Azaldu zuenez, entzute ariketak egiten aritu dira azken asteetan herritarrekin, izan ditzaketen kezken eta arazoen berri jasotzeko, eta jakinarazi zuen bilgune horietan jasotakoa txertatzen saiatuko direla programan. Haren arabera, asko izan dira bildutako kezkak, baina, batik bat, landa auzoetan bizi direnenak izan ditu gogoan. "Deskonexio bat dago landa auzoen eta udalaren artean, eta hori konpondu egin behar da, landa guneetako auzotarrak ere bergararrak direlako. Gogor egingo dugu lan behar dituzten zerbitzuak izan ditzaten".
Hamar puntuko programa
Bergarako EAJk hamar puntu landu ditu programan, eta datozen egunetan emango du horren berri. Aurkezpenean, ordea, bost aipatu zituzten: gazteen egoera, mugikortasuna, zaintza, sustapen eta garapen ekonomikoa eta kultura. Eta, hain justu, azken horretan egin zuen azpimarra alkategaiak, Bergara kulturalki "oso garrantzitsua" dela nabarmenduta eta "mugimendu handia" dagoela. Bada, hori guztia bilduko duen leku baten beharra dagoela azaldu dute. "Uste dugu hori posible dela. Noski, gestioa egin beharko da, baina aurreikusten dugu Miguel Altuna zaharra, Elementaleko eraikina, izan daitekeela kultur talde ezberdinen kokaleku bat; hori positiboa da kokapenarengatik zein elkarren ondoan egotetik".
Gazteei dagokienez, uste dute udaletik badagoela zer egina euren emantzipazioan laguntzeko; zaintzan, berriz, "pertsonek dituzten beharrak asetzeko" lan egingo dutela adierazi du, eta, sustapen eta garapen ekonomikoan, "enpleguak sor dezakeen aberastasuna herritarren artean banatzea" funtsezkotzat jotzen dute. Azkenik, mugikortasunean, aparkalekuen egoera izan dute gogoan, uste baitute "falta" dagoela; beraz, horri irtenbidea emateko konpromisoa hartu dute.
EAJren "eredua"
Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urola barrutiko zerrendaburua Gipuzkoako batzar nagusietarako ere aurkezpenean izan zen. Adierazi zuenez, "EAJ alderdi abertzale bat" da, eta "abertzaletasunak nahitaezko ditu konpromiso politikoa eta balore komunitarioa": "Denok gara herri bereko seme-alabak, eta, ahal duenak, ahal duena eman behar du, eta behar duenak, behar duena jaso".
Haren arabera, justizia sozialari dagokionez, "inor atzean uzten ez duen politika da" alderdi jeltzalearena, "gizarte babes sistema hobetzen jarduten" duena, baina ez hori soilik: "Ereduak bi alde dauzka, justizia soziala eta garapen ekonomikoa: gure industriaren alde eta gure ekonomiaren alde lanean jarraitu behar dugu, hartara herri aberastasuna eginez, gero erakunde publikoetatik justizia sozial hori egiteko eta banatzeko modua izan dezagun".