Nabarralde fundazioak Giza habitat ezkutatua. Ezkutatu diguten historia. Gure kontakizuna izeneko erakusketa irekiko du gaur Aroztegin (18:30) eta apirilaren 9ra arte egongo da zabalik, martitzenetik domekara bitartean, ohiko ordutegian.
Udalari hasieratik iruditu zitzaion "oso interesgarria" Nabarralderen azken erakusketa Bergarara ekartzea. "Historia liburuetan jasota ez dagoen eta erakutsi ez diguten gure historia kontatzera dator. Ikasleekin bisita gidatuak ere egingo dituzte, gainera", adierazi du kultura zinegotzi Kristina Markinak.
Bisita gidatuak, sakontzeko
Bisita gidatu horien arduraduna izango da Beñi Agirre. Batetik, DBHko eta batxilergoko ikasleei begirako bisitak antolatu dituzte eta, bestetik, interesa duen edozein herritarri begirako bisitak daude. Azken horiek gaur bertan eta hilaren 31n egingo dira, 18:30ean. Paneletan esaten dena kontatu egingo du Agirrek eta bertaratutakoen galderei erantzuten ere saiatuko da.
Antzinarotik hasten da erakusketa "gure historia" kontatzen. "Habitata kobazuloak zirenean, gizakiak margotutako irudiek badute informazio maila bat. Hortik aurrera, erromatarrak, godoak, arabiar musulmanak, frankoak eta gaztelarrak etorri ziren... Konkista prozesu luze bat jasan dugu; hain zuzen ere, erakusketak oso ondo azaltzen du ze harreman dagoen konkista prozesu horietan galdutako lurraldearen eta gure hizkuntzaren galeraren artean. Izan ere, gure historian zehar euskara ez da galtzen joan euskaldunak axolagabe batzuk izan garelako, baizik eta gertaera objektibo batzuen eraginez. Mendez mende euskal habitataren kontrola galtzen joan gara", dio Agirrek.