Maiatzaren 5etik aurrera, zabalik dago Bergarako Aroztegi aretoan Euskal Herrian egindako motorren eta belomotorren erakusketa. Inaugurazio-ekitaldian "pozik" agertu ziren motor denak zaharberritu dituzten Miguel eta Agustin Lazpiur anaiak.
Espainiako gerra zibiletik 80ko hamarkadara arte Euskal Herrian egindako hogeita bost motor, ziklomotor eta belomotor daude ikusgai Aroztegi aretoan. Hainbat lantegitako makinak ikusi ahalko ditu erakusketa bisitatuko duenak, baita garai bateko argazki ugari ere. Lazpiurren esanetan, Euskal Herriko ia motor guztiak daude erakusketan: "Bakarrik bi edo hiru motor falta dira, zaharberritu ezin izan ditudanak. Ibarraldean, Zarautzen, edo Tolosako tailer txiki batean egindako motorrak daude, eta niretzako hori da garrantzitsua".
Bergarako Udalak antolatutako erakusketak jendaurrean jarri nahi izan du motor eta belomotor horiek egiten aritutako jendeak egindako lan aparta. Zentzu horretan, Agustin Lazpiurrek egin duten lana azaldu du: "Motorrak, orokorrean, apurtuta egoten dira. Eta lehenengo gauza informazioa topatzea izaten da, ahal dena, izan ere, ez dago informazio handirik. Gero poliki-poliki konpontzen joaten naiz, eta bukatzeko piezak egiten ditut, motorra margotzen dut, muntatu eta azkenerako martxan jarri".
Inaugurazioan jende asko batu zen Aroztegi aretoan. Gorka Artola Bergarako alkatea ere bertan izan zen, eta motor-zalea izanda, horrelako erakusketa bat herriarentzat luxua dela adierazi zuen: "Ni motor-zalea naiz, eta bakoitzak bere esangura dauka. Seguru asko jendearentzat orokorrean ezagunak izango direla Lambretta, Mobylette, BHa, eta beste asko ezagunak ez direnak gaur egun, baina bakoitzak bere istorioa dauka. Uste dut, Euskal Herrian izandako ondarea eta bakoitzak bere istorioa edukitzea herritarrentzako ederra dela".
Maiatzaren 21era arte
Maiatzaren 21era arte ikusi ahalko da erakusketa. Ordutegia honako hau izango da; Asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik; zapatutan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.
Agustin Lazpiurrentzat erakusketak balioko du Euskal Herrian egindako lana gazte zein helduei erakusteko: "Niretzako, bai jende gazte eta bai helduei Euskal Herrian zer egin den erakusteko balioko du, konturatzeko zer lanketa egin den, niretzako hori da garrantzitsuena. Nik horregatik ekarri ditut. Eskerrak alkateari hau ipintzeagatik". Aurkezpena eginda, orain erakusketaz gozatzea tokatzen da.