandazaleentzako eta gaupasan dabiltzanendako bigantxak domeka eta martitzen goizean izango dira, 09:00etan. Errekortari eskola ibiltaria, berriz, martitzen arratsaldean egingo dute, eta 16 urtetik gorako gazteendako izango dela jakinarazi du Almorzak.
Zezen-plazako ikuskizunak
MAIATZAK 27, ZAPATUA
- • 18:30 Errekortari txapelketa.
MAIATZAK 28, DOMEKA
- • 09:00 Bigantxak.
- • 18:30 Euskal Herriko errekortarien ikuskizuna.
MAIATZAK 29, ASTELEHENA
- • 12:00 Kuadrillen arteko XIII. olinpiadak.
- • 18:30 Bigantxak gaztetxoendako.
MAIATZAK 30, MARTITZENA
- • 09:00 Bigantxak.
- • 18:30 Errekortadore eskola ibiltaria gaztetxoendako.