Andoni Basterretxea: "Jendeak betiko kantak gura ditu, baina baditugu berriak ere"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 25a, 15:00

Andoni Basterretxea, Mutrikun.

Ia lau hamarkadaren ostean disko batekin itzuli den Delirium Tremens taldeak Euskal Herriko hainbat plaza zeharkatu ditu dagoeneko, eta beste asko ditu zain. Maiatzaren 26an, egubakoitza, Bergaran egingo dute geldialdia, 23:00etan, San Martin plazan. Emanaldirako "gogotsu" azaldu da Andoni Basterretxea abeslaria (1964, Mutriku).

2022ko maiatzean Hordago diskoa kaleratu zuen Delirium Tremens eraberrituak, eta, ordutik, gelditu barik ari dira; garai berriaz gozatzen ari direla aitortu du Basterretxeak.

Oraintxe, maiatzean, Hordago diskoak urtebete egin du. Ze harrera izan du?

Oparoa izan da azken urte hau, kontzertu dezente egin ditugu diskoa argitaratu genuenetik eta diskoak izan duen harrera ona izan da; jaso ditugun iritziak, behintzat, positiboak izan dira. Beraz, pozik gaude.

Ia 40 pasatu diren arren, Delirium Tremensen esentzia mantentzen da disko horretan. Hala esango zenuke zuk ere?

Bai, guk ere hala uste dugu, eta hori gura izan dugu, gainera. Iñigo [Muguruza] ez dago gurekin, baina disko berriko abestiek, oro har, Delirium Tremensen soinua dute, eta hori gura dute zaleek.

Abestien bidez esan nahi duzuen hori asko aldatu da, esaterako, Ikusi eta ikasi-tik Hordago-ra?

Ezetz esango nuke. Azken finean, letrek betidanik islatu izan dituzte gure burutazio eroak, kritika sozial batzuekin osatuta. Azken diskoa ere halakoa da, eta plazaratu gura ditugun mezuak ez dira aldatu.

Askotan galdetuko zizueten zergatik itzuli den taldea hainbeste urteren ostean...

Bai, eta guk beti gauza bera erantzuten dugu. Iñigo Muguruzaren omenaldirako batu ginen. Hark parte hartu izan zuen talde guztiek jotzea zen asmoa, eta gu ere elkartu egin ginen omenaldi hura prestatzeko. Lau kanta jo genituen eta taldekide batzuk berotu egin ziren, bueltatu egin behar genuela esanez. Lasai hitz egin ostean, itzultzea erabaki genuen, baina patxadaz hartuta: kantu berriak prestatu, grabatu eta, gero, kaleratu.

Nolakoa ari da izaten itzulera?

Gustura ari gara. Beti gustatu izan zaigu jendaurrean jotzea, eta garai berri honetaz disfrutatzen ari gara. Hilean pare bat kontzertu egiten ari gara; pozik gaude.

Ze diferentzia dago 90eko hamarkadako eta gaur egungo kontzertu baten artean?

Batez ere, zaleen adinean dago diferentzia. Lehen, guztiak gazteak ziren; eta orain, ez.

Nostalgiko asko ikusten dira?

Bai, eta hori poztekoa da.

Gaur egungo gazteengana ere iristen da zuen musika?

Baietz esango nuke. Behin, Madrilen, hango neska-mutil gazte batzuk gerturatu zitzaizkigun, sinatzeko eskatzen, eta haien gurasoengandik ezagutzen gintuzten. Hori ere polita da.

Urte hauetan guztietan zer ikusi duzu? Eta zer ikasi?

Gauza asko ikusi ditut, eta ikasi, bizitzen ikasi dut.

Beste eskarmentu batekin ikusten duzu zeure burua? Bizitzak emandako esperientziatik diharduzu?

Bai, zalantza barik. 30 urte ez dira alferrik pasatzen eta bizitza ez da bera 30 urterekin edo 60rekin. Edozelan ere, esan behar da gitarra jotzen ez naizela munduko abilena, egiten dakidana egiten saiatzen naiz, besterik ez, eta arlo jakin honetan, gurean.

Eta, adinean aurrera joanda, ahotsa gehiago zaindu behar izaten da?

Zorionez, ahotsak ez dit lanik ematen eta ez dut zaindu beharrik izaten. Zaindu gabe ere, betiko moduan ateratzen zait.

Taldekide berriak dituzue: Mikel Kazalis eta Haritz Harreguy. Zer moduzkoa da elkarlana?

Haritz diskoa grabatzen hasi ginenean hasi zen gurekin. Lehenengo bi kantak hirurok grabatu genituen. Baxu-jole bat ere falta zitzaigun, eta Mikeli esan genion. Gure proposamena onartu zuen, eta hura taldean izatea ere gozamena da. Ondo konpontzen gara laurok.

Bergarako Pentekosteetan izango zarete. Zer aurkituko du kontzertu horretara doanak?

Saiatzen ari gara kontzertu dinamikoak egiten, arinak. Alde horretatik, azken urtebetean erabiltzen ari garen errepertorioa izango da Bergarakoa ere. Beraz, gure betiko kantak entzun ahal izango dituzte; normala den moduan, gure kanta ezagunenak entzutera dator jendea, eta guk hori eskaini behar diegu, baina baita abesti berriak ere.

Animatu daitezela, beraz, nostalgikoak eta baita gazteak ere.

Hori da. Etor daitezela, oso ondo pasako dugu-eta elkarrekin.

Etorkizunera begira, beste diskoren bat aterako duzue? Geratzeko etorri da Delirium Tremens?

Bai, gelditzeko asmoarekin bueltatu gara, gu aspertu arte edo jendeak plazetatik bota arte, eta, gelditzen bagara, kantu berriak sortzeko da. Oraindik ez dakigu ze formatutan kaleratuko ditugun, gaur egun diskoak ez direlako hainbeste saltzen, baina gauza berriak sortuko ditugula, seguru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak