EH Bilduk alde botoa eman zion proposamenari, atzo bertan aho batez onartu zen zaintza planarekin lotura eginda. "Inportantea iruditzen zitzaigun herritarrek aurkeztutako mozioari lekua egitea; egin duten irakurketa oso interesgarria izan da, paperak jartzen dira pertsonen aurretik. Eta hori ezin dugu gizarte moduan ulertu [...]. Zaintzaren munduko egoerak emakume irregularizatuaren aurpegia dauka; beti egon da gaia gure agendan. Horrenbesteko indarra eta herritarren babesa lortu duen ekimen honekin bat egin behar genuen", adierazi du EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik.
EAJren mozioa, Legebiltzarreko adostasunean oinarritua
Espainiako kongresuak berretsi beharreko lege organiko honek EAJren, EH Bilduren, alderdi sozialistaren eta Podemosen babesa jaso zuen Eusko Legebiltzarrean eta eta mozio hori izan zen EAJk aurkeztu zuena; Regularizacion Ya! taldeak aurkeztutako mozioaren aurrean abstenitu egin ziren jeltzaleak, edukiarekin bat egiten duten arren. "Legebiltzarrean gai horren inguruko adostasuna lortzea oso garrantzitsua zen guretzat eta horregatik ekarri dugu Bergarara. Bergaran beste norabide batzuk izan dira botoetan... Bat gatoz Regularizacion Ya! taldearen aldarrikapenekin", adierazi du EAJko bozeramaile Maite Agirrek.
Alderdi sozialistak, berriz, bi mozioen kontra bozkatu zuen. "Espainiako konstituzioak babesten duen lege organiko bat da eta horrek suposatzen du gaur egungo gehiengoa baino babes handiagoa beharko genukeela Madrilen. Gehiengo handiago bat beharko genuke, eta ez dakigu egunen baten babes hori izango dugun. Bestetik, Europako arautegira nola egokitu ere aztertu behar dugu, gaur egun atzerritartasunarekin zerikusia duen guztia Europarekin bat etorri behar delako. Beraz, auzia ez da horren erraza promesak egiten jartzeko; egungo legedira egokitu beharra dago.", uste du PSE-EEko eledun Alberto Alonsok.
Zaintza plana, "lehen urrats bat"
Esandako moduan, aho batez onartu zen zaintzen krisiari aurre egiteko lehen ekintza plana. Udal Gobernuaren arabera, garaia da zaintzaren gaia agenda politikoaren erdigunera ekartzeko, are gehiago pandemiaren ondorioak ikusi eta Martxoaren 8ko aldarrikapenekin bat egin ostean. "Pauso txiki bat da, baina lehen aldiz modu ordenatu eta sistematiko baten erdigunera dator gaia eta badago agenda bat zaintza plana gauzatzeko. Plana sortu den modu berean gauzatuko da, norbanako eta eragileekin elkarlanean. Gai batzuk Udalaren eskumenekoak izango dira neurri handi baten baina beste batzuk elkarlanean egingo dira herritarrekin batera", dio Iñurrategik.
Oposizioak begi onez ikusten du zaintza plana abiatu izana baina mesfidati ere badaude, diotenez, agintaldiko enegarren plana delako.
Bestalde, adikzioen prebentziorako tokiko plana ere onartu zen aho batez, 2022tik 2026ra arteko epealdia hartuko duena.