Joaldunak batetik-bestera aritu dira, azoka berriz hiru gune nagusitan banatuta, eta jendea hurbildu da gutiziaren bat erosi, animaliak ikusi, edo buelta bat ematera behintzat.
Berritasunek funtzionatu dute
Berritasunak ere izan dira Erramu-zapatuko azokaren baitan. Horietako bat izan da Jardun Euskara Elkarteak antolatutako sormen txokoa. Saioa Garitanok, Jardun Euskara Elkarteko haur eta gazte saileko arduradunak balorazio positiboa egin du: "Lehen Hezkuntzako sei mailetako haur eta gazteei sormena lantzeko aukera eman diegu; bost edo sei talde batu dira, eta gauza bitxiak eta politak egin dituzte egunerako. Zenbait eskulan egin dituzte euskarri ezberdinetan, eta, pozik geratu gara. Lehenengo aldiz egin dugu, eta, datorren urtera begira berrikuntza batzuekin ea talde gehiago animatzen diren parte hartzera".
Ganaduak eta abereak; erakusketatik erakustaldietara
Ganaduzaleak ere batu dira urtero moduan, eta, bakoitzak lau edo bost abere-buru ekarri dituela adierazi du Jose Luis Senperena ganaduzaleak: "Bergaran, behiei dagokienez, lau edo bost arrazako behiak izan ditugu, eta gero abereak. Azken bi eta hiru urtetan egon ez arren, urte askotan etorri gara azoka honetara. Ganadua badago, lanerako gogoa ere, baina, ganaduarekin lan egin behar da, eta gogoa falta da. Eutsi egin behar diogu".
Animaliak erakusteaz batera, berritu beharra ikusi dugu eta ardi-mozte saioa, behiak uztartu ditugu, zaldiak ferratzeko saioa ere badago…, eta gaur egungo neska-mutikoek oso gustura ikusi dituzte erakustaldiak. Baserri mundua eta hiritarra lotu edo batu behar ditugu, eta aukera aparta izan dugu azokan, adierazi du Iñigo Almortzak, Bergarako Zezenak ganadutegiko arduradunak.
Talo bereziak, ogitartekoak batzeko zapiak…
Ogitartekoa batzeko zapiak egiteko aukera ere izan dute txikiek, eta ez hain txikiek Erlantz Olabarriak udaletxeko arkupeetan eman duen tailerrean. Bertan, ogitartekoa modu jasangarrian bildu eta zapia berrerabiltzeko, erleengandik lortutako argizaria emango diote oihalari eta gustura aritu dira bertaratu direnak. Alkizatik etorritakoek, bestalde, talo bereziak egin dituzte; labean txigortutako irinarekin egindako taloak erosteko ilara luzeak izan dira. Izan ere, kanpotik bereziak izateaz batera, talo barruko generoa ere berezia izanda, izan dute arrakasta.
Eguerdian, azokako postuak itxi ahala, 450 lagun bildu dira Udal Pilotalekuan , eta, bertan, unean prestatutako Eusko Label oilaskoa jateko aukera izan dute.