Jabi Burgosek eta Mikel Irizarrek aspalditik zuten antzerki talde bat sortzeko asmoa, eta nahia egia bihurtu da. Duela urtebete pasatxo hasi zituen Isladak Antzerki Sozialak entseguak, eta lan horien emaitza taularatuko dute hamabost lagunek hilaren 17an, 20:00etan, Seminarixoan. Lau antzerki labur prestatu dituzte lau talde txikik, eta, tartean, Leire Moñux abeslariaren kantuak izango dira entzungai.
Gizartearen isla izateko asmoz
Bergarak kultura musikala baduela ikusi zuten Burgos eta Irizarrek; herritarrak "antzerkira afizionatzeko edo, gutxienez, interesa sortzeko zerbait sortu" nahi zutela diote: "Mundu honetara gerturatzeko zailtasunak dituztenei aukera bat ematea".
Antzerki sozial bezala definitzen dute euren burua, antzerkia egiteko zailtasunak dituzten kolektiboei ere aukera bat eman nahi baitiete. Hamabost lagunetik gorako antzerki-taldea osatu dute, Bergarako, Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako adin askotariko herritarrekin. Burgosen esanetan, "badaude kolektibo batzuk ezin dutenak parte hartu halako gauzetan. Adibidez, jubilatu batzuk dauzkagu eta batzuk lehen aldiz igoko dira oholtzara; baita downen sindromea duten bi gazte ere".
Aldi berean, mezu sozialak ere zabaldu nahi dituzte. Horregatik jarri diote Isladak izena proiektuari, "gizartearen isla" izan nahi dutelako. Irizarrek gaineratu duenez: "Oso erritmo azkarrean bizi gara, gauza txikiekin konturatu barik, duten garrantziarekin".
Lehen aldiz publikoaren aurrean
Mertxe Altube, Rosarito Garitano eta Blanca Narbaiza dira jubilatuetako hiru. Altube eta Garitano Isladakekin murgildu dira antzerki munduan; Narbaizaren kasuan, zenbait urtetan Bergarako Antzerki Musikalean hartu zuen parte.
Garitanok aipatu duenez, Mikel Irizarrek bere asmoen berri eman zion amaginarrebari, eta azken horrek lagun artean zabaldu zuen. Horrela, ahoz aho, sei emakume jubilatu elkartu ziren eta taldeetako bat osatu zuten. Narbaizak dio "saltsero" hutsa dela eta koru parrokialeko entsegu batean jaso zuela Garitanoren proposamena: "Esan bezain pronto esan nuen baietz".
Denera, lau talde eratu dira, eta, 2022ko urtarrila ezkero, astero egin dituzte entseguak. Tailerrekin hasi ziren antzerkiarekin lehen kontaktua izateko, eta uztail aldera sartu zituzten testuak. Aitortu dutenez, abuztuan soilik hartu dute atseden, eta ez dute egun batean ere hutsik egin.
Seminarixoa beteta
Azken hilabeteetako lana publiko egitea egokia zela pentsatu zuten bi sortzaileek, "hainbeste denboran" lanean jardun ostean. Hortaz, martxoaren 17an, 20:00etan, Seminarixoan izango dira ikusgai lau taldeek antzeztutako 10-15 minutuko lau mikropieza. Ia sarrera guztiak agortuta, gustura daude izandako erantzunarekin, uste baino arrakasta handiagoa izan baitu.
Horrela hasi zen dana izeneko obrarekin hasiko da emanaldia. Sei emakume jubilatu izango dira taula gainean, eta Isladak proiektuaren muina izango du ardatz: antzerkia eta elkar konbentzitzea. Rosarito Garitano eta Mertxe Altuberekin batera antzeztuko dute R. Mari Larrañagak, Conchi Arregik, M. Tere Muruamendiarazek eta Maritxu Barrenak.
Ondoren, Harold Pinterren Disturbios en la fábrica piezaren txanda izango da, eta Mikel Izurrategik eta Mikel Irizarrek antzeztuko dute. Hirugarrena Blanca Narbaizaren bakarrizketa izango da: Autobus geltokia. Dioenez, emakume "koitadu" bat du protagonista: "Aurreiritzi asko ditu, bakarrik dago, ezkorra da, amorratuta, eta triste bizi da". Azkenik, En el restaurante. Marieta Lopez de Pinedok idatzitako Diamantes de ciudad antzezlanaren zati baten moldaketa egingo dute Beñat Barrutiak, Paula Marcosek, Maren Bruñak eta Eider Sanchezek.
Halaber, antzerkiari "beste goxotasun bat emateko eta ondoren datorren piezari testuingurua emateko", Leire Moñuxek antzezlanarekin zerikusia duten abestiak kantatuko ditu.
Proiektu irekia
Hauxe diote Burgosek eta Irizarrek: "Hamabost pertsona gaude, eta badirudi denek jarraitzeko gogoa dutela. Hala ere, datorren urtera begira jendea animatzen bada eta gogoa badute, ongi etorriak izango dira".
Antzezleak bai, baina edozein ideia edota gai proposamen ere esku-zabalik hartuko dutela diote, Isladak ez baita antzezteko bakarrik: "Obrak idazteko ere bada. Norbaitek gai interesgarria badu taularatzeko, gu gertu gaude gaia hartu eta antzezten laguntzeko; baita euren esperientziak kontatzeko ere".
Horrekin batera, eskerrak eman nahi dizkiete Isladak proiektu sozialean parte hartu duten guztiei, baina proiektua osatzen dutenei ere: "Eduki duten jarrera, jarri duten ilusioa, esfortzua eta hartu nahiz bete duten konpromisoa ikaragarria izan da. Puntu honetan gaudela, oso gustura gaude emaitzarekin, sortu dugunarekin, eta hurrengo egubakoitzeko ekitaldia polita izango dela uste dugu".