Epai-mahaia honako hauek osatu dute: Udaleko berdintasun, prebentzio, komunikazio eta kultura sailetako ordezkari banak, jai batzordeko ordezkari batek, eta Beart elkarteko bi kidek. Epai-mahaikideek nabarmendu dute jaietako pertsonaia nagusia, Bitorianatxo, zentroan jarri izana, emakumea erdigunean jartzearekin lotuz. Irudiaren argitasuna eta duen presentzia ozena izan da beste argudioetako bat. Proposamen ausarta eta desberdina izan dela ere aipatu du. Konposizioari dagokionez, eta aurretik aipatutakoei lotuta, ausardia aipatu dute. Zentrotik ertzetara modu erradialean eraikitzen diren, aurpegia eta bere xerloak, eguzkiaren inbokazioa dirudite. Sinbologikoki solstizioa aipatu nahia iradokitzen duela.
Pozik hartu du Aitor Zengotitabengoak albistea. Egin duen lanean iradoki nahi izan duena galdetuta, honako hau esan du: "Aurtengo kartela ez da beharbada historiako alaiena edo parrandazaleena, baina mezu garbi batekin blaitu nahi nituen kartela eta Pentekoste jaiak, antolaketa argi bat eta begirada sakon bat erabilita".
Eta honako hau gaineratu du: "Aurtengo kartelak Bitorianatxo dakar erdigunera; ez panpina bat, ez objektu bat, emakume indartsu eta borrokalari bat baizik. Honek, eguzkiak eguna eta argia dakarren bezala, festa aske eta zoriontsuak ekarriko dizkigu, baina kontuz gero, hau zapuzten saiatuko den edonor harri bilakatuko baitu bere begiradak. Jaiaren izpi eta sugeak Bergarako bazter guztietara heldu daitezela! Gora Pentekoste herrikoi, aske eta feministak!!!"