Azoka eta beste Erramu-zapatuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mar. 31a, 12:02

Zenbait herritar Erramu-zapatuko azokan, iaz. (Argazkia: GOIENA).

Ibargarain, San Martin plazan eta Seminarixoko patioan izango dira bihar abere-erakusketak, artisau-postuak eta baserriko makinak; 2019az geroztik egin gabe zegoen herri bazkaria bueltan da, eta Jardunen sormen txokoa da berritasuna.

Bergararrek horren berezia duten Erramu-zapatuarekin hasiko dute apirila, bihar. Goizean goizetik hasi eta gauera arte egongo da zer egin herrian zehar
antolatu dituzten ekintzetan,
eta, besteak beste, ez dira faltako ohiko abelburu, baserriko produktu, artisau eta makineria, burdindegia eta landare erakusketa. Musikak ere izango du lekua egun horretan, eta etxeko-txiki eta gaztetxoentzat ogitarteko-bilgarrien tailerra nahiz sormen-txokoa antolatu dituzte.

Goizeko protagonista nagusia feria izaten da. 09:30etik 14:30era bitartean zabalduko ditu ateak, eta hiru zatitan banatuta egongo da. Alde batetik, Ibargarai kalean jarriko dituzte abelburuen erakusketa eta elikagai postuak. San Martin plazak, aldiz, 60 artisau postutik gora hartuko ditu. Artisautzaz gain, gozogintza, barazki eta kontserba postuek hartuko dute parte. Eusko Label oilasko-pintxoak dastatzeko postua ere leku berean egongo da. Egun horretan, halako postua ustiatzeko aukera ematen zaio Bergarako irabazi asmorik gabeko kultur, kirol, ongintza-elkarte edo herri-talde bati, eta aurten Aurrera kultura elkartearentzat izango dira oilasko-postuko irabaziak. Azkenik, Seminarixoko patioan kokatuko dira baserriko makineria, burdindegia, landare erakusketa, txerri-pintxoak eta Ekotaloren talo-postua.

Trafikoan aldaketak

Erdiguneko zirkulazioan eta aparkalekuetan aldaketak egongo dira bihar. Feriako postuak trabak sortuko ditu zirkulazioan. Gainera, erdiguneko kale batzuk erabat itxita egongo dira. Ibargarai kaleko 4. eta 14. zenbakien arteko bidea da horietako bat, eta goizeko zazpietatik arratsaldeko hiruretara ez da ibilgailuentzat erabilgarri egongo. Era berean, Fraiskozuri plaza ingurua ere itxita egongo da bi noranzkoetan. Udalak, bestalde, bi gune horietako aparkalekuetatik ibilgailuak kentzeko eskatu du gaur goizerako, eta zapatu goizean aparkaleku moduan erabili ahal izango dira San Martin Agirre Herri Eskolako nahiz Ipintza Institutuko patioak.

Irudimena sormen txokoan

Erramu-zapatuko klasikoa izan da gazteendako txorimalo lehiaketa, baina aurten beste era bateko ekintza antolatu du Jardun eskara elkarteak. 6 eta 12 urte bitartekoendako sortuko duten sormen-txokoa da berrikuntza: "Helburua sormena lantzea da, azokan ikusi ahalko duguna kontuan hartuta. Isla eman nahi izan diogu nekazaritzari eta abeltzaintzari. Gaia oso zabal utzi dugu, baina feriaren barruan aurkituko duten zerbait egin beharko dute, irudimena erabilita". Elkartea parte-hartzearekin gustura agertu da eta haurrek eta gazteek edozein euskarritan aurkeztu dituzte euren eskulanak –muralak, papiroflexia, txorimaloak, marrazkiak eta liburuxkak, besteak beste–. Horrekin batera, euskararen inguruko lelo, bertso edo esaldi bat aurkeztu behar izan dute parte-hartzaileek, eta hori izango da baloratu eta sarituko dutena, testu onenak 50 euro lortuko baititu.

Sormen txokoa San Martin plazan jarriko dute, Seminarixoaren ondoan, eta jasotako lan eta esaldi guztiak han egongo dira ikusgai erakusketa modura, hamabietatik ordu batera, herritar orok ikus ditzan. Jardunetik adierazi dute hurrengo urtera begira ekimenari bultzada emateko asmoarekin jarriko dutela erakusketa: "Helburua proiektua indartzea da datorren urtera begira".

Ogitarteko bilgarria egiteko tailerra

Ogitartekoa batzeko zapiak egiteko aukera izango dute etxeko txikiek Erlantz Olabarriak udaletxeko arkupeetan emango duen tailerrean. Olabarriak azaldu duenez, Udalak 200 bilgarri egiteko tela emango du. Hala ere, norberak eraman dezake bere gustuko oihal zatia: "Haurrak dira ogitartekoa jango dutenak, eta, horrela, haurrek gusturago eramango dute". Azpimarratu duenez, zapiak zenbait baldintza bete behar ditu: %100 kotoia izan eta tamainaz 30 zentimetroko karratua izatea, gutxi gorabehera.

