Aladji Sarr: "Niretzat gakoa izan da umetan euskaraz ikasi izana"

Miren Arregi Amasorrain 2023ko api. 5a, 09:00

Bost anai-arrebako familia bateko seme da Aladji Sarr. Senegalgo hiriburuan jaio zen, Dakarren, eta beti ezagutu du aita hara eta hona joan-etorrian. "Euskal Herrian lan egiten zuen, itsasoan", dio.

Aladji Sarrek 10-11 urte zituela, familiak Euskal Herrira egin zuen, Dakar utzita. Bizkaiko Etxebarrira joan ziren lehenik. "Ez dut aldaketa traumatiko moduan gogoratzen. Umea nintzen, eta umetan errazago onartzen dira aldaketak. Gogoan dut ezer ez ulertzearen frustrazioa, hori bai. Baina Etxebarri herri txikia da, berehala euskaraz ikasi genuen, lagunak ere azkar egin genituen, eta orduko oso oroitzapen politak ditut", nabarmendu du. Bospasei urtera etorri zen familia Etxebarritik Bergarara. "Hura bai izan zela gogorra. Lagunak nituen, ingurura eginda sentitzen nintzen... Bigarren aldaketa hura oso gogoan dut, baina uste dut ordurako euskaraz jakiteak lagundu egin zidala. Niretzat gakoa izan da hizkuntzarena".

Hemen hangoa, eta han hemengoa

Senegaldarra da Aladji Sarr, baita Bergarakoa ere. "Nik beti esaten dut senegaldarra naizela, baina hemengoa ere sentitzen naiz. Hemen bizitza egina dut eta ez naiz hemendik mugituko, ni hemen hazi naiz". Bergararra izanagatik ere, etorkina izateak mesfidantza sortzen duela nabaritu du sarri Aladji Sarrek. "Lan bila ari zarenean eta beste egoera batzuetan ere bai. Aurrean duzun pertsonaren araberakoa ere bada, baina sentitu izan dut, zalantzarik ez". Legalki ere zailtasun handiak gainditu behar ditu etorkinak. "Jendeak urte asko ematen ditu paperak eskuratzeko, eta hori oztopo handia da bizimodu duina egiten hasi ahal izateko. Nik nabarmenduko nuke arlo horretan ere asko dagoela egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak