Ametsa errealitate bihurtu zenetik 50 urte

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mar. 24a, 10:03

Andres Fernandez eta Miguel Angel Ibarzabal, martitzenean, Gure Ametsan. (Argazkia: I.A.A.).

50 urte beteko ditu bihar San antonio auzoko gure ametsa elkarteak, eta, ospakizunen barruan, Andres Fernandez eta Miguel Angel Ibarzabal bazkide-fundatzaileak omenduko dituzte; bien testigantzekin elkartearen xehetasunak jaso ditu GOIENAk.

1973ko martxoaren 25ean zabaldu zituen ateak San Antonio auzoko Gure Ametsa elkarteak, 50 bazkiderekin. 30 bazkide inguru dira gaur egun eta horietatik Andres Fernandez eta Miguel Angel Ibarzabal dira sorreratik kide fundatzaile direnak. Bihar, elkarteak 50. urteurrena ospatuko du eta bi
bazkideek omenaldia jasoko
dute. Argi daukate ez dutela ezer egin omenduak izateko: "Ez dugu meriturik egin. Egin dugun gauza bakarra urteak betetzea izan da".

Elkartea dagoen lekua Etxebarrikua baserriaren ukuilua zen, eta, ondoren, Tremefil trefilaketa-tailerra zabaldu zuten. Martin Arriaran –lehen presidentea– eta Jabier Ilzarbe izan ziren elkartearen bultzatzaile nagusiak, eta haiek izan ziren elkartea sortzeko pausoak eman eta estatutuak garaira egokitu zituztenak: "Bazkide izateko prest zeuden auzotarrak biltzen hasi ziren, gazte nahiz adineko. Gazteenak Juan Luis Bikuña, Jose Jabier Manso eta gu biok izango ginen".

Jesus Arregi auzotar arkitektoak egin zuen elkartearen proiektua, doan. Fernandezek azaldu du garai hartan proiektua ordaintzeko dirurik ez eta, esker
modura, ohorezko bazkide izen
datu zutela.

Izenari dagokionez, Gure Ametsa izena duten elkarte asko daude Gipuzkoan, eta horretaz jakitun ziren sortzaileak. Fernandez gogoratzen da nola esaten zuen Martin Arriaranek: "Hau gure ametsa da, gure ilusioa". Eta horrela sortu zen Sociedad Cultural Recreativa Gure Ametsa de San Antonio.

On Serafin ere bazkide

Sorrerako bazkideetako Serafin Esnaola zen, On Serafin. Gogoan du Ibarzabalek: "Hura arduratzen zen auzoko ermitaz. Gazte askori ematen zion katekesia, irteerak egiten zituzten... Argazkiak egin eta bideoak grabatzea maite zuen, eta gazteekin egiten zituen grabaketak. Hemen egiten zituzten proiekzioak, eta lokala gaztez betetzen zen". Odolean zeraman Gure Ametsa, eta Fernandezek anekdota bezala kontatu du omenaldi batean hizlariak Esnaola "Gure Ametsako bazkide" zela esan zuenean, gelditu eta "bazkide fundatzaile" zela gaineratu ziola.

On Serafin Esnaola Gure Ametsa elkartea bedeinkatzen inaugurazioan. (Argazkia: G.A.E.).

Kulturan buru-belarri

Sorreratik kultura-jarduerak bultzatu dituzte. Kultura bazkide bat gehiago da elkartean. Kultura atala dago, eta, gaineratu dutenez, "bazkide zenbakia du, bazkide batek bezala. Talde horrek kulturako jarduerak antolatzen ditu". Medikuen, kirolarien eta musikarien solasaldiak egin dituzte; Tximist espedizioa ere igaro zen, besteak beste, handik; ardo dastaketak ere egin dituzte. Era berean, zenbait kofradia eta talderen egoitza soziala izan da; tartean, Bergarako Errelleno eta Tostoien Kofradiarena eta Bergarako Zezen-lagunakena.

Gaur egun ere antolatzen dituzte jarduerak, eta horietako batzuk dira urteroko pella eta torrada ikastaroa, Napar Feria eta Gabonetan On Serafinen
omenezko postal lehiaketa.

Auzoarentzat lanean

Auzoko festetako sustatzaile izan da Gure Ametsa, beste auzotar batzuekin batera: "San Antonioko festa batzordearentzat oso garrantzitsua izan da elkartea. Hemen egiten ziren bilerak, hemen antolatzen zen dena". Danborrada propioa egiten zuten, esaterako. San Antonio Txirrindularitza Saria ere antolatu izan dute, "beti" Lokatzaren laguntzarekin: "Hemen banatzen ziren dortsalak; gero, txirrindulariak hona etortzen ziren... Lehen, profesionalen lasterketa zen".

Eman bakarrik ez, jaso ere egin dute. Udal Txistulari Bandako zuzendari zen Ramon Etxanizek ereserkia konposatu zien, eta Urretxindorrak taldeak ere
abestia idatzi zien. Azken diskoan
dago jasota, eta lan horren aurkezpena elkartean egin zuten.

Elkarteen gainbehera

Orokorrean, elkarteetako mugimendua jaitsi egin da, eta nabaritu dute: "Duela 40 urte, arratsaldeetan, musean jarduten genuen, beste batzuk meriendatzera etortzen ziren... Orain, ospakizunenetan dator jendea, eta orduan betetzen da. Jendea ez da etortzen janaria prestatzera; kanpotik ekartzen du eta listo. Bizimodu aldaketa gertatu da, eta elkarteen gainbehera".

50. urteurrena ospatzeko zenbait ekintza bihar

Bihar beteko ditu 50 urte Gure Ametsak, eta egitarau berezia antolatu du. Eguaztenean hasi zuten ospakizuna, Alex Txikonek egin zuen Mendia lehen eta orain solasaldiarekin.

Zapatuko egitaraua

Bihar izango da urteurrenaren eguna, eta hamaiketakoarekin hasiko dute goiza. Ondoren, hildako bazkide guztien aldeko meza egingo dute ermitan. 13:00etan Bergarako Musika Eskolako Orkestrak kontzertua eskainiko du plazatxoko karpan, eta horren ostean, 14:00etan, batzar orokorra egin eta Miguel Angel Ibarzabal eta Andres Fernandez omenduko dituzte. Amaitzeko, bazkaria egingo dute elkartean bertan bazkide guztiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak