Hitzarmenak jasotzen duenez, bi aldeak elkartzen dituena da lurren zaintza, baso lur publikoen kudeaketa jasangarria, bertako espezieen aldeko politiken sustapena eta, azken finean, ingurumenaren zaintza bultzatzeko nahia.
EH Bilduren babesa, "gobernantza eredu berrietan" oinarrituta
Lau urteko hitzarmenaren aldeko botoa eman zuen EH Bilduk, Kukubasoren lana gorapaitzearekin batera. "Gobernatzeko beste eredu baten sinisten dugu eta gobernatzeko eredu berri horrek eskatzen du administrazioak leku egin behar diola eragileei eta norbanakoei. Kukubasok egin duen lana handia izan da. 2021ean eratu zen elkartea, oso gaztea da, eta tarte honetan ikusi ahal izan dugu auzolanaren eta sentsibilizazioaren bitartez nolako lana egin duten norbanakoekin, nolako lana Udalarekin batera, besteak beste, basoen erosketetarako deialdietan edota aholkularitzan. Benetan lan serioa egiten duten eragileak ditugu Bergaran eta zoriontzekoa eta eskertzekoa da hori. Hitzarmen honen bidez beste lau urte jarraituko dugu lan Kukubasorekin", adierazi zuen EH Bilduko eledun Nagore Iñurrategik.
EAJren abstentzioa, "Udal Gobernuaren kudeaketari"
EAJk ere goraipatu eta eskertu zuen Kukubasoren lana baina abstentziora jo zuen, Udal Gobernuak basogintzaren gaineko oinarri politikorik ez duela argudiatuta. "Boluntarioen lana goraipatzekoa eta azpimarratzekoa da, kasu honetan basogintzaren eremuan egiten dihardutena. Hala ere, abstentziora jo du Udal Gobernuaren kudeaketari begira. Alkateak askotan aipatu ditu gobernatzeko eredu berriak eta bat gatoz eredu berri horietara ere egin behar dela esaten denean, baina ezin dugu ahaztu oinarri politiko batzuk finkatu egin behar direla. Baina hori da galdegiten duguna: zeintzuk dira basogintzarako oinarriak gobernu honentzat?", esan zuen EAJko bozeramaile Maite Agirrek.
Kukubasokoak "penaz", ez zelako aho batez onartu
Kukubaso elkarteko Joseba Zuzaetak ere hartu zuen hitza bilkuran. Aipatu zuen Kukubasok urte hauetan Udalarekin elkarlanean egin duen lana eredu hartzen dutela beste herri batzuetan, eta balioan jarri zuen orain arte gaiari lotutako erabakiak aho batez hartu direla. Oraingoan hala ez izatea "penaz" hartu dutela esan zuen Zuzaetak, besteak beste.
Bilkuran beste gai batzuk ere landu zituen udalbatzak, aho batez onartu zirenak. Horien artean dago, besteak beste, Elorregiko biribilgunean autobus geltoki eta komun berriaren mantenurako eta kudeaketarako lankidetza hitzarmena.