Ogitartekoa modu jasangarrian bildu eta zapia berrerabiltzeko, erleengandik lortutako argizaria emango diote oihalari: "Erleek, eztiaz aparte, argizaria ematen digute, eta hori gauza askotarako erabiltzen da: ukenduak egiteko, kandeletan, armairuetan emateko... Gure kasuan, ogitarteko-bilgarriak egiteko erabiliko dugu. Era horretan, oihala ez da zikintzen".

Olabarriak jakinarazi du goizean zehar egingo dutela tailerra, nahiz eta egitarauan ekintza 12:00etarako deituta egon.

Herri bazkaria, bueltan

2019an egin zuten azkenengoz Txapa Irratiak eta Xaxau Konpartsak elkarlanean antolatzen duten herri bazkaria. Azken bi urteetan, ordea, pandemia dela-eta bertan behera geratu da, baina aurten normaltasunez egingo da. Berriro halako ekintza bat antolatzea "garrantzitsua" dela nabarmendu dute antolatzaileek: "Herrira begira ikusgarritasuna ematen digu". Bihar, 450 lagun bilduko dira 14:30ean Udal Pilotalekuan, eta antolatzaileak "pozik" daude otorduak izan duen erantzunagatik: "Jendea gogotsu dagoela ikusten da. Txartelak hamar minutuan saldu genituen, eta sekulakoa da hori. Beste horrenbeste pertsona zeuden zain, baina kanpoan geratu dira. Guk geuk eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, baita kanpoan geratu direnei ere. Sentitzen dugu zenbait herritar kanpoan geratu direlako, baina kopurua mugatua da".

450 lagun elkartuko dira Udal Pilotalekuan egingo den herri bazkarian

Menua aurreko urteetako antzerakoa izango dela aurreratu dute, eta elikagaietan bertako produktuaren aldeko apustua egin dute, beste behin ere. Sarrera modura, Bergarako azokako txorizo egosia eta Basatxerri-patea emango dituzte, eta plater nagusia Eusko Label oilaskoa patatekin izango da. Bergarako gozotegietako pastelak dastatuko dituzte postrean. Menu begetarianoa ere egongo da: humusa, babarrunak barazkiekin eta postrea, hain zuzen ere. Antolatzaileek jakinarazi dute aurten hogei pertsona inguruk egin dutela aukeraketa hori. Zeliakoentzat, berriz, ogia eta azkenburukoa egokitu dituzte, azken urteetan bezala. Egarria asetzeko ere, bertako edaria: txotxa –Gipuzkoako Sagardoaren bi kupel jarriko dituzte–. Azkenik, ohiturari jarraituz, bazkalostea zein frontoiko irteera girotzeaz eta herritarrak kale aldera eramateaz txaranga arduratuko da.

Bestelako ekintzak

Erlantz Olabarriaren haurrei zuzendutako tailerraz aparte, hamaiketan hasita Ekoudalatxeko kideek gidatutako ezpainetako baltsamoa egiteko tailerrean parte hartzeko aukera egongo da udaletxeko arkupeetan. Arratsaldean, berriz, zezen txikiekin jolasteko gunea jarriko dute, 16 urtetik gorakoendako, Seminarixoko patioan.

Kaleak musikaz blai

Edozein festa egunetan bezala, musikak ere izango du presentzia Erramu-zapatuan, eta Bergarako Musika Eskolako trikitilariak izango dira kaleak alaituko dituzten aurrenekoak. 10:45ean abiatuko dute kalejira. 11:30 aldera, Aurtizko joaldunak ibiliko dira Bergarako kaleetan, eta ordu berean Bergarako Musika Eskolako dantzariek emanaldia egingo dute Munibe plazan; zehazki, Zumarragako ezpata dantzan eta soka dantzan oinarritutako taldekako dantzak egingo dituzte. Arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Gesaltza txaranga ibiliko da herrian barrena, eta, hori amaitzean, Eingo taldearen Kantan ta dantzan dantzaldi-erromeria ibiltariak hartuko du lekukoa. San Martin plazan hasi eta Irala kalean nahiz Simon Arrieta plazan geratuko dira. Euria bada, Munibe plazan izango da. Zuberoako Xiberoots taldeak emanaldia egingo du Munibe Plazan eta gauerditik aurrera DJ Argi eta KO.-k musika jarriko dute Arrano tabernan.

Erlazionatuak

Bergarako Erramu Zapatuko egitaraua, prest

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023 mar 27 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak