Denisse Guillen: "Klaseko beste neska eta biok gara zorrotzenak tornuan lanean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ots. 28a, 17:42

Espainiako Lanbide Heziketa ikasleen arteko tornularien lehiaketa irabazi du Guillenek; jaso dituen deien artean, GOIENArenak harritu du gehien: "Ez nuen espero albiste izatea".

"Tornulari izan nahi dut, argi eta garbi". Miguel Altuna Lanbide Heziketako Denisse Guillen ikasleak oso argi dauka zein izan nahi duen etorkizuneko ofizioa. 2004an Ekuadorren jaioa, 2005ean etorri zen Bergarara. Goi Mailako Mekanizatuen bigarren ikasturtea dabil egiten orain, "oso gustura". Nahi barik bihurtu da albiste, Santanderren (Kantabria) jokatutako Espainiako Lanbide Heziketako ikasleen arteko tornularien lehiaketa irabazi zuen-eta joan den asteburuan. Elkarrizketarako "urduri" badago ere, gustu handiz erantzun ditu galderak.

Zorionak! Pozik egongo zara, ala?

Oso pozik. Irakasleak proposatu zidan lehiaketan parte hartzea eta animatu egin nintzen. Aldez aurretik asko entrenatu nintzen tornuan, eta, eguna heldu zenean, dakidana egin nuen. Ez nuen espero saria irabaztea; oso berezia izan zen.

Zertan oinarritu zen lehiaketa? Zein izan zen egin beharreko lana?

Pieza nahiko konplikatu bat egin behar izan nuen, hainbat detaile zituena. Denetarik zuen piezak eta gehienez hiru ordu nituen bukatzeko. Baldintzetako bat zen tolerantzia barruan joan behar zutela neurri guztiek.

Tornuez ezer gutxi dakienari begira... zer da tolerantzia?

Neurri guztiek oso zehatzak izan behar dutela esan nahi dut, marjina oso txikia dagoela akatserako. Hain zuzen ere, saria eman zidatenean, nire piezak zuen zehaztasun maila handia goraipatu zuten, ezaugarri guztiak neurrien barruan zeudela. Lanak ondo eta azkar, gainera. Bai. Hiru ordu eman ziguten pieza osoa amaitzeko eta bi ordu eta erdian amaituta nuen. Hura ere oso pozgarria izan zen.

Zorion-mezu asko jaso dituzu azken egunotan?

Eskolan hainbatek zoriondu naute; badakit, adibidez, nire inguruko ikasle gehienak harrituta geratu direla pieza horren ondo eta azkar bukatu nuelako. Tolerantzia-maila horrekin eta tornu konbentzional batekin emaitza hori lortzeko esku ona behar da.

Nori eskaini nahi diozu saria?

Miguel Altunari, inongo zalantza barik. Eskolan une oro izan dudan babesagatik ez balitz, hau guztia ez zatekeen posible izango. Argi daukat, Miguel Altunan etxean bezala sentitzen naiz; izugarri eskertuta nago.

"Miguel Altunari eskaini nahi diot saria; etxean bezala sentitzen naiz hemen"

Zer behar da tornulari ona izateko? Zer da garrantzitsuena ofizio horretan, zure ustez?

Prozesua da garrantzitsuena. Egin nahi duzuna nola egin behar duzun hasieratik jakin behar duzu ondo; ze erreminta erabili, piezaren ezaugarri zehatzak zeintzuk diren... Zehatza eta zorrotza zara, beraz. Perfekzionista naiz. Pieza bat egin behar badut, mimo handiz egiten dut, ahalik eta ondoen irten dadin. Tornuarekin lan egitea izugarri gustatzen zait.

Oso maskulinoa den ofizioa da tornulariarena; uste duzu etiketa hori apurtzeko unea dela? Zergatik?

Bai, erabat. Edonork egin dezakeen ofizioa da; ikasteko eta lanerako gogoa behar da. Denboraren poderioz eskuak kaltetu daitezkeela? Niri bost axola. Baina argi daukat: tornuak ere ez du generorik.

Oraingoz, baina, mutilak nagusi.

Beste neska bat ere badago klasean. Eta honela esango dut: tornuan gu gara finenak edo, behintzat, lardaskeria gutxien egiten dutenak [Barreak].

Gustura ari zara Miguel Altunan?

Oso gustura. Irakasleak oso onak dira, oso gertukoak, eta laguntzeko prest daude beti. Asko ikasten ari naiz; gaur bertan [eguaztena] bi azterketa izan ditut eta biak gainditu ditut.

Tornuaren bueltan ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Erabat. Tornu mota asko daude eta batzuk dagoeneko erabiltzen badakit. Izan ere, Miguel Altunan ikasten ari naizenaz gain, asko ari naiz ikasten Bergarako Elursa enpresan; han ari naiz praktikak egiten eta badakit oso pozik daudela nirekin. Elursa sortu zuena Miguel Altunako ikasle izan zen bere garaian; ea niri ere horren ondo doakidan...

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